GuraSOSek antolatutako mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Amarako Araba parketik Alderdi Ederreraino .Hondakinen aferari irtenbide bat eman eta adostasunak lortu nahi dituzte

Zubietako herritarrak erraustegiaren aurka. (Argazkia: Zubieta Lantzen)
Zubietako herritarrak erraustegiaren aurka elkartu dira berriro. Giza katearekin, argazki herrikoiarekin, eta beste hainbat aldarrikapenekin euren ezezkoa adierazi dute beti. Herri galdeketan ere euren jarrera argi geratu zen: Zubietarren %64,7k eman zuen botoa, eta horietatik %99,6k ezetz bozkatu zuten, ez zutela erraustegirik nahi.
Zubieta Lantzen taldeak gutun bat argitaratu du gipuzkoar guztien elkartasuna eta konpromisoa eskatuz: «Ziur gaude zuek ere ez duzuela nahi besteentzat zuentzat nahi ez duzuen hori».
Errauste planta egiteak eragingo dituen ondorio ekonomikoen eta osasun arazoen inguruko informazio argirik ez dela eman salatzen dute. Eta erakunde publikoen jarrera ere kritikatzen dute: ez Donostiako Udalak eta ez Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dutela zubietarren iritzia kontuan hartu salatu dute.
Jendartearen eskaerak aintzat hartuta, erraustegiaren lizitazio prozesua gelditu eta hondakinak inori kalterik sortu gabe kudeatzeko sistema bat aztertzea eskatzen dute.
Aurpegi ezagunak ere bai
Bestalde, herritarren osasuna babestuko duen irtenbide bat adosteko, eta hondakinen eta erraustegiaren inguruan «benetako eztabaida bat» sortzeko eskatu dute Realeko Asier Illarramendik eta Imanol Agirretxek. Sare sozialetan zabaltzen ari den bideo baten bidez, bat egin dute GuraSOS elkarteak egingo duen mobilizazioarekin, baita Garbiñe Biurrun abokatuak eta Gorka Otxoa aktoreak ere.
Hondakinen aferari irtenbide bat emateko bide orri bat aurkeztu zuen manifestazioaren aurkezpenean GuraSOSek, «arazoa konpondu eta gaia liskarraren eremutik ateratzeko». Bide orri horretan, zortzi puntu nabarmendu dituzte: tartean, azpiegituren lizitazioa geldiaraztea, Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikustea, partaidetza bultzatzea eta akordio eta irtenbide partekatua bilatzea.
Aldarrikapen horiek guztiak kontuan hartuta, bihar egingo dute manifestazioa, 17:00etan. Gipuzkoa +: Eman bidea osasuna eta adostasunari lelopean irtengo dira Amarako Araba parketik, eta amaiera Alderdi Ederren izango du. Antolatzaileek argi utzi dute ez dela erraustegiaren aurkako mobilizazio bat, irtenbide partekatu baten aldeko manifestazioa dela.