Elur pilota erraldoi batek iragarriko ditu Eguberriak
Abenduaren 2an, ostirala, piztuko dituzte hiriko argiak.
Ostiralean, abenduak 2, piztuko dituzte argiak Cervantes plazan, 18:00etan. Aurtengo ikur nagusia elur pilota erraldoi bat izango da. EHUko arkitektura eta ingenieritza ikasleek diseinatu dute apaingarria. On Kixoteren estatua estaliko dute pilotarekin eta elur malutak sortuko dituzte. Su artifizialak eta gabon kantak abestuko dituen abesbatza bat ere izango dira.
Pilota erraldoiarekin batera piztuko dituzte hiriko gainerako argiak ere. Aurten 547 arku, irudi eta farola jarri dituzte; iaz baino %20 gehiago. Bi zuhaitz erraldoi ere argiztatuko dituzte aurten: iaz lehen aldiz argiztatu zuten Miramar jauregiko zuhaitza, 20 metrokoa; eta Artzain Onaren plazan jartzen duten 10 metroko zuhaitza.
Merkataritza eskaintza
Eguberritako apaingarriez gain, hiria bera gabonetako erosketak egiteko lekua izatea nahi du udalak. Horregatik, askotariko eskaintzak eta jarduerak antolatu dituzte.
Aurten lehen aldiz, gabonetako merkatu nagusia Frantzia pasealekuan jarriko dute, Santa Katalina eta Maria Kristina zubien artean. Ibaiertzean 30 bat etxola jarriko dituzte, abenduaren 5etik urtarrilaren 7a arte.
Hortaz gain, hiriko saltokietan deskontu txartelak, aparkatzeko txartelak edo bestelako eskaintza bereziak egingo dituzte bezeroak erakartzeko. Kale animazioa, emanaldiak, gabonetako ihesaldiak, asko dira jaduerak. Guztiak ikusgai daude Donostia Turismoaren Gabonetako Agendan.