Urte amaierako ekitaldien aurkezpena. (Argazkia: Donostia 2016)
2016 urtean gertatutakoari begira eta legatuari bultzada bat emanez amaituko du urtea Donostia 2016k,
gehienbat abenduaren 12tik 18ra garatuko den egitarau batekin.
Donostia 2016k
“laurogei jarduera baino gehiago izango dituen eta gehienbat abenduaren 12tik 18ra garatuko den egitarau zabal eta askotarikoa” prestatu du urte honi agur esateko.
Aste horretan, azken 15 hilabeteetako ekintza, programazio eta gertaerak eta prestakuntza-urteetako nondik norakoak bildu dituen atzerabegirakoa izango da protagonista, baita proiektuak utz ditzakeen legatuei buruzko hausnarketa ere. Gainera, Poloniako kulturak eta, batez ere, Wroclaw 2016k protagonismo berezia izango dute programazioan.
Hiriburutzaren urteak bi epilogo izango ditu, arduradunek azaldu dutenez. Batetik, abenduaren 19an, Kursaalek Frantziako Tolosako Orkestraren eta Donostiako Orfeoiaren kontzertua hartuko du: Johannes Brahms konpositore alemaniarraren obra ezagunenetako bat eskainiko dute: Requiem alemaniarra.
DSS2016EU. Bitakora kaierak erakusketa
Bestalde, abenduaren 31n Victoria Eugenia Antzokian hiriburutza-proiektuaren jaiotzatik 2016 urteko ospakizunetara egindako ibilbidea aztertzen duen dokumentala proiektatuko dute. Ehun eragile baino gehiagoren (kultur eragileak, kudeatzaileak, parte-hartzaileak, adituak eta herritarrak, oro har) ekarpenak jaso dituzte lanean,
Donostia 2016ren prozesuari eta legatuei buruz.
Donostia 2016k azken hilabeteotan atzera begira egin duen lan horrek erakusketa batean eta ikus-entzunezko dokumental horretan izango du isla. Erakusketa abenduaren 16an inauguratuko dute Tabakaleran, eta 2017ko urtarrilaren 22ra arte bisitatu ahal izango da.
Erakusketa kronologikoki antolatu da, hiru zatitan: lehenengoak Donostia 2016 hautagaitzaren eta proiektuaren eraikuntza-prozesua jasoko du, 2008tik 2015erako epealdian; bigarrengoan, eta luzeenean, ospakizunez betetako 2016 urteari errepasoa egingo zaio; eta hirugarren eta azken zatian proiektuak utziko duen legatuari buruzko hausnarketa plazaratuko da.
Gaueko festa, Tabakaleran
Abenduaren 17an, gauean, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro osoa hartuko duen festa antolatu dute. “Publiko guztiei irekitako festa bat” izango da, antolatzaileen hitzetan, eta kontzertuak, DJ saioak, proiekzioak, etab. eskainiko dituzte, hiru orduz.
80 jarduera baino gehiago
Lehen aipatutako jarduerez gain, abendu osoan eta, bereziki,
abenduaren 12tik 18ra bitartean, hiriburutzak bere ibilbide luze horretan barrena gogo bereziz landu dituen gai batzuetan arreta jarriko duten ekintzak ugari antolatu ditu: Adiorik gabe proiektuaren hirugarren eta azken ekitaldia, Chejov vs. Shakespeare proiektuaren azken ekitaldia (abenduaren 16an)…
Euskararen eta hizkuntza aniztasunaren sustapena egitarauko protagonistetako bat izango da, gainera, gaurko aurkezpenean aurreratu dutenez. Europako hizkuntza-aniztasunaren foroari eta Hizkuntza-eskubideak bermatzeko protokoloari esker, Donostia hizkuntzaren arloan “eredu” bilakatuko da Europan, “orain eta datozen urteetan”. Halaber, Anjel Lertxundik hizkuntzen festa horrekin bat egingo du: Donostia 2016k emandako Karta zuriari erantzunez, Lertxundik hainbat idazle eta itzultzaile bilduko ditu Donostian, honako gaiaren inguruan hausnartzeko: hizkuntza gutxitu eta ez-hegemonikoetako literatura eta berorren etorkizuna.