Begizta gorria, elkartasunaren alde
Calcutako Teresa plazan egingo dute HIESaren aurkako eguneko ekitaldi nagusia ostegunean.
Ostegunean, abenduak 1, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Eguneroko borroka izan arren, hainbat jarduera antolatu dituzte Donostian ere jendarteak kontzientzia hartze aldera.
Acasgi, Ehgam, Gehitu eta Harribeltza elkarteek bat egin dute Hiesaren aurkako aldarrikapenekin, “jendarte osoaren gaitza” dela nabarmendu baitute. Juan Ramon Viles Gardentasun zinegotziak ere elkartasun mezua igorri du: “Erakundeen ardura da herritarren eskubideak errespetatzeko baliabideak eskaintzea. Hiesaren inguruan kontzientziazio lan handia dago egiteko, eta horretarako herritarrek informazioa behar dute”, esan du.
Aurreiritziek ez dutela sendagairik nabarmendu dute, eta jendartearen babesa eskatu dute. Osteguneko ekitaldi nagusia Egiako Calcutako Teresa plazan egingo dute, 19:00etan. Hiesaren aurkako borrokaren adierazpen bat irakurriko dute, Musika eta Dantza eskolako kideek ikuskizun bat eskainiko dute, eta plaka bat jarriko dute GIB/HIES gaixotasuna izan duten edo duten pertsonen oroimenez.
Hortaz gain, Kursaal begizta gorriz argiztatuko dute, eta aurten lehen aldiz, baita udaletxea bera ere.
Bestalde, Gehitu eta Ehgam elkarteek Chemsex filma eskainiko dute Ernest Lluch kultur etxean, 19:30ean. Eta +, Positivo antzezlana eskainiko dute Dabadaba tabernan.