Informazio guztia izan arte Altzako kiroldegia ez eraisteko eskatu dio LABek udalari
Urrian agertu zen amiantoa Altzako kiroldegi inguruko lurretan, eta horrek eraikina eraisteko zituzten hasierako aurreikuspenak aldatu zituen.
Hau da, lanen hasiera atzeratu du, eta gainera proiektua bitan banatuko dute: kiroldegia bera batetik, eta inguruan egingo dituzten pistak bestetik. Azken zundaketen arabera, kiroldegiko galdara eta hodietan ez dute amianto arrastorik aurkitu, beraz, datorren astean eraiste lanekin hasiko dira. LAB sindikatuak salatu du ahoz soilik esan dutela ez dutela amianto arrastorik aurkitu baina “zuhurtziaz” jokatu nahi dutela; horregatik, akreditatutako enpresa baten txostenaren bidez ziurtatzeko eskatu dute.
Horrez gain, beste zenbait eskaera ere egin dizkiete erakundeei Altzako kiroldegiko amiantoaren inguruan esku hartu dezaten: “Udalari eskatu nahi diogu ziurtatu dezan neurketa analitiko baten bidez, hodiak babesten dituzten beira-zuntzen estalduretan amiantoa dagoen ala ez eta amianto zantzuak egon daitezen ziurtatzeko neurketa atmosferikoak egin ditzala kiroldegi barrualdean”. Guzti horiek ziurtatu arte eraiste lanak bertan behera uzteko eskatu dio LABek udalari. Bestalde, eremu horretan lan egin duten langile guztiak identifikatu ditzan eta informazioa Osolanera bidal dezan eskatu dio. Azkenik, hartuko dituen neurriak azaltzeko eta udalbatzarrean onartutako amiantoaren mapa ahalik eta azkarren egiteko eskatu dio.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari eta Osakidetzari Herrera eta Altzako eremuan azken 30 urteetan egon diren birika minbizi, asbestosi eta laringe minbizien ikerketa egin dezan eta gainerako herriekin aldera dezan eskatu dio Labek.
Azkenik, Osalan eta Lan Ikuskaritzaren esku hartzea eskatu dute, “eragindako eremuek eta lurrek duten amiantoaren kontzentrazio eta kutsadura mailak aztertu ditzan eta haien jarraipena egin dezan.
LABeko Donostia Kiroleko ordezkariak, berriz, minbiziak jota hildako Altzako kiroldegiko langilea ekarri du gogora, eta Donostia Kirolak eta udalak izandako jarrera salatu du: “Ez Donostia Kiroleko zuzendaritzak, ez udaleko inork ez du hildakoaren familiarekin harremanetan jartzeko arreta izan, ez eta inongo langilearekin, laguntza eskaini eta berain esanetara jartzeko”.
Hori dela eta, LABek eskua luzatu die langileei balizko ikerketan laguntzeko eta zalantzak argitzeko; eta amiantoa eduki dezaketen instalazioak ezagutzen dituztenei sindikatuari eta udal arduradunei jakinarazteko deia luzatu diete.