Amaiur parkean jarri duten harria. (Argazkia: Mikel Legorburu)
1993. urtean jarri zioten Amaiur izena, baina donostiar askok ez dute
Amara Berriko parke hau ezagutzen. Herritar asko ibiltzen dira berdegune honetan, eta gutxik jakingo dute nola izena duen.
Mikel Legorburu historialaria eta irakaslea da, eta Amara Berrikoa. Arkeologian lanean hastea zuen ilusio, baina denborarik ez zuen horretarako. Internet bidez ikastaro bat egin zuen, eta praktikak
Amaiurko gazteluan egiteko aukera izan zuen Legorburuk. Amaiurren indusketak egiten hasi zen 2006an. Geroztik, 11 urtez ibili da indusketa lanak egiten, atseden hartu gabe, beste bizpahiru lagunekin.
Amara Berrikoa da, eta bere etxeko leihotik ikusten du Amaiur parkea: “1993an jarri zioten Amaiur izena, baina ez da bere izena aipatzen inon. Parkea berez askoz ere handiagoa zen. Orain eliza egin dute, Oroimenaren lorategia… Amaiur parkea oso txikia da orain. Alde batetik ikusten nuen ez zuela erreferentzialtasunik parkeak, eta Amaiur parkeak badu esanahi bat. Orduan zerbait egin behar zela pentsatu nuen”.
Amaiurren zela, Gaztelu elkartekoekin hasi zen hizketan: “Donostian Amaiur izeneko parke bat zegoela esan nien, eta nik ezer gehiago esateko aukera izan baino lehen, erronka hartu, eta esan zidaten, ‘Guk, herriak, jarriko dugu harria eta eramango dugu harria. Eta gure abesbatza joango da Donostiara’. Eta hori ikusita,
Ikasbide kultur elkartekoei eskatu zien laguntza. Eskaera egin zuten udalean, eta pixkanaka aurrera egin du proposamenak”.
Amaiurko harria jada Amara Berrin dago, Amaiur parkean. Orain inauguratzea falta da. Larunbatean izango da egun handia: Euskararen egunarekin batera, Amara Berriko Amaiur parkea eta Nafarroako Amaiur gaztelua senidetuko dituzte. Amaiur parkean izango da ekitaldia, 14:00etan. Aurretik, ordea, auzoan festa giroa izango da. Amara Berriko Kantu Jira hasiko da 12:00etan.
Auzoa kantuz bete ondoren, 13:30ak inguruan Amaiur parkerantz joango dira.
Aitzol Barandiaran bertsolaria,
Ikasbide Kultur Elkarteko kideak,
Amaiurko Gaztelu Elkartea, Donostiako udaleko zinegotzi
Aitziber San Roman,
Amara Berri Kantuz taldea eta Amaiurko ordezkari
Isaak Rekalde izango dira ekitaldian. Bukatzeko, azkaindarrak dantza egingo dute harriaren inguruan, Amaiurren ohikoa den bezala. Ondoren, Ikasbide kultur elkartean anaitasun bazkaria egingo dute.