Iztueta zubibidea kendu eta trafikoa beste modu batean bideratzea aztertzen ari da udala.
Hondatuta dago eta udalak Iztueta zubibidearekin zer egin erabaki behar du: konpondu edo bota eta ingurua birmoldatu. Erabaki hori hartzeko auzotarren iritzia kontuan hartu nahi izan dute.
Bi bilera egin dituzte aste honetan, lanek gehien eragingo dien inguruko eragile eta enpresekin bat; eta auzotarrekin bestea.
Atzo egin zuten auzotarrekin bilera Zuhaizti ikastetxean, eta zubibidea botatzearen aldeko jarrera nabarmendu zen. Hala jakinarazi du Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak: “
Ia denak zubibidea kentzearen aldekoak dira; jarrera argia da”.
Dena den, jarrera hori ez dela nahikoa erabaki bat hartzeko esan du Agirrezabalagak. Izan ere, auzotarrei argazki edo hasierako ideia soilak erakutsi zaizkie, benetako proiektuarekin zerikusirik ez dutenak. Horixe da, hain zuzen ere, orain egingo dutena, proiektua gehiago zehaztu aukerak ahalik eta errealenak izan daitezen.
Gaiak ertz asko dituela adierazi du zinegotzi sozialistak. Zubibidea bota eta ingurua birmoldatzea askoz ere garestiagoa litzateke eta
urtebete baino gehiago luzatuko lirateke lanak, Egiako sarrera-irteeretan sortuko lituzketen eragozpenekin.
Zubibidea mantendu eta konpontzea askoz ere merkeagoa da eta hilabete gutxitan amaitua legoke. Aukera guztiak mahai gainean ditu udalak, eta auzotarren lehen erantzuna ere jaso dute, erabakia noiz eta nola hartu aztertu beharko dute orain.