Belartzako proiektuaren aurka sinadurak biltzen hasi dira
Sinadura bilketa hasi du Belartza 2 Gelditu elkarteak Change.org plataformaren bitartez –Belartza 2 makropoligonoa gelditu izena du eskaerak–. Añorgako bizilagunek eta Gipuzkoako elkarte naturzale eta kontserbazionistek osatzen dute Belartza 2 Gelditu plataforma.
Sinadura bilketa horren bitartez, Belartza 2 eremua Unanue Natural Gunearen barruan sartzeko eskatu dute. Erabaki politiko baten ondorioz, plan orokorrean egin duten aldaketaren erruz “altxor natural bat” galdu dezaketela salatu dute:?”Bertan bizi diren animalia eta landareen desagertzea ekarriko du, korridore ekologikoen behin betiko galera, eta baserriz zipriztindutako gotorleku naturala den gune baten artifizializazioa. Donostiako eraztun berdearen zatitu eta desagertaraziko du”.
Haritzalde Naturzaleen elkarteak salatu du Mercadona egiteko erabiltzen ari ziren materiala Belartza 2 eremuan pilatzen ari zirela eta salaketa jarri zuen udalaren aurka; jakinarazi dutenez salaketa tramitera onartu dute.
Igandean protesta martxa jendetsua egin zuten Añorgatik udaletxera. Udaletxe aurrean eta bertan animalien maskarekin mozorrotutako haurrek Belartza 2 eremuan isuritako harrietako batzuk udaletxe aurren utzi zituzten modu sinbolikoan: “Harri piloa lehenbailehen handik kentzea eta eremua lehengoratzea eskatzen dugu”, adierazi zuten elkarretaratzean.
Eskaera sinatzeko hemen.