Juan Luis zabala eta bere semea. (Argazkia: Ander Edo)
Martuteneko Euskara Batzordeak bultzatuta, auzoari buruzko ipuin bat sortu dute. Juan Luis Zabala idazleak idatzi eta 25 auzotarrek baino gehiagok zati bat irakurri dute. Dena auzolanean egin eta bideoan grabatu dute.
Auzoa eta euskara, euskara eta auzoa batzeko beste modu bat lortu dute Martutenen. Auzolanean kontatutako ipuin bat grabatu dute bideoan:
Engraxi eta Klaus egun batez Martutenen. Martutenen eta euskararen egunean aurkeztuko dute egitarau oparo baten tartean txertatuta. Baina zein ipuin? Hau ere etxean geratu da. Txominen bizi den Juan Luis Zabala idazleari eskatu zion Euskara Batzordeak.
Idazleak azaldu du Euskara Batzordeko kideak etorri zizaizkiola ipuin bat idazteko eskatuz eta Martutenerekin zer ikusia izan behar zuela besterik ez ziotela esan: «Ideia gustatu eta auzoa erakusteko beste modu bat zela iruditu zitzaidan».
Fikzioa, auzoan
Istorioa fikzio hutsa dela aurreratu du: «Engraxi Martuteneko amona zahar bat da, hilda dago eta bera bizi den lekuko lagun alemaniar bat eramaten du auzoa bisitatzera, Klaus. Beraiek dena ikus dezakete, baina auzotarrek beraiek ez».
Hortik aurrera auzoa eta auzotarrak aurkezten dizkiola kontatu du. Engraxiren oroitzapenak oinarri hartuta, historian atzera ere egiten du, Martutene sagardoaren leku garrantzitsu izan zenekoa gogora ekarriz. Emaitzarekin pozik agertu da idazlea, nahiz eta oraindik ez duen bideoa amaituta ikusi.
Behin produktua egina zegoenean, auzotarren txanda iritsi zen. Hogeita bost auzotarrek baino gehiagok hartu dutela parte kontatu du: «Auzotar bakoitzak ipuin zati bat irakurri dugu kameraren aurrean, eta emaitza ipuin osoa bideo batean grabatuta azaltzea izan da». Batzuek ikastolan irakurri dute euren zatia, beste batzuek elizan, beste batzuek denda baten barruan… Horrela, Martuteneko toki asko atera direla azpimarratu du.
Esperientzia polita izan dela esan du: «Euskara Batzordea lagundu dut, eta auzotarragoa sentitzeko balio izan dit». Hain zuzen, auzotarren artean giroa sortzeko asmoz egindako bideoa dela dio, eta baita euskararen inguruan biltzeko ere. Euskararen Egunean aurkeztea egokia dela esan du, «horrela denak gerturatuko dira, bata anaia ikusteko, bestea bere ama edo lagun edo ezagun bat, eta denak euskararen inguruan».
Juan Luis Zabalarena ez da Irutxuloko Hitzak jaso duen iritzi bakarra. Beste protagonista nagusia Euskara Batzordea izanik, beraiekin ere egon da. «Martuteneko auzotarrak protagonista egiteko zerbaiten bila» ari zirela otu zitzaien ipuin hau egitea. Eredu bezala, Loiolan duela bi urte egin zuten Urumeak irakin bideoa hartu zuten oinarri. «Oso ideia erakargarria eta baliabide gutxirekin aurrera eraman zitekeena zela iruditu zitzaigun eta, pixkanaka, haiekin harremanetan jarriz, lanean hasi ginen», esan dute Euskara Batzordeko kideek.
Harrera harrigarria
«Parte hartzailea eta atsegina izatea nahi genuen», adierazi dute, eta auzotarrei proiektuaren berri ematerakoan harrera «oso ona» izan zela azpimarratu dute. Egindako lana oso eskertua izan dela esan dute eta oso kalabaza gutxi jaso dituztela: «A zer artistak auzotarrak!».
Ahalik eta jende gehiagorengana iristeko helburua jarri zuten, eta azkenean 50 pertsonatik gora egin dute lan egitasmoan: «Jakingo bazenu zenbat jende gerturatu zaigun esanez berak ere parte hartuko lukeela…».
Euskara Batzordearen helburua auzotarrak protagonista sentiaraziko zituen zerbait antolatzea zen, «eta noski, Martutenen zenbat euskaldun dauden plazaratzea; hau da, euskara plazara ateratzea da gure helburuetako bat, eta hori dena ondo pasatuz egiten bada, mila aldiz hobeto!». Bihar, larunbata, 12:30ean, Etxarrienen aurkeztuko dute.
Ez dute uste proiektu honek bigarren zati bat izango duenik, baina era guztietara etorkizunean proiektu partehartzaileak sustatuko dituztela adierazi dute. Azken finean bilatzen dutena da euskarak 365 egun izatea.