Erabilera omen da hizkuntza baten bizirautea bermatzen duena. Euskara hizkuntzen paisaiatik ezabatzen saiatu arren, belaunaldiz belaunaldi igaro da, moldatu eta hedatu, baina iraganeko zauri batzuk itxi gabe darraite.
Haurrak zigortu egiten zituzten gelan euskaraz hitz egiten bazuten.
Bizia ematen digutenean, zilbor-hestea etetean hasten da pertsona bere izaera garatzen. Emana jasotzen du arnasa, emana izena, baina neurri handi batean norberak landu behar du izana.
Arnasarekin batera jasotzen du pertsonak hizkuntza. Sabeletik urrunean entzuten ziren hitz haiek ozen entzuten ditu jaiotzean. Belarrira xuxurlatutako lehen hitzak barneratzen ditu, eta bere egiten, arnasa bailiran.
Euskaldunak euskara du arnas. Baina oro ez da urre, eta bizia galdu arterainoko itolarria sentitu du urtetan eta urtetan euskaldunak; ito arteraino galdu du arnasa, galdu hizkuntza.
Errepresioak eragindako zauriei odola darie oraino.
Euskara hizkuntza paisaiatik ezabatzea izan zen frankismoaren helburu nagusietariko bat, eta errepresio hori ez zen Frankoren heriotzarekin akitu. Kaleetako afixak, eskuorriak, liburuak, mezak, haur jaio berrien izenak erderatu zituzten; jendarteko komunikazio oro behar zuen erderaz. Gaztelera eta frantsesa ziren balio zuten hizkuntza bakarrak.
Bigarren mailakoa zen euskara, harremanetarako balio ez zuena. Gutxietsi zuten euskara eta iraindu euskal hiztunak. Euskalgintzaren zauriari oraindik odola dario.
“Hemen nago, hemen nago” garrasi egiten zuen Tartalok artzainaren behatzean jarri zuen eraztunak. Behatza moztu eta ibaira bota behar izan zuen artzainak bere bizia salbatuko bazuen.
“
Hau euskaraz ari da, hau euskaraz ari da“, oihu egiten zuen ikaskide beldurtuak, hatz txikian zuen eraztuna ondoko lagunari pasatzeko. Eraztunak berekin zuen zigorra: makila finarekin 10 zartako esku bakoitzean. Horrela, makilkaden bidez moztu nahi izan zuten haur haien arnasa.
Baina nahi duenak egiten du, eta euskarak iraun du. Esku eta bizkarrak kolpatu zituzten, liburuak erre eta izen guztiak aldatu. Baina bertso doinurik ezin izan zuten isildu, hitza ezin baita sarean harrapatu.
Dena den,
debekuak utzitako orbainak hor jarraitzen du; etsaia etxean ezkutatzen da sarri, eta euskarak ez du merezi duen lekua. Euskarazko txio gutxi egiten du euskararen txantxangorriak gaur egungo sare sozialetan; agurra eta hitzaldiko sarreratxoa euskaraz egiten dute agintariek, baina mamia gazteleraz, denek ulertzeko edo.
Euskararen eguna da biharkoa. Guztia izango da ilusio, guztia laudorio. Baina Tartaloren eraztuna ez da isiltzen, eta euskal hiztunen zauriari odola dario.