Ione Etxebarria, Auzoko egitasmoko kidea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Euskara, aniztasuna eta herritarrak dira Auzoko egitasmoaren hiru hankak. Azaroan abiarazi dute Egian. Ione Etxebarria (Gros, 1993) gustura ari da proiektuan parte hartzen.
Auzotarrak eta auzokideak behar ditu auzoko egitasmoak. Leku ezberdinetatik etorri eta beste hizkuntza batzuk hitz egin arren, euskarara gerturatu nahi dutenei horretarako aukera eskaintzea da auzoko proiektuaren helburua. Horiek dira auzokideak. Euskaraz bizi diren Egiako bizilagunak, berriz, auzotarrak. Astean behin Tabakaleran elkartzen dira bai auzokideak eta baita auzotarrak ere; eta hainbat dinamiken bitartez hizkuntzarekin jolastu eta elkar ezagutzeko tartea hartzen dute.
Nola sortzen da auzoko egitasmoa?
Auzoko programa Topaguneak sortu zuen, eta batez ere herri euskaldunetan egiten hasi ziren; orain hiriburuetara ere zabaltzen hasi dira, Gasteizera eta Donostiara. Nolabait harrera linguistiko bat egitea da proiektuaren helburua, eta hiru gako nagusi ditu: aniztasuna, euskara eta herritarrak. Auzoetan edo bestelako gune naturaletan topaguneak sortzea da asmoa. Horretarako bi profil bilatzen dira: auzokidea eta auzotarra; lehenengoa euskarara gerturatu nahi duen hori izango da, eta bigarrena horretan bidelagun izango duena. Bi profil horiek taldean elkarrengatik ikasten dute; truke bat bilatzen da. Bestalde, dinamizatzailearen figura ere egoten da. Funtsean egitasmo honekin bilatzen dena da auzokideek euskarazko lehen pausuak ematea, eta euskarara hurbiltzea. Bestalde, auzoko euskaldunentzat ere oso interesgarria izan daiteke, beraien auzoan bizi arren gauza asko konpartitzen ez dituzten jendearekin harremantzeko aukera polita eskaintzen du.
Saioak astean behin egiten dituzuela aipatu duzu. Nolakoak dira saio horiek?
Bi talde daude. Gu, esaterako, ostiraletan 14:00etan elkartzen gara Tabakaleran, borobil batean esertzen gara eta hainbat jolas eta ariketa egiten ditugu. Egia esan, orain arte bi saio soilik egin ditugu eta gurasoak eta haurrak izan dira parte hartzaile gehienak. Dinamika parte hartzaileen bitartez egiten ditugu saioak, ez da inolaz ere klase formatua. Etortzen direnak euskarara hurbiltzea eta motibatzea da helburua. Horrela, pertsona horiek motibatzen badira eta euskaraz hitz egitearen garrantzia behar bezala transmititzen badiegu, agian gero ikasten jarraituko dute. Auzoko-ren helburua euskararekin lehen kontaktu moduko bat ahalbidetzea da.
Aurretik inoiz egin da Auzoko egitasmoa Donostian?
Lehenago egin izan da Intxaurrondon, Antiguan eta Bagera elkartean ere bai. Beraien bilakaera izan zuten, baina gaur egun ez dute jarraitzen. Egian azaroan hasi ginen, Aitor eta Zuhaizti eskoletan abian dagoen Ongi Etorri proiektuaren barruan. Hirira etorri direnei ongietorria emateko harrera egitasmo bat da. Hori dela eta, Auzoko egitasmoan parte hartzen duten gehiengoa D ereduko ikasleen gurasoak dira.
Harrera ona izan du egitasmoak?
Bi saio egin ditugu, eta nahikoa jende animatu da; batez ere auzokideak, auzotarrak falta zaizkigu. Pare bat bakarrik etortzen dira eta horiek dira Ongi Etorri proiektuan lanean ari direnak eta aurrez auzokideak ezagutzen dituztenak, baina oraindik ez dugu lortu euskaraz dakien auzoko jendeak parte hartzea.
Zein egiteko dute auzokideek eta auzotarrek?
Gure taldean nik prestatzen ditut saioak, eta gero guztion artean egiten ditugu. Lehengo egunean, esaterako, 12 auzokide etorri ziren, eta nik bakarrik dinamizatzea nahiko zaila da, auzotarrek horretan laguntzen dute. Gero kanpora begirako jarduerak ere egin nahi genituzke, adibidez, euskara eguneko jardueretara elkarrekin joatea, baina oraintxe hasi gara eta momentuz elkar ezagutzen ari gara.
Nola hartu daiteke parte?
Parte hartzeko nahikoa da hona etortzea. Etorri nahi duen ororentzat dago irekia. Gainera, Auzoko egitasmoaren helburua harrera egitea eta euskara gerturatzea soilik denez ez daukagu urteko programazio bat, azaltzen den jendearen arabera moldatzen joango gara. Horrek alde onak bezala, hainbat zailtasun ere baditu.
Baduzue egitasmoa beste auzo batzuetara zabaltzeko asmorik?
Asmoa daukagu Intxaurrondon egiteko, bertan ere badago Ongi Etorri egitasmoa eta hori baliatuz Intxaurrondon ere saiatuko gara Egiakoaren moduko zerbait egiten.
Nolako esperientzia da?
Oso interesgarria. Beste jatorri batzuetako jendea ezagutzeko eta beraiekin harremantzeko aukera eman dit. Gainera, euskarara gerturatzeko gogoa dute eta truke hori oso aberasgarria da. Dena den, zaila ere bada, askotan irakasle paperean jartzeko joera izaten dugu. Niretzat zailena hizkuntza saioan euren esperientzia txertatzea izaten da.
Denok dakigu gaztelaniaz, eta batzuetan homogeneizazio horretan erortzen gara, eta saioak itzulpen huts bihurtzen dira; euskaraz ez dakitenez gaztelaniaz egiten dute, eta hor ez da bakoitzaren jatorria errespetatzen. Hala ere, oraindik bi saio bakarrik egin ditugu eta, beraz, joango gara neurria hartzen.
Nolakoa izan da beste herrietako esperientzia?
Auzoko egitasmoa egin duten beste herri batzuetako jendearekin egon gara, eta oso esperientzia politak kontatu dizkigute. Debagoienan, esaterako, oso errotua dago eta aspaldi auzokide bezala hasitako batzuek gaur egun auzotar bezala hartzen dute parte.
Zer esango zenieke herritarrei egitasmoan parte hartu dezaten?
Aukera ikaragarri ona dela euskaldundu nahi dutenei laguntzeko, eta baita auzoan bizi diren herritar askorekin harremana egiteko ere. Modu polita da ikasteko eta erakusteko. Gainera ez du inolako konpromisorik eskatzen, nahi duzunean hartu dezakezu parte.
Gustura ari dira auzokideak parte hartzen?
Oso harrera ona izan da, eta oso gustura hartu dute parte. Jendea errepikatzeko gogoarekin dago eta hori pozgarria da. Dena den, ez da erraza izango, izan ere, batzuk urteko saio guztietara etorriko dira, eta beste batzuk tarteka bakarrik. Horrek saioak gidatzea zailtzen du; baina asmatuko dugu zerbait. Uste dut topaleku polit bat izan daitekeela eta gauza politak egin daitezkeela.