Udazkenarekin, hiriak beste irudi bat erakusten du. Zuhaitz batzuk hostorik gabe geratzen diren bitartean, beste batzuen kolorea aldatzen da. Haritzaldeko Xabier Rubiok azaldu ditu arrazoiak.

Amara Berriko Olaeta parkeko zuhaitzak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Udazken partean, zuhaitzek eraldatu egiten dute hiriaren argazkia. Zuhaitz batzuei hostoak erortzen zaizkien bitartean, beste batzuei kolorea aldatzen zaie. Hala, hori, gorri, laranja, berde eta bestelako kolorez apaintzen dituzte Donostiako parke, kale eta txoko guztiak. Aldaketa hau nola ematen den ezagutzeko, Haritzalde Naturzaleen Elkarteko Xabier Rubiorekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak.
«Geldirik ikusi arren, zuhaitzak bizidunak dira eta euren estrategiak dituzte. Hortaz, eguraldiaren arabera, modu batean ala besteak jokatzen dute», argitu du Haritzaldekoak.
Indarrak gordetzeko
Udazkenean, indarrak gorde egiten dituzte, eta bildutako indar horiekin elikatzen dira neguan zehar: «Animalien antzera, lo zorro baten barruan sartuta egongo balira bezala pasatzen dute udazkena. Ahalik eta indar gutxien gastatzen dute».
Rubiok azaldu duenez, zuhaitzak bi taldetan banatzen dira: hosto galkorrekoak eta hosto iraunkorrekoak. Izenak dioen bezala, lehenengoek, hostoak galtzen dituzte garai honetan, eta udaberrian berriro piztu egiten dira. «Nolabaiteko loaldi batean mantentzen direla esan daiteke. Eguzkiaren indarra ez dutenez, ez zaie komeni energia hori galtzea eta ‘erabakitzen dute’ indarrak sustraietako beheko zatian metatzea. Horregatik galtzen dituzte hostoak», zehaztu du Haritzaldekoak. Udaberria iristean, aipatutako energia hori ernamuinetara bidaltzen dute eta berriro ireki eta hazten dira hostoak.
Hosto iraunkorreko zuhaitzek, berriz, urte osoan zehar hosto berdeak izaten dituzte: «Nahiz eta hostoak mantendu, ez du esan nahi garai hotzagoetan berdin hazten direnik. Neguan, esaterako, zertxobait moteldu egiten da hazkundea». Hosto galkorreko zuhaitzekin bezala, udaberritik aurrera ematen da hazkunderik handiena.
Hostoen galera edo mantentzea ez ezik, kolore desberdinak ikusi daitezke udazkenean. «Elikatu behar diren heinean, saiatzen dira aprobetxatzen hostoetan duten klorofila. Klorofila galtze horrek eragiten die kolore aldaketa. Gainera, beste gaitasun txiki bat dute: hostoak erortzen direnean, sortu duten zikinkeriaren zati bat ere erori egiten da», azpimarratu du Rubiok.
Zuhaitz motei dagokienez, Aieteko eta Egiako parkeetan, kanpoko espezieak dira nabarmenetarikoak. «Gingko hiloba izeneko zuhaitza, adibidez, hori-horia jartzen da. Hostoek abaniko forma dute, eta kolore hori oso polita hartzen dute», adierazi du Rubiok.
Haritz amerikarra gorrixka kolorekoa bilakatzen da, eta «likidanbarra bereziki polita da»: gorritik, hori eta laranja koloreetara igarotzen da. «Hosto batzuen kolorea gorri ilun edo morea ere izan daiteke, eta hemengo haritzek eta pagoek oso jantzi politak izaten dituzte», esan du Haritzaldekoak.
Donostian, mota guztietako zuhaitzak daudela kontatu du Rubiok. Aieteko parkean, esate baterako, likidanbarrak ikusi daitezke, baita Mundaiz inguruan ere. «Ikaragarri polita egon da Urgull mendia; bertan, haritzak daude. Eta Bartzelona hiribidean, Loiolako Erriberan, gorri eta berde koloreak nahasten dira bertako zuhaitzekin. Oso kontraste polita sortzen da», amaitu du Rubiok.
Zuhaitzekin lotuta, gomendio bat egin du Haritzaldekoak: «Zuhaitzek hostoak zergatik galtzen dituzten jakiteko, Izei txikia izeneko ipuinaren istorioa oso egokia da. Nonahi irakurri daiteke; testua, irudiak, bideoak… formato askotan dago eskuragarri».