Gorgatxo plazarako hormairudia hautatu dute
Antiguako bizilagunek boto bidez hautatu dute zein diseinuk jantziko duen Gorgatxo plazan hutsik dagoen horma. Auzoko hainbat saltoki eta elkartetan jarri dituzte proposamenak ikusi eta botoa emateko guneak, eta gaur bertan kontatu dituzte botoak. Lau hormairudi finalista ziren, eta bat nagusitu da lau horien artean, 156 botorekin. Berdegune bat irudikatzen duen proposamenak lortu ditu boto gehien. Proposamenean argazki itxura badu ere, pinturaz egindako margolan baten itxura izango duela azaldu dute antolatzaileek.
Lehen proposamenak 93 boto izan ditu. Bigarrenak, irabazleak, 156 boto. Hirugarrenak, 111 boto lortu ditu, eta laugarrenak, 56 bozka. Botoa eman duten auzotarren artean sari bat zozkatu dute, eta Peio Goikoetxea izan da sariduna. Hormairudian egingo duten diseinua jasoko du opari, koadro batean.
Abenduaren 17an, larunbata, margotuko dute auzolanean hormairudia. Auzoko hainbat eragileri auzolanean parte hartzeko deia egin diote.