Festa eta elkartasuna batuko dituzte aurten danborradek
Ia 18.000 pertsona elkartzen dira danborradetan.
Zaporeak proiektuko kideak. 1.700 otordu banatzen dituzte egunero errefuxiatuen artean, eta euren lanari ekarpen txiki bat egitea da Union Artesanaren helburua.
Danbor bat, euro bat deitu dute proposamena. Datorren astean, abenduaren 15ean, elkartuko dira danborrada bat antolatzen duten elkarte, ikastetxe eta taldeetako ordezkariekin, eta gaia aurkeztuko diete: “Kontuan izan zenbat danborrada ateratzen diren kalera; kide bakoitzak euro bat gehiago jarriko balu, atera kontuak zenbateko bultzada”, esan du Javier Martinez Union Artesanako kideak. Ia 18.000 lagunek parte hartzen dute hiriko hainbat danborradetan.
Zaporeak proiektuko kideak oso eskertuak daude proposamenarekin: “Diru ekarpen guztiak dira ongi etorriak; guztia behar da errefuxiatu guneetan”, esan du Peio Garcia Amianok. Eurek 80.000 euroko aurrekontua kudeatzen dute hilero, baina ekarpen txikienak ere eskertzen dituzte. “Guztia ez da dirua, gainera, bestela ez genuke Chiosen jarraituko. Proiektu honek boluntario eta errefuxiatuekiko elkartasuna adierazteko aukera ematen du”, esan du Garcia Amianok.
Chios irlan Zaporeak taldeko 15 boluntario ari dira etengabe, eta horiei beste bospasei boluntario gehitzen zaizkie. 1.700 otordu banatzen dituzte egunero. “Egoera oso gogorra bada ere, gure gunean dauden hobekien errefuxiatuak. Gainerako lekuetan militarren esku dago otorduak ematea, eta benetan lotsagarria da”, azaldu du Garcia Amianok.
“Ahal duten arte” jarraituko dute Greziako Chios irlan, eta bitartean danborraden elkartasun keinua bezalako guztiak onartu eta eskertuko dituzte.
Elkartasunerako isunak
Zaporeak taldeko boluntarioek egiten duten lana goraipatuz, Donostiako Udalak ere bere aletxoa jarriko du. Radar mugikorrak jarritako isunekin jasotako dirua errefuxiatu guneetara bideratuko dute.
Orain arte 15.000 euro jaso dituzte, baina urtea amaitzean jakinaraziko dute kopuru osoa.
Union Artesana taldeko kideek danbor kolpeei zukua ateratzeko proposamen bat aurkeztu dute. Hirian astintzen den danbor bakoitzeko euro bat bidali nahi dute Greziako Chios irlara. Bertan dihardute lanean