Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, 2018an itzuliko da, eta ibiltaria izango da Euskal Herrian barrena.
2014ko Bertso Egunean, bertso poteoa egin zuten Parte Zaharreko kaleetan barrena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Klasiko bat zen jada urtarrileko Bertso Eguna, Donostian. Goizean barrena saio bereziak jaso ditu urtero, hirian barrena, Kursaalen ekitaldi nagusiaren txanda izaten zen, eta, gauean, bertsolari eta bertsozaleen afaria, bertsoekin lagunduta, noski. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, ordea, datorren urtean, 2017an, ez da Bertso Egunik izango; ez Donostian, ez beste inon: “2018an itzuliko da Bertso Eguna; aurrerantzean, Euskal Herrian zehar mugituko den egitasmo ibiltaria izango da”.
Guztira, 47 ekitaldi izan ditu Bertso Egunak, guztiak Donostian. Orain, Bertso Egunaren ziklo bat ixtea erabaki dute antolatzaileek: “Ziklo bat ixten eta berri baten atarian dago. Biziki eskertu nahi dugu Donostiako Udalak Bertso Eguna gauzatzeko eskainitako laguntza, eta erabakia ulertu eta pausoa emateko izandako eskuzabaltasuna. Plaza ederra da Donostiakoa, eta aurrerantzean ere bertsolaritzaz gozatzeko aukera dezente izango ditu bertsozaleak bertan”.