Aldarrikapen gisa, Txillardegiren plaka jarri zuten, proposamena egin zutenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako hainbat euskaltzalek
Txillardegi Liburutegia kultur egitasmoa berrartu eta Donostiako Udalari berriro eskatuko diote Liburutegi Nagusiari ‘Txillardegi’ izena jartzeko. Jose Luis Alvarez Enparantza idazlea hil zeneko 5. urtemugaren atarian, programa mamitsua prestatzen ari dira, eta larunbatean atxikimenduak bilduko dituzte Kursaalen.
Larunbatean, hilak 17, atxikimenduak biltzeko mahai bat jarriko dute Kursaalen, bertan egingo den Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpen-ekitaldiarekin bat eginez. Urtarrilerako egitarau zabala antolatuko dute, urtarrilaren 14an, Txillardegi hil zeneko 5. urtemuga izango da.
Zergatik ahalegin berria
2014ko urriaren 10ean, Donostiako hamazazpi idazlek Donostiako udal erregistroan honako eskaera hau aurkeztu zuten: “Azpian sinatzen dugun Donostiako idazleok eskaera aurkezten dugu Donostiako Udalean, hiriaren Liburutegi Nagusia “Txillardegi Liburutegia” izenda dezan. Honela, gure hizkuntzari eta gure hiriari hainbeste eman dion idazlearen oroimenak merezi duen lekua hartuko luke, Koldo Mitxelenak, Carlos Santamariak eta Inazio Mª Barriolak hartu duten bezala. Urrezko Domina eman zionez, esan gabe doa Donostiako Udalak ezagutzen dituela Txillardegiren merituak bere izena hiriaren barruan txerta dadin kulturaren eta bereziki irakurketaren eragin-gune gisa”.
Proposamenak berehala atxikimendu ugari bildu zuen, eta, Udaletxean ordezkatuta zeuden alderdien bozeramaleen adierazpenei erreparatuta, bazirudien eskaera aurrera ateratzeko gehiengo zabala zegoela. Hala ere, udalak ez zuen proposamena onartu.
Udalbatzaren osaera aldatu egin dela, eta oro har egoera ere aldatu egin dela uste dute egitasmo honen bultzatzaileek, eta uste dute proposamena berriz mahai gainean jartzeko une aproposa dela: “Batez ere kontuan izanik inork gutxik jartzen dituela dudatan Txillardegiren merezimenduak. Izan ere, Txillardegik bezain itzal handia duenik nekez aurkituko da XX. mendeko euskal kulturan. Egungo Euskararen Donostia bera ezin da ulertu ere egin Txillardegik hizkuntza biziberritzeko egindako lan eskerga kontuan izan gabe”.