Amalek 26 urteko emakume siriar bat da, bost seme-alaba ditu eta indarkeria matxistaren biktima izan da.
Siriarentzako Pasaporteak elkarteak aurkezpena egin zuen aldundiko arduradunekin batera. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Siriarako Pasaporteak elkarteak eta
Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin ditu Amal eta bere bost seme-alabak Gipuzkoara ekarri ahal izateko. Amal 26 urteko siriar emakume bat da, eta bere familia oso egoera larrian bizi da.
Gerratik ihesi ibiltzeaz gain,
indarkeria matxistaren biktima ere izan dira. GKEk eta foru erakundeak Madrileko gobernuarekin eta Immigrazio eta Emigrazioko Idazkaritza Nagusiarekin egiten ari diren kudeaketen berri eman dute, hartara
bisa humanitarioa lortzeko Amalentzat eta bere umeentzat. Hori dela eta, gipuzkoar guztiei laguntza eskatu diete beraien sinadurarekin egoera larri horretatik ateratzen laguntzeko.
Hala,
sinadura bilketa bat abiarazi dute Change.org plataforman #Amal Gipuzkoara lelopean. Lortzen dituzten atxikimenduak Marina del Corral Immigrazio eta Emigrazio idazkariari aurkeztuko dizkiote. Era berean, aldundiak hitza eman du hartuko dituela, eta egoitza eta laguntza baliabideak ere prest ditu, iheslarientzako, eta kalteberatasun egoera bereziki larrian daudenentzeko. Amalek eta bere seme-alabek, gainera, GKEren laguntza izango dute Gipuzkoan gizarteratzeko.
“Ezinbestekoa da erantzun humanitario bat ematea. Ekartzeko falta den bakarra idazkariaren sinadura da, eta, horretarako, Gipuzkoako gizarteari eskatzen diogu elkartasun uhin bat sortzen laguntzea, gure eskaera denok babesteko”, nabarmendu dute Nagore Saenz eta Sara Pineda Siriarako Pasaporteak elkarteko kideek,
Imanol Lasa Kanpo Harremanetako diputatuarekin batera eman duten prentsaurrekoan.
Babes bila
Sara Pinedak ezagutu zuen Amal Grezian boluntariotza lanetan zebilenean, eta ordutik berarekin harreman zuzena izan du. Berak azaldu du haren egoera: “
Alepon jaioa,
13 urterekin ezkontzera behartu zuten bera baino 10 urte zaharragoa zen gizon batekin. Senarrak tratu txarrak eman zizkion lehen egunetik, baina Amalek ez zion ezer esan inoiz familiari, uste batzuen tratu txar egoera hori ‘normala’ zela.
Bortxaketa etenik gabekoen ondoren bost umeak jaio ziren (egun 10, 9, 8 eta 3,5 urte dituzte, txikienak bikiak direlarik). Horiei ere tratu txarrak eman dizkie aitak”.
Gizona atxilotu zuten arren, ondoren, libre utzi zuten. Beraz, Amal eta bere seme-alabak Greziako Gobernuaren babeserako programa batean sartu dituzte. Pinedak azaldu duenez, zentro horren kokapena konfidentziala da, senarrak aurkitu ez ditzan, “baina azken asteetan hainbatetan joan omen da bulego zentraletara harengatik eta umeengatik galdezka. Ume zaharrenak goizero ikastetxe batera joaten dira, babeslekutik kanpo, eta hori ere familiaren segurtasunean puntu ahul bat da, aitak aurkitu baititzake eta bertara joan eta eraman. Inoiz senarra deportatua bada, familiak ere berarekin joan beharko luke. Horregatik
premia larria dago egoera hau lehenbailehen konpontzeko, premiaz Gipuzkoara ekartzeko“.
Lasa eta GKEren ordezkariak igandean Greziara joango dira Amalekin biltzeko eta abokatuarekin ere bai, babesa eskaintzeko emateko tratu txarrengatik duen epaiketan, eta “lehenbailehen etor dadin tramiteak azkartzeko”. Lasak garbi esan du gizartearen presioa eta presio mediatikoak ezinbestekoak direla Madrilek bisa humanitarioa emateko Amali, eta laguntza berezi bat eskatu du: “Gure konpromisoa Gipuzkoara ekartzea da eta aukera ematea bizi proiektu duin eta libre bat garatu dezan seme-alabekin batera”.