Hirutxulo izena jarri nahi diote Ondarretako pasealekuari. (Argazkia: Malen Aldalur)
Bi kale izen jartzeko proposamena egin du EH Bilduk: Loretope, Antiguako oinezkoen tunelari; eta Hirutxulo, Eduardo Txillida pasealekua eta Miramar parke azpiko tunela lotzen dituen pasealekuari.
Donostiako itsasertzetik aise ikusten dira hiriaren Hirutxuloak eta Loretopea. Biak ala biak itsasoak eta itsasertzak marraztuak. Badute lekua, baina kasik ez dute izenik.
Hemendik aurrera Hirutxulok eta Loretopek euren tokia izateko eskatu du Donostiako EH Bilduk; izen hauek jarri nahi dizkiete hiriko bi lekuri. Hori dela eta, proposamena aurkeztu du kaleak izendatzeko ponentzia azter dadin. Hirutxulo deitu nahi diote Eduardo Txillida pasealekua eta Miramar azpiko oinezko tunela lotuko dituen pasealekuari; eta Kontxako pasealekua eta Antigua lotzen dituen oinezko tunelari, berriz, Loretopeko tunela. Ohiko bi lekuk, ohikoak diren bi izen edukitzea nahi dute. Nahiz eta, aurrez ere izan diren kale izenak.
Berriro ere, Hirutxulo
Hirutxulo, esaterako, toki bat baino gehiagoren izena izan da. Serapio Mujika historialariak 1916an idatzi zuenez, garai hartan Ronda izeneko bi kale zeuden eta horrexegatik San Bartolome muinoaren oinean zegoen Ronda kaleari Iruchulo izena jarri zitzaion 1986ko apirilaren 28an. Ondoren, Easo kalea handitu zuten eta Iruchulo desagertu egin zen.
1994ko azaroan berreskuratu zuten berriro, izen horrek hirian zuen garrantzia kontuan hartuta. Orduan jarri zioten Hirutxulo izena Antigua auzoko plaza bati. Hura ere aldatu egin zuten 1996ko otsailean, eta egun Jose Maria Sert plaza bezala ezagutzen da.
Dena den, 1998an beste plaza bati deitu zioten Hirutxulo. Urte hartako ekainean udalbatzan onartu zuten Atotxa futbol zelaia eraitsi ondoren egin zutenplazari Hirutxulo deitzea. Izen hori eduki zuen 2011. urtera arte.
Urte horretan, zenbait herritarrek gune horri oraindik Atotxa deitzen ziotela argudiatuta, eta estadio zaharraren omenez, Atotxako Zelaia izena jarri zioten plazari. Horrela, hiru zuloz osatutako hiria Hirutxulo izeneko kalerik gabe egon da azken urteetan; eta, orain, berriro egin nahi dute Donostiaren adierazgarri den izen horri merezitako lekua eskaintzeko ahalegina.
Errealitatea asko aldatzen da nondik begiratzen denaren arabera, eta hala gertatzen da Donostiarekin ere. Hiritik itsasora begiratuta ez da zulorik ageri, manta harrotu edo lasai urdinxka bat baino ez. Itsasotik hirira begiratuta aldiz, garbi ikusten dira hiru zulo;?Hirutxulo.
Hala ikusten zuten eta esaten zioten Donostiari garai bateko marinelek, baleazaleek eta arrantzaleek. Historiak dio Izurun izenetik eratorria dela baina horren gainean egindako interpretazioek «hiru zulo» esanahia eman ziotela. Honakoak dira hiru zuloak: Santa Klara (Txubillo eta irla artekoa), Donostiako boka (irla eta Urgull artekoa) eta Zurriolako senoa (Urgull eta Ulia artekoa).
Orain ere, Hirutxulo itsasertzean egotea nahi dute, izan ere, aurrez aipatu bezala, Eduardo Txillida pasealekua eta Miramar parke azpiko oinezko tunela lotzen dituen pasealekuari hala deitu nahi diote hemendik aurrera: Hirutxulo.
Loretopeko tunela
Loretope izena jarri nahi diote Antiguako tunelari. (Argazkia: Malen Aldalur)
Belarrira ezagun egingo zaio bati baino gehiagori Loretope; Donostiako toponimia zaharraren parte baita. Antzina hartu zuen izen hori, Ondarreta eta Kontxa hondartzak zatitzen dituen arroka muturrak.
Bertan zegoen garai batean Loretoko Andre Mariari eskainitako ermita; Loretopek Loretoren azpian esan nahi zuen. 1876an desagertu zen ermita eta berarekin hasi zen Loretope hitza galtzen. Pico del Loro bezala ezagutzen dute zenbaitek, dena den, Pico del Loro gaztelaniazko itzulpen okerra da.
Imanol Olaizolak Donostiaren inguruko ikerketa historikoen boletinean azaltzen du, Loretopek ez duela inongo antzekotasun nominalik Pico del Lororekin, eta itzulpenean erratzearen arrazoi bezala, dena gaztelaniara itzultzeko garaiko joera aipatzen du. Euskara ulertzen ez zutenek, ezjakintasunetik itzulitako terminoa dela, hain zuzen ere.
Gaur egun, itsas muturrak bi izenak gordetzen ditu, euskarazkoak leku nabarmena galdu duen arren. Hori dela eta, Loretope izena berreskuratu asmoz, hala deitu nahi diote hemendik aurrera itsasertzean dagoen Antiguako oinezko tunelari. Berdin erabiliko litzateke euskaraz eta gaztelaniaz:?Loretopeko tunela eta tunel de Loretope.
Horrela, hiriko historia eta hizkuntza barnebilduko dituzten toponimo hauek gordetzeko eta erabiltzeko joera areagotu nahi dute.
Hala egiten du Irutxuloko Hitzak ere; hiriaren hiru zuloei erreferentzia egiten dien Donostiaren izen herrikoia da astekariaren bereizgarria. Hiru zuloei begira kontatzen dugu Donostia. Gainera, Loretopek ere badu bere lekua astekariko orrietan, izan ere, handik begira aritzen dira zenbait iritzigile gure orrialdeetan: Loretopetik iritzi atalean.
Ikusiko dugu ea Antiguako tunelak eta Ondarretako paseoak ere izen horiek hartzen dituzten.
Txillardegi Liburutegia kultur egitasmoa berrartu dute
Donostiako hainbat euskaltzalek Txillardegi Liburutegia kultur egitasmoa berrartu eta Donostiako Udalari berriro eskatuko diote Liburutegi Nagusiari ‘Txillardegi’ izena jartzeko. Jose Luis Alvarez Enparantza idazlea hil zeneko 5. urtemugaren atarian, programa mamitsua prestatzen ari dira, eta larunbatean atxikimenduak bilduko dituzte Kursaalen.
Larunbatean, hilak 17, atxikimenduak biltzeko mahai bat jarriko dute Kursaalen, bertan egingo den Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpen-ekitaldiarekin bat eginez. Urtarrilerako, berriz, programa mamitsua prestatzen ari dira. Izan ere, urtarrilaren 14an, Txillardegi hil zeneko 5. urtemuga izango da.
2014ko urriaren 10ean, Donostiako hamazazpi idazlek Donostiako udal erregistroan eskatu zuten hiriaren Liburutegi Nagusia Txillardegi Liburutegia izan zedin.
Proposamenak berehala atxikimendu ugari bildu zuen. Hala ere, udalak ez zuen proposamena onartu.