Kursaaletik Loiola kalera egingo dute ibilbidea, igandean. (Argazkia: Hitza)
TikTara talde zarauztarra ezaguna egin da bere doinu alai eta dantzagarriengatik. Ibilbide ezberdineko bederatzi musikarik osatzen dute taldea. Hamaika musika tresna erabiltzen dituzte, munduko erritmo eta melodiak nahastuz, baina hegoaldeko ikutu batekin beti. Euskaraz abesten dute, hitzak munduko edozein erritmotara egokituz.
Oraingoan erronka handi batekin dator TikTara taldea: hiria dantzan jartzea dute helburu. Donostia Dantzan da, hain zuzen ere, TikTara taldearen proiektu berria: Musika eta dantzaren bat-egitea, hizkuntza unibertsalen arteko elkarrizketa, elkartzen gaituenaren ospakizuna, horrela definitzen dute proiektu berria.
Abenduaren 18an egingo dute Donostia Dantzan jaialdia. Musika eta dantza konpartsa handi batek hiriko kaleak zeharkatuko ditu hainbat geldialdi eginez. Geldialdi bakoitzean TikTarak abesti bat joko du eta aldez aurretik prestatu eta sare sozialen bitartez hedatutako koreografia bat dantzatuko dute. Horretarako ezinbestekoa da, ordea, herritarren parte hartzea, eta gonbita luzatu du taldeak. Bost geldialdi egingo dituzte guztira, eta bakoitzean estilo ezberdinetako dantzak egingo dituzte.
Kursaalen abiatuko da jaialdia, 11:30ean. Kasu honetan dantza klasikoa aukeratu dute.
Bigarren geldialdia, Bretxan egingo dute, 11:50k inguruan. Bertan, saltsa doinuekin astinduko du gorputza hala nahi duenak. Ondoren, Gipuzko plazaruntz jojoango dira, eta 12:15ean edo, doinu orientalak eskainiko dituzte.
Hurrengo geldialdia Askatasunaren hiribidean egingo dute, eta bertan funkya izango da protagonista. Azken geldialdia Loiola kalean egingo dute, 13:00ak inguruan. Kasu honetan, parte-hartzaile bakoitzak nahi duen estiloan dantzatu ahalko du. Bost geldialdi prestatu badituzte ere, geldiuneen artean, TikTarak jotzen jarraituko du kaleak girotuz.
Koreografiak ikusgai daude Tiktara.com/donostia-dantzan loturan. Aukeratu gustukoena eta hasi gorputza astintzen!