Zein dira oinarrizko emozioak?
Hondarribia kaleko El Taller Ikasgela akademian haurrek emozioak ezagutu eta bideratzen laguntzeko tailer bat eskainiko dute abenduaren 26an, 27an eta 28an.
Oso kontzeptu iheskorra da emozioarena; errazagoa da sentitzea definitzea baino. Pertsona ororen bizimoduan, jokaeran edo harremanetan eragin zuzena dute emozioek, baina, orohar, oraindik ez dago heziketa nahikorik.
Uste horretan oinarrituz, emozioen inguruko lanketa bat jarri dute abian El Taller Ikasgela akademiako kideek.
Hondarribia kalean dago zentro hau, Erdialdean, eta normalean eskola errefortzuko saioak eskaintzen badituzte ere, Eguberritarako haurren emozioen inguruko saio bat prestatu dute. Ohiko hezkuntza sisteman hutsune bat dagoela uste dute, eta hori betetzea da helburua.
Iñigo Ibarzabal eta Ana Garcia psikologoak arduratuko dira ikastaroa eskaintzeaz. Gizarte zerbitzuetan aritzen dira, eta ohituta daude babesgabetasun egoeran dauden familiekin lan egiten.
Dena dela, testuinguru horretatik at, emozioen lanketa jendarte osora zabaltzeko modukoa dela uste dute: “Sekula ez zaie denborarik eskaini emozioei. Adierazten ez dena barruan geratzen da, eta ezinegona sortzen du. Horrek komunikatzeko edo erlazionatzeko zailtasunak sortzen ditu”, dio Ana Garciak.
Umetan norbere barne mundua, emozioak, ezagutu eta bideratzen ikasteak geroko ongizatean laguntzen duela uste dute.
Sentitu eta adierazi
Emozioen inguruko esperientzia tailerra hiru egunetakoa izango da: abenduaren 26an, 27an eta 28an eskainiko dute, goizeko 11:00etatik 12:00etara. 7-10 urte bitarteko haurrentzako prestatua dago, eta asko jota hamarreko taldea osatuko dute.
Egun bakoitzeko dinamika ezberdin bat egingo dute. Lehen egunean, parte hartzaileek elkar ezagutuko dute jolas baten bitartez, eta oinarrizko bost emozioak ere ezagutuko dituzte: beldurra, haserrea, tristura, poza eta nazka. “Jende asko dago oinarrizko emozioak zeintzuk diren ez dakiena; horretxek uzten du agerian tailer honen zentzua”, dio Iñigo Ibarzabalek.
Bigarren egunean, bideo bat jarriko diete haurrei. Marrazki bizidunetan oinarrizko emozio horiek identifikatu beharko dituzte eta gainerako kideekin partekatu. Horrela, irakurketa eta ikuspegi ezberdinak ager daitezkeela ohartuko dira. Gainera, saio honetan gorputz espresioa ere landuko dute: «Gorputzaren bidez ere azaleratzen dira emozioak, baina askotan ez gara konturatzen», dio Garciak.
Azken saioan, emozio batean sakonduko dute. “Eguberriak data bereziak izan ohi dira, eta tailerra aho-zapore gozoz bukatzea nahi dugu. Horregatik, poza landuko dugu azken egunean”, azaldu du Ibarzabalek.
Horretarako, jolas baten bidez tentsioak askatu ondoren, haurrak erlaxatu, begiak itxi, etzan eta hezitzaileen ahotik entzuten duten ipuinean barneratu beharko dute. Modu honetan, poza edo zoriontasuna sorrarazten dizkieten une, pertsona edo egoerak irudikatu beharko dituzte. Marrazki batean islatuko dituzte une horiek guztiak gero, eta hezitzaileek errepikatzen diren elementuak bilduko dituzte: familia, lagunak…
Emozioak lantzen ikasteko gida bat izatea nahi dute. Norbere lana izango da gero bidea jorratzea. Parte hartu nahi duenak eltallerakademia@gmail.com helbidera idatzi edo 634941318 telefonora dei dezake.