Dbus-eko autobus bat geltokira iristen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Dbus autobus konpainiako 26. linean gertatu da gaur erasoa. Donostiako Udalaren arabera, bidaiari batek autobus gidari bati eraso egin dio. Erasotzaileak beste bidaiari batzuei aurre egin die, bere jarrera aurpegiratu baitiote, eta mehatxuka aritu zaie, baita adineko pertsona bati ere. Gidariak gertatutakoa salatu du Udaltzaingoan. Udaltzainak, berehala agertu dira lekuan, eta erasotzailea atxilotu dute.
Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak, Udalaren izenean, bere babesa adierazi dio langileari, eta autobus konpainiako langileen aurkako edonolako indarkeria mota baztertu du. Ibilgailuaren gidariarengan eta erabiltzaileengan eragindako urduritasuna ere salatu du.