GuraSOSek antolatutako bilkura-askaria. (Argazkia: GuraSOS)
Igande arratsaldean hainbat lagun elkartu ziren Gipuzkoa plazan erraustegiaren inguruko adostasuna helburua,
elkarrizketarako deia egitera.
Gastainak, goroldioa, postalak, jolasak… ez zen ezer falta GuraSOSek antolatutako bilkura-askarian. Giro ezohikoan egin zituzten euren aldarrikapenak. Aldundiarekin hitz egin nahi dute Zubietako erraustegiaz; izan ere, bi aldiz eskatu dute hitzordua, eta ez dute erantzunik jaso: “Ez gaituzte entzun nahi, baina entzun egingo gaituzte; ez gaituzte ikusi nahi, baina ikusi egingo gaituzte”.
Aldundiak 2017. urtean hasi nahi du erraustegia eraikitzen, hori dela eta, haurren osasunarekin kezkatuta dauden guraso taldeak 2017a osasunaren eta adostasunaren urtea izatea nahi dutela aldarrikatu dute.
Aldarrikapenez gain
jolasterako tartea ere hartu zuten igandea: lokotxak, boloak, zakuak, sokatira; eta gabon giroan gaztainak eta postalak ere banatu zizkieten bertatik igaro zirenei. Erakundeekin hitz egiteaz gain, eztabaida gizartera zabaltzea ere badute helburu.
Maiatzean martxan jarri zirenetik, hainbat mobilizazio egin dituzte GuraSOS taldeko kideek eta ez dute amore emateko asmorik: “Gurasoak gara, beraz, astunak gara: buruan sartu zaigu gure haurrek ez dutela izango ke beltzik. Hori dugu helburu”. Nafarroa eta Asturias (Espainia) jarri dituzte adostasunaren adibide, eta ohartarazi dute erraustea XX. mendeko kontua dela: “Europako irizpideak erraustegiak ezabatzeko bidean doaz”.
Igandeko hainbat argazki bildu ditugu GuraSOSeko sare sozialetatik: