Ekonomia sozial eta solidarioarekin lotutako lehiaketa jarri du abian Emaus-ek
Erronka bat jarri du Emausek: ekonomia sozial eta solidarioa artearen bitartez transmititzea. Artea sormenaren eta ikaskuntzaren, topaketa eta parte-hartzearen espazio gisa plazaratzea, gizarte eraldaketa aktibatzeko tresna gisa erabiltzea. Hala, EAEko unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasleei zuzendutako Interbentzio artistikoen eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko Ekimuin I Lehiaketan parte hartzeko deia egin du Emaus-ek.
Lehiaketaren helburu nagusiena, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren printzipio desberdinak barneratzen eta islatzen dituzten interbentzio artistikoak sustatzea da, hain zuzen ere, emakumearen ahalduntzearekin, Hegoaldeko Ikuspenarekin eta bazterketa arriskuan dauden kolektiboekin erlazionatutako ikuspenak barneratzen dituztenak.
Irabazleek, euren proiektuak hiru espaziotan garatzeko eta erakusteko aukera izango dute: Donostiako Emausen EkoShop-eko bi erakusleihoetan eta Mungiako Torrebillela erakusketa aretoan. Era berean, 400 euro emango zaizkie proiektuak sortzen dituen gastuei aurre egiteko.
Proiektuak aurkezteko azken eguna abenduaren 31a izango da.