Ministroen kontseiluari eskatu zaio zezenketen inguruko galdeketa egiteko baimena. Adierazpen eskubidearen aurkako erasotzat dute hiriko eragileek
Donostia Antitaurina Orain plataformak 10.000 sinadura aurkeztu ditu zezenketen inguruko galdeketa abian jartzeko. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Maiatzean baliogabetu zuten Kontsulten udal araudia. Izan ere, Carlos Urquijo Espainiako Estatuaren Abokatuak araudiaren kontra jarritako inpugnazioa onartu zuen EAEko auzitegiak.
Hala, etenda gelditu zen 2015. urtean udalbatzak aho batez onartutako kontsulten araudia. EH Bilduren gobernuak 2013. urtean abian jarritako partaidetza prozesu baten emaitza izan zen herri galdeketak egiteko oinarriak finkatzen zituen araudia.
Hiriko hainbat eragile eta norbanakok hartu zuten parte prozesuan, eta guztiek gogor kritikatu zuten Espainiako Gobernuaren jarrera eta erabakia. “Demokraziaren eta adierazpen nahiz iritzi eskubidearen aurkako eraso” gisa hartu zuten erabakia. Eta baita udal autonomiaren aurkako erasotzat ere.
“Ulertezina da udal bati herritarren iritzia jakiteko tresna bat izaten ez uztea”, horixe izan zen Eneko Goia alkatearen beraren erreakzioa EAEko auzitegiaren erabakia jakin zuenean.
Udaleko edozein gairen inguruan galdetu ahal izateko tresna behar luke kontsulten araudia. Emaitza ez litzateke loteslea, baina iritzia jakiteko nahikoa.
Donostia Antitaurina Orain Plataforma izan da tresna hori baliatzen lehena. Herri kontsulten araudia oinarri hartuta abiatu zuen Illunbe zezenketak egiteko erabili ala ez galdetzeko kanpaina.
Galdeketen bidea etenda
Zezenketen inguruko galdeketa abian jartzeko araudiak eskatzen zituen 10.000 sinadurak aurkeztu zituen Donostia Antitaurina Orain plataformak martxoan.
Galdeketa egiteko moduak oraindik epaitegietan zirela, 2017ko otsailaren 19rako jarri zuten zezenketen inguruko galdeketa egiteko data.
Baina Espainiako Estatuaren Abokatuak berriro ere esku hartu eta zezenketen inguruko galdeketa debekatu zuen irailean.
Bi debekuen aurkako errekurtsoa jarria du udalak, eta epaitegien erabakien zain egon gabe, bide berriak landu ditu galdeketa egin ahal izateko.
Ministroen Kontseiluari baimena eskatzea erabaki zuen udalbatzak urriko osoko bilkuran. Horretarako, herri galdeketen araudia aldatu behar izan dute. Aldaketaren harira, 16 urtetik 18 urtetik gorakoetara igoko litzateke parte hartzeko eskubidea duten herritarren zatia.
Baimena eskatu beharrak hainbat erreakzio eragin zituen: “Ez da atsegina horrela ibili behar izatea, baina egoerak honetara garamatza”, adierazi zuen alkateak.
Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotzi sozialistaren hitzetan, berriz, “demokrazia batean zientzia fikzioa dirudi galdeketa bat egiteko baimena eskatu behar izatea”, eta EH Bilduk ere “herritarrei galdetzeko Madrili baimena eskatu beharra udal autonomia mugatzea” dela kritikatu zuen.
Iritziak iritzi, momentuz Ministroen Kontseiluaren esku dago zezenketen inguruko galdeketa. Madrilen erabaki beharko dute galdeketa egin ala ez egin.
Gainera, Madrili baimena eskatzeko bidea aukeratu zuenean udal gobernuak hala uste ez bazuen ere, Minitroen Kontseiluak herri kontsulta egiteko baimena emango balu, eta zezenketen inguruan galdetuko balitz, emaitza loteslea izango litzateke. Hau da, udalak galdeketaren emaitza errespetatu beharko luke.
Dena dela, gaur gaurkoz, ez dago herri kontsultak egiteko modurik.