Uliako hirigintza proiektuak urte osoan astindu du auzoa.
Uliako parkeak babes keinu ugari jaso ditu. (Argazkia: ULB)
Urtea hastearekin batera piztu ziren alarmak Ulian. Mintegietan gazteentzako 70 apartamentu egin ahal izateko Hirigintza Plan Orokorra aldatzea erabaki zuen udal gobernuak otsailean. Aurreko planak luxuzko 30 etxebizitza egitea aurreikusten zuen.
Bizilagunak udal gobernuaren erabakiaren berri jakin orduko hasi ziren euren ezinegona adierazten. Lorategietan etxebizitzak egitea «arduragabekeria hutsa» zela adierazi zuten, eta atzera egiteko eskatu zieten udal ordezkariei. Parkea bertatik bertara ezagutzeko gonbita ere egin zieten eta hainbat zinegotzi parkean izan ziren.
Sinadura bilketa bat ere jarri zuten abian, eta parkea bere horretan mantentzeko 4.226 sinadura bildu zituzten.
Udal gobernuak, ordea, ez zuen atzera egin, eta otsaileko udalbatzarrean Plan Orokorraren aldaketa onartu zuten, EAJ eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak kontra bozkatu zuten, eta PPk abstentzioaren alde egin zuen. Oposizioak gazteentzako apartamentuak hiriko beste eremu batean eraikitzea proposatu zuen, Uliako parkea bere osotasunean mantentzeko. Udal gobernuak, ordea, adierazi zuen hirigintza proiektua eta parkea bateragarriak zirela.
Erabakiarekin ez daude ados uliatarrak. Etxeak eraikita parkea suntsituko litzatekeela uste dute. Hirigintza plana geldiarazteko ahalegin guztiak egin arren ez zuten udalaren jarrera aldatzerik lortu. Uztailean eman zioten behin betiko onarpena proiektuari.
Uliatarrek «etsigarria» izan dela onartu arren, euren jardunak ez du etenik izan urte osoan zehar. Uliako Lore Baratzak proiektuko kideek kudeatzen dute Uliako parkea 2014az geroztik. Erabilera irekia eman diote, parkea ezagutarazi eta erabiltzea izan dutelarik helburu nagusia.
Izan ere, herritarren ahotan parkea bada ere, hiri barneko berdegune bat da, eta auzotarrak buru belarri dabiltza parke izaera lortzeko. Euren eskura dituzten baliabide guztiak erabili dituzte. Arartekora jo zuten, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere eztabaidatu zuten gaia, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailari ere eskatu zioten kultur ondare izenda zezatela eremua.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Uliako mintegien azterketa bat egin zuen ekainean, eta txosten bat osatu zuen bertan egindako ikerketekin.
Ategorrieta-Uliako natur eremu osoaren balio naturala, historikoa, kulturala eta paisaia balioa aztertu zituen, eta hiriko berdeguneen antolaketan izan dezakeen pisua aztertu zuten.
Horretarako bost atal banatu zituzten: fauna, flora, balio-historiko eta kulturala, berdeguneen antolaketa eta erabilera.
Jasotako datu guztiak kontuan izanik, balio garrantzitsu bat aitortzen dio Aranzadi Zientzia elkarteak Uliako berdeguneari: parke izaera behar duela aitortzen du