Asier Basurto eta Sara Ruesgas. (Argazkia: Malen Aldalur)
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzan lanean ari dira Sara Ruesgas (Gros, 1985) eta Asier Basurto (Ibaeta, 1985). Urte gorabeheratsua izan da, baina asko ikasi dute.
Artearen historia ikasi zuen Ruesgasek, urtebete egin zuen Estatu Batuetan, eta gero Erasmus programarekin Italian egon zen. Basurtok berriz, soziologia ikasi zuen eta geroztik hizkuntza soziologian egin du lan, bereziki, ikerkuntzan eta dibulgazioan. Gaur egun, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzan egiten dute lan; Ruesgas Nazioarteko proiektu teknikaria da, eta Basurtok Kontseiluak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak hizkuntza atala indartzeko egindako proiektuetan dihardu lanean.
Noiz hasi zineten Donostia 2016an lanean?
Sara Ruesgas (S.R.): 2015eko uztaila bukaeran hasi nintzen.
Asier Basurto (A.B.): Ni zertxobait lehenago, 2013ko uztailean.
Zertan egiten duzue lan?
S.R.: Nazioarteko proiektu teknikaria naiz. Gehienbat gestore bezala egiten dut lan;?proiektuak kudeatzen. Wroclaw, Europako beste kultur hiriburutzarekin harreman handia eduki dut, eta baita aurretik eta ondoren kultur hiriburu izan direnekin eta izango direnekin ere. Bestalde, beste eragile batzuekin ere eduki ditugu elkarlanak; Japoniarekin, esaterako. Lanean hasi nintzenean 2015eko Kultur Hiriburutzak bukaerara iristen ari ziren, eta azken ekitaldietarako gauzak antolatzea tokatu zitzaidan. Pilsenekoak, esaterako, aurrez hemen egonda zeuden eta bazekiten zer nahi zuten: Kukairen ikuskizun bat ikusi zuten Albaolan eta kasik enkarguz lotu genuen. Batzuetan soilik bitartekari lana egin dugu, baina gure proiektuetan gure egitekoa da zer, noiz eta nola antolatu erabakitzea.
A.B.: 2013an, ni lanean hasi nintzenean, hizkuntzen atala oso gutxi garatua eta definitua zegoen, eta orduko zuzendaritzak hori ikusita hitzarmen bat egin zuen Kontseiluarekin; helburua, atal hori zehaztea zen, horren barruan hainbat proiektu egin ahal izateko. Ni atal horren barruan sartu nintzen langile bezala. Lehenengo hiru urte horietan guk proiektuak sortzeaz gain, jendearen proposamenak jaso genituen eta gero horiek, onartu, baztertu edo moldatu. Azkenik, 2016an egingo genituen jarduera eta egitasmo ezberdinak definitu ahal izateko. 2016. urtea aurrez pentsatutako guztia egiteko urtea izan da.
S.R.: Nire kasuan ez da horrela izan. Iritsi nintzenerako kontzeptualizazio guztia eginda zegoen, ez nuen nire ideiak plazaratzeko tarterik izan. Zeuden ideiak praktikara eramatea tokatu zitzaidan; egitasmo guztiak gauzatzea.
Kanpora bidaiatzea ere egokitu zaizue.
S.R.: Gehien Wroclawen egon naiz, bost aldiz, eta baita Pilsenen ere. Dena den, ni kanpora baino gehiagotan etorri dira beraiek. Aurten askotan egokitu zait anfitrioi lanak egitea; batez ere japoniarrekin.
A.B.: Ni ere ibili naiz nazioartean, baina jendeak pentsa dezakeenaren kontrara ez nahiz herrialde handietan ibili, hizkuntza gutxituak dauden lekuetan baizik; Katalunian, Galizian, Frisian, Galesen, Irlandan…
Zer ikasi duzue bidaietan?
S.R.: Oso aberasgarriak izan dira. Lehen aldia zen Ekialdeko Europara bidaiatzen nuena.Beti ikusten dituzu gauza ezberdinak; jokatzeko eta egiteko bestelako moduak. Hala ere, funtsean denok nahiko antzekoak gara.
A.B.: Bidaietan deigarria egin zait ikustea hizkuntza kontuetan euskaldunak erreferente garela. Oso ondo hartu gaituzte elkarlanak proposatu dizkiegun guztiek. Bestalde, oso polita da beste herrialdeekin ditugun antzekotasunak eta ezberdintasunak ikustea; orduan ohartzen zara hizkuntzarekiko kezkak eta bizipenak antzekoak izan arren, lan egiteko moduek, ohiturek ez dutela zerikusirik. Kontuan izan behar duzu denek ez dutela zuk bezala pentsatzen; adibidez, batzuk ez dira batere zorrotzak ordutegiekin, eta beste batzuk urtebete lehenago dena programatua eduki behar dute.
Anekdotarik?
S.R.: Japoniarrek ez dute ezezkorik ematen;?ez dute erantzuten, eta kitto. Egia da hasieran kostatu egin dela, baina azkenean bestearen ohituretara moldatzen joaten zara. Bestalde, lanerako oso onak dira, baina gero talka kultural handiak ditugu. Ez dira asko hurbiltzen, ez dute musurik ematen… Hemengo eragileekin elkartu izan direnean momentu bitxiak ikusi izan ditut; muxu ematera joan eta besteak atzera egin eta horrelakoak.
Urtearen zein balorazio egiten duzue?
A.S.: Alde on bezala esango nuke kristoren aukera izan dugula, proiektuak daukan dimentsioarengatik. Nik, esaterako, beti egin izan dut lan hizkuntzarekin lotura duten kontuetan, baina proiektu honek dena nazioarteko eta handi bihurtzeko aukera eman dit. Donostiako arreta guztia proiektu honetan dago, eta baita baliabideak ere. Erronka pertsonal bat da. Bestalde, lantaldea ere zoragarria da; harrigarria da zein jende ona dagoen lanean, eta hori pribilegio bat da. Horregatik aguantatu dugu! Izan ere, alde txarrak ere baditu, gutako bakoitzak lan karga ikaragarria dauka. Gainera, ezin dira aipatu gabe utzi hedabideen eragiteko saiakerak, esku hartze eta presio politikoak, eta etxe barruko tirabirak; guzti horrek lana oso gogorra izatea eragiten du.
S.R.: Nahiko etsigarria suertatzen da zuk ilusio handiz egin duzun proiektu bat presio mediatiko eta politikoengatik manipulatua ikustea.
A.B.: Proiektu honen kondena da hiriaren izenarekin ari garela. Donostia izenarekin doa eta Donostia ikusteko, kontatzeko eta bertako kultura esplikatzeko borrokak daude sektore askotatik. Proiektu honen kudeaketarekin gauza berdina gertatzen da; elkarbizitza hau da, ez beste ezer.
S.R.: Uste dut alde handia egon dela oinarrian egin nahi zen horretatik komunikatu den horretara. Dena den, egia da oso momentu onak ere pasa ditugula. Eskola bat izan da denontzat, baina zapore gazi gozoa ere utzi digu; sentsazioa daukagu sarri gure proiektuetan hain sartuta egon garela ez dugula albokoa egiten ari zenaz disfrutatzeko tarterik izan.
Urte gorabeheratsua izan da?
S.R.: Urtean zehar gorabehera asko egon dira. Proiektu batekin zaudenean maldan gora zoaz arnas estuan eta gero aje handi bat etortzen da, arnasaldi bat; eta berriro gora. Niretzat 2016 urte gogorra izan da, baina asko ikasi dut.
A.B.: Alde batetik hiriburutzaren aurreko hiru urteak daude. Garai horietan dagoeneko bazeuden tirabirak, zu lanera etortzen zinen asteko bost egunetan, lan eta lan ari zinen baina ez zen ezer gertatzen. Orain gauzak gertatzen ari dira. Nolabait aurreko lan hori esker txarrekoa edo da; ez da egiten ari zaren lana ikusten, orain bai. Dena den, une honetan gasolina gehien ematen diguna amaiera ikustea da.