Aurtengoa urte berezia izan da Bagerarentzat. Batetik, 25 urte bete ditu elkarteak; eta, bestetik, Euskarriak proiektua garatu du Donostia 2016rekin elkarlanean.
Bagera elkarteak eta Donostia 2016k elkarlanean egindako euskarrietako bat: Europako hizkuntzen mapa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bagera elkarteak ospakizun eta aldaketarako urtea bizi izan du aurten. Hain zuzen ere, euskaltzaleen elkartearen 25. urteurrena izan dela kontuan hartuz, hausnarketa prozesu bat egin dute. «Urte hauetan guztietan egin den lana izugarria izan da, baina errealitatea zein gizartea aldatu egin dira; horregatik, egungo egoerara egokitzeko zer egin genezakeen pentsatzen aritu gara», azaldu du Bagerako Zuriñe Gonzalezek. Hala, betiko molde eta egitasmo batzuetatik aldendu, eta eredu berrien alde agertu dira. Tartean, irudia berritu eta gazteengana iristeko apustua egin dute.
Baina ez hori bakarrik. Aurten ere beste erronka garrantzitsu bat izan dute eskuartean: Euskarriak, Donostia 2016rekin batera aurrera eraman duten elkarlana. Proiektua urte osokoa izan da, eta hiru ardatz landu dituzte: Europako hizkuntzak, Donostian dauden hizkuntzak eta euskara bera, hau da, euskararen normalizazioa Donostian erakustea. «Hizkuntz aniztasuna ez dugu ulertzen euskararik gabe, eta horri berezibiko garrantzia eman diogu. Gure ustez, kanpora begira, euskararen presentzia eta hizkuntzaren egoera Europa mailan ikusarazteko balio izan du», nabarmendu du Gonzalezek.
Aitziber Gurutzeagaren iritziz, Euskarriak proiektuak legatu bat utziko du, eta aukera eman die zabalkuntzarako: «Bagera bera ere Donostian ezagutarazteko». Bat dator elkarteko Idoia Trenor: «Aukerak eman dizkigu eta horiek baliatu ditugu. Gainera, hizkuntz aniztasuna beste jende mota batekin eta beste ikuspegi batzuetatik landu ahal izan dugu. Eta, noski, umoretik lan egiteko aukera izan dugu; umore ona zabaltzeko».
Modu horretan, Donostia 2016rekin elkarlanean aritzeak ekonomikoki lagundu ez ezik, euren proiektuak ikusgarriagoak izateko ere aukera ona izan dela ziur daude Bagerakoak.
Euskarriak proiektuaren helburua izan da herritarrek euskara eta hizkuntzen inguruan sentsibilizatzea eta hausnartzea. Horretarako, hamar euskarri sortu dituzte urte guztian zehar: «Deigarriak izatea nahi genuen, eta jendeak bat-batean kaletik topatzerakoan, euren inguruan hausnartzea».
Tabakalera ondoan dagoen Europako hizkuntzen mapa izan zen lehenengoa eta, Bagerakoen esanetan, zabalkunde handia izan du. Horrekin batera, arrakasta handia lortu zuten Alde edo alde izenburupean sare sozialetan zabaldu zituzten komikiek: «Gazteengana iristeko asmoa genuen, baita euskararen gaineko betiko diskurtsoekin hautsi ere».
Bestalde, Hitz Machine delakoaren bidez, oinarrizko hiztegitxoak sortzeko makina bat eratu du lan talde batek, Hirikilabseko laborategian. Turismoari begira, hiztegi txikiak sortu dituzte, auzoetako arnasguneak ikusarazteko bi hormairudi margotu dituzte Añorgan eta Altzan, hiztun kopuruak irudikatzen dituzten hizkuntzen bolak daude zintzilik Gipuzkoa plazan eta beste hainbat proiektu.
Sortu duten azkenetarikoa Donostiako audiogidena izan da. «Lekuan bertan edo birtualki egin daitezke ibilbideak. Guk lau proposatzen ditugu audiogiden bitartez: literaturari buruzkoa, Fito Rodriguezen laguntzarekin egin duguna; hizkuntzen ibilbidea historian zehar, Mikel Zalbiderekin; Amarakoek sortutako Donostiako banbalina ezezagunak izenekoa; eta, azkenik, guk antolatu izan duguna, Euskararen Donostia», adierazi du Gonzalezek.
Hiriburutzakoekin izan duten harremana oso ona izan dela esan dute Bagerakoek: «Prozesu guztian zehar, Donostia 2016ko talde bat egon da beti gurekin, jarraipena egiten eta iritziak elkar trukatu ditugu etengabe. Euskarri guztiak landu eta adostu egin ditugu elkarrekin».
Euskarri horiekin guztiekin, ildo moduko bat ireki da Bagerakoentzako. Horregatik, etorkizunari begira, euskarrietako batzuk mantentzeko aukera aztertzen ari dira. «Komikiarenak, adibidez, arrakasta handia izan duenez, horrelakoak egiten jarraituko dugula pentsatu dugu. Hiztegi makinaren sorkuntza ere baloratzen ari gara. Lan talde polita eratu da, eta gogotsu daude lanean jarraitzeko», azaldu du Gonzalezek.
Euskararen presentzia
Donostia 2016k antolatutako beste ekitaldi gehienetan euskararen presentzia bermatua egon dela uste dute Bagerakoek. «Fundazioak argitaratu dituen kartel eta idatzizko euskarrietan ikusi dugu hizkuntzaren trataera eredugarria izan dela. Baina egia da zenbait ekitaldietan euskarak ez duela presentziarik izan. Esate baterako, Hibrilaldiaketan egon ginen, eta euskara oso maila txikian erabiltzen zutela ikusi genuen», gogoratu du Gonzalezek.
Azken batean, Donostiapedia, Donostiako Protokoloa eta Euskarriak proiektuak euskara bermatu eta merezi duen presentzia emateko aukera eta ardatz nagusiak izan direla uste dute Bagerako langileek.
Bagerako Idoia Trenorren arabera, lau hizkuntzak –euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa– oso presente izan dituzte, eta «horrek ekarri du euskara ere ikusgarriagoa izatea». Gainera, azpimarratu du harremana izan duten langileekin eta ezagutzen dituzten kideekin euskaraz egiteko aukera izan dutela: «Oso giro euskalduna nabaritu izan da. Elkarbizitza praktikara eraman, eta naturaltasunez erabili da euskara».