Galdezka
Denetariko kritikak jaso ditu. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren urteak. Hiriburutza barrutik jarraitu duten hiriko lau kulturgilerekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, euren iritziak jasotzeko.
1- Zure arloari dagokionean, espero zenuen moduan joan da Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren urtea?
2- Herritarrek ongi erantzun dutela esango zenuke?
3- Jarduera askotan parte hartu duzu? Nola bizitu duzu?
Iker Lauroba. Musikaria: «Jarduera batzuek oihartzun handia izan dute, eta beste txiki askok ez»
1// Ez dakit. 2016an uste dut espero zela kultura leherketa bat izatea hirian. Kultura barnetik bizi izan dugunok jarraipen gisa bizitu dugu; egia da jarduera gehiago egon direla, dezente, baina kezkatzen nau eskaintzak 2017an ea jarraipen bera izango duen edo ez.
2// Ez dakit gizarte gisa prest ote gauden halako eskaintza zabal baten parte izateko. Hau da, 2016an, diru laguntzak bideratu direnez, kultura asko doan eskaini da. Hori ona da jende guztiarengana iristeko, baina zailagoa egiten da kulturan gaudenon lana baloratzeko. Jendeari gauza asko doan eskaini dizkiozunean, gero pentsatuko dute: «Nola ordainduko ditut zure kontzertuarengatik 5 euro, ikusi baldin badezaket Bob Dylan Jazzaldian doan?». Diru laguntzak jaso izanak babesa erakusten diote artistari erakundeen aldetik, baina gizartea ohituko dugu kultura doan jasotzera? Kontzertu batzuetan egon naiz, eta oso publiko gutxi egon da, eta uste dut denetik egon dela. Jarduera batzuek oihartzun handia izan dute, eta txiki askok ez, ahaztuak geratu dira.
3// Nire kulturaren jarraipenarekiko ez du ezer ere aldatu 2016ak. Saiatu naiz urtea jarraitzen, musika arloan, bereziki. Orain, Izarorekin eta Tabakaleran entseatzen dugunez, bertako erakusketa batzuk ere ikusteko aukera izan dut. Egia da ere azkenaldian nahiko lanpetua nabilela, eta ez dut denbora gehiegirik nire aisialdirako, baina jarraitu dut, bai. Eskaintza gehiago egon da, baina uste dut Donostiak betidanik izan duela eskaintza zabala, bai kontzertu aldetik, bain antzerki aldetik, esaterako. Bazirudien denak bat-batean kulturan murgildu behar ginela, egunean ez dakit zenbat jardueretara joanaz, eta, horregatik, beldurra ematen dit 2017ak, bereziki.
Rita Unzurrunzaga. Ekain arte galeriaren jabea: «Ez ditugu gure salmenta aurreikuspenak bete»
1// 2016a desberdin antolatu genuen, Kultur Hiriburutzari begira. Erakusketa gehiago eta motzagoak eskaini ditugu; gainera, galeriako horma bat gorde dugu artista gonbidatuentzat, eta hainbat egileren lanak erakusgai jarri ditugu. Hala ere, bitxia bada ere, urtea iazkoa baino okerrago joan da. Jende gehiago ibili da, baina ez da izan gure artelanak erosteko publikoa bereziki, Hiriburutzak ez du ekarri publiko berezitua. Bisitariak izan ditugu, eta udaran jende asko etorri da, baina ez Hiriburutzagatik, baizik eta gero eta turista gehiago dabiltzalako Donostian. Ez ditugu gure salmenta aurreikuspenak bete. Galeria batean erosten duen publikoak eduki behar du sentsibilitatea artearekiko, hemen saltzen duguna ez baita oinarrizko behar bat. Horretaz gain, dirua izan behar du.
2// Esfortzu handia izan da, diru aldetik, gehienbat, eta denbora aldetik. Hemengo jendeak uste dut galdu duela kulturarekiko ilusioa eta itxaropena. Zalantzan jartzen dut ea hemen bizi direnei sentsibilitatea piztu zaien arte diziplinekiko. Kulturak pisua du, denboran zehar hedatzen dena, eta bere garrantzia du. Nire itxaropena da pedagogikoki jendeari Hiriburutzak hunkitu izana; eta ulertu den edo ez, hori ez dakit… Ea legatua geratzen den aurrera begira.
3//2016a iritsi aurretik, pentsatzen genuen kulturaren munduan mugitzen garenok partehartze handia izango genuela. Gure lana hemengo artistei lekua ematea da. Donostia 2016tik gurekin harremanetan jarri ziren irekiera ekitaldian parte hartzeko. Tytti Thusbergen erakusketa genuen orduan; moda sortzen du materiala birziklatuz, eta performance bat eskaini genuen. Gure partehartzea oso zehatza izan da, momentu batekoa; beraiek nahi izan dutenean.
Koldo Almandoz. Zinemagilea: «Bakoitzak jarri behar du interesa zein eskaintza dagoen jakiteko»
1// Izan ditu gauza batzuk positiboak, eta, beste batzuk, autokritikarako bidea ematen dutenak. Gai bagara autokritika egiteko, hori ere baikorra izango da. Komunikabideek garrantzia asko izan dute, eta asko egin da komunikabideek esango zutenari begira, herritarrei begira baino. Hor errua denona da, antolatzaileena, komunikabideena, eta hausnarketa da beharrezkoa.
Bi kontu baikor aipatuko nituzte; batetik, edukietan jarri dela indar gehiago, edukiontzietan baino; eta, bestetik, uste dut lortu dutela kulturaren eta gizartearen leku eta agente askotara iristea. Euskal Herrian eta nazioartean asko zabaldu da; ez dute gorde beraien lau lagunentzako, eta uste dut hori eskertzekoa dela.
2// Ez naiz halako kontuen zalea, kultura egunetik egunera egin behar dela iruditzen zait. Hala ere, egon naiz jarduera batzuetan, eta uste dut bakoitzak jarri behar duela interesa. Agian, gauza batzuk ez dira gehiegi komunikatu, baina bakoitzak jarri behar du interesa zein eskaintza dagoen jakiteko.
3//Nagusiki bi proiektutan parte hartu dut. Batetik, Hormek Diote, muralismoaz eta kale arteaz aritu dena; eta, bestetik, Kalebegiak filmerako piezatxo bat egin dut. Urtea gehiago joan zait lanean, publiko gisa baino.
Hormek Diote proiektuaren barnean, adibidez, jardunaldi asko egin ditugu tamaina txikikoak. Kale artearen inguruko hausnarketa egin dugu, eta laborategi gisa aritu gara. Egin dugu proiektu bat kale artearen inguruan, 2016a arte kale artea debekatzen zuen hiri batean, eta hemendik aurrera ere debekatzen duena. Gustura aritu gara lanean, eta jende asko ezagutu dugu. Gure proiektua bereziki auzoetan gauzatu dugu, eta ikusi dugu auzoetako kontuak zein gutxi axola zaizkien hiriko erakundeei, eta 2016ari berari.
Sara Cozar. Aktorea: «Izugarria izan da parte hartzea ‘Uda gau bateko ametsa’ ikuskizunean»
1// Antzerkian, zehazki, ez da gauza gehiegirik egin 2016an. Uda gau bateko ametsa egin da, eta horrek diru aurrekontuaren zati handi bat eramango zuen. Badakit duela gutxi Lu eta Le estreinatu zutela, baina ezin izan nuen ikusi. Badakit ere Tabakaleran gauza txiki batzuk egin zituztela. Orokorrean, hiria sentitu dut nahiko mugitua kulturalki. Jarduera asko egon dira hainbat lekutan, eta urte ona iruditu zait Donostiarentzako.
2// Gure kasuan, ikuskizunerako sarrera guztiak agortu ziren, estreinatu eta astebetera. Tabakaleran ikusi nuen Europa Transiteko horretan ere aretoa betea zegoen. Gero, beti gertatzen da informazioa ez dela jende guztiarengana iristen, baina uste dut nahiko erantzun ona egon dela herritarren aldetik.
3// Niretzako izugarria izan da parte hartzea Uda gau bateko ametsa ikuskizunean. Hemendik urte batzuetara 2016a oroitzean, horixe gogoratuko dut gehienbat. Bi hilabete egin genituen Tabakaleran egunero entseatzen, eta gero, hori parkera eraman behar genuen. Gainera,estreinatu aurreko astean, egunero euri pila bat egin zuen, eta ezin izan genuen entsegu orokor bakar bat ere egin. Nolabait magikoa izan da dena; esaterako, 30 egunetatik egun bakar batean utzi behar izan genuen bertan behera euriagatik, eta hori Donostian oso arraroa da. Horren zaila zen montaje batean, dena oso ongi atera zen. Baldintzak izugarriak ziren eta testua oso ongi zegoen landuta. Inoiz ahaztuko ez dugun zerbait izango da, seguru. Oso gauza gutxitara joan naiz gainontzean, 2016 hasi zenean, hilabete bateko semea bainuen. Hala ere, Europa Transiten egon nintzen, Ondarretako jaialdira ere agertu nintzen… baina ez da urte aproposa izan niretzat, nahi nukeen bezala gozatzeko.