Hiriburutzaren urtea udaletik bizitu du Miren Azkarate Kultur zinegotziak; oso pozik dago herritarrek izandako jarrerarekin, eta baikor begiratu du aurrera.
Miren Azkarate, Donostia 2016ko arduraduna.
(Argazkia: Donostiako Udala)
Irekiera ekitaldian ez asmatzeak min egin ziola onartuta ere, Miren Azkaratek (Donostia, 1955) nota oso ona jarri dio kultur hiriburutzari . Diru kopuru handiena bertako eragileei bideratu zaiela dio, eta hasitako jarduerei zein jarraipen eman behar zaien erabaki beharrean daudela.
Odon Elorzak bultzatu zuen hiria hautagai gisa; prozesu horretan, Juan Karlos Izagirrek hartu zuen lekukoa; eta, azken txanpan, Eneko Goia sartu da. Udal ordezkariak batzeko balio izan du honek guztiak?
Nik uste dut baietz. Ni udalera iritsi berria nintzen aurreko legegintzaldian, eta orduan erabaki zuten Donostiarentzat izango zela hiriburutza, Madrilen. Orduko irudia izan zen alderdi guztiak batera geundela, eta hortik aurrera ere elkarrekin osatu dugu batzorde ez iraunkor bat udalean, eta saiatu gara iritziak konpartitzen eta entzuten. Guztien partehartzea bermatzen saiatu gara.
Zuzendaritza taldean aldaketa bat baino gehiago egon dira. Kanpora begira erraza izan da hiriburutza babestea?
Erraza izan da, bai. Zuzendaritza aldaketak ez ditut oso barrutik bizi izan, patronatuaren kontua izan baita. Beste hiriburu batzuetako esperientziak ezagutu dituztenek esan digute horiek egoera normalak izan direla. Kultur hiriburutza baten prozesua hain luzea izaten denez, normala izaten dela krisi pare bat izatea. Batzuetan, talde osoa ere aldatu izan dutela. Nolanahi ere, gauzak oso ongi joan direla eta pozik egoteko arrazoiak baditugula uste dut.
Zergatik diozu hori?
Onartu zen programaren ehuneko handi bat bete da, eta aurreikusitako epetan egin dira lanak. Programa horretan oso garrantzitsua da niretzat zer nolako protagonismoa izan duten bertako eragileek. Horrek badu eragin ekonomikoa, 2016ko programazioak izan duen diru kopuruaren zatirik handiena bertako eragileen eskuetan geratu baita. Gainera, erakutsi dute benetan gauzak bikain egiteko gauza direla; hor ditugu Time machine soup eta Udako gau bateko ametsa.
Jendearen partehartzea ere nabarmenduko nuke. Bai Olatu Talkaren bidez, bai abian jarri den Olatu Energien bidez. Azken horretan, programaren zati bat herritarrek proposatutako proiektuekin osatu dute. Programa egituratzeko boluntariotza sistema sendoa izan da.
Esango zenuke Olatu Talka dela herritarrengana gehien gerturatzea lortu duen jarduera?
2008an edo 2009an izan zen lehenengo Olatu Talka, hautagaitza indartzeko. Hiriburutzaren urtea iritsi arte, sendotzeko balio izan zuen. Aurtengoa berezia izan da, eta hurrengo urteetan iraungo du. Bada modu bat herritarrari kulturarako gonbitea egiteko, kulturan eragile aktiboa izateko. Donostiako hiriburutzaren ezaugarri nagusienetako bat da.
Irekiera ekitaldiak ez zuen esperotako maila eman eta gogor kritikatu zuten askok.
Ez, ez zen esperotakoa izan, hor ez dago eztabaidarik. Ekitaldi jendetsua izatea nahi zen, ikur izan zitekeen espazio gisa zubia hartu zuten; inguruan ikusleak biltzeko aukera ematen zuen, eta ikur berri bat zen. Jendeak oso ongi erantzun zuen, eta boluntarioek ere bai; ekitaldiaren ardura zuenak, berriz, ez zuen behar bezala asmatu. Bazuen eskarmentua halako ikuskizunak antolatzen, eta, hemen, gauzak ez ziren ongi joan. Niretzako okerrena izan zen Hansel Cerezaren jarrera bera; onartu beharrean ez zuela asmatu, etengabe aipatu zuen bera ongi aritu zela eta jendeak ez zuela ulertu. Urtean zehar jendeak erakutsi du ulertu duela, gauzak ongi eginak zeudenean.
Min egin zion Kultur Hiriburutzari ekitaldi hark?
Proiektuari berari ez dakit, baina zubiaren inguruan pentsatuak zeuden ekitaldiak susmopean geratu ziren, eta beldurra sortu zuen antolatzaileen aldetik. Gero egin ziren beste jarduera batzuk zubietan, eta ongi funtzionatu zuten.
Egon dira, gutxienez, pare bat kontu polemiko: Espainiako Errege-erreginen bisita, eta Koldo Mitxelenako erakusketa.
Erregearen kartelak bere grazia puntua ere izan zuen, baina hori ez zen Donostia 2016ren kontua izan. Errege-Erreginen etorrera… patronatu bat daukagu, horren barruan Espainiako Gobernua dago, eta ekitaldi instituzionalak ekitaldi instituzionalak dira. Gero, niri gustatuko zait gehiago edo gutxiago, eta Donostiako Udalak bete beharra zuen.
Koldo Mitxelenako erakusketarena askotan gertatzen den kontu bat da, ea adierazpen askatasunak mugak non dituen. Seguruenik artearen mundua ez da izango arlorik egokiena adierazpen askatasun horri mugak jartzeko, baina hor ere baloratu egin behar da horrekin zer egiten duzun. Zenbait egileren izenak min egin ziezaiokeen biktimen inguruan aurretik egindako lanari. Erabaki bat hartu zuen bulegoak, eta nik neuk babesten dut, jakinda ere eztabaidagarria dela eta polemikoa dela.
Hiriburutzaren zein alderdi nabarmenduko zenituzke?
Jendeari aho zapore ona utzi dioten ekitaldi asko egon dira. Stop War festibala, esaterako; eta egun batekoak izan arren jende askok gozatu duena, Itsasfest, adibidez. Txotxongiloen munduko jaialdia, euskararen eta hizkuntza gutxituen inguruan egindako lana; eta etxeko ikuspegitik, Gabon, Txirrita eta Lu eta Le antzezlanak. Beharbada, oharkabean igaro da Europa Transiten eskutik autobusez egin den ibilbidea, eta hor badago altxor bat giza eskubideen lanketarako. Eta seguru nago oraindik ere bazterrean uzten ari naizela beste kontu batzuk.
‘Elkarbizitzaren kultura’ leloa kritikatu duten taldeak ere izan dira: Kortxoeneakoak, Amarako bizilagun batzuk, Uliako Lore Baratzak egitasmokoak…
Kultura Hiriburutza izan edo ez izan, berdin-berdin izango genituzke gertaera horiek. Kortxoeneakoekin luzaroko harremana izan genuen. Uliako lore baratzeetatik zinegotzi bat baino gehiago igaro gara, eta apartamentuak egiteak ez du esan nahi baratze horiek desagertuko direnik, parte txiki bat hartuko da. Arrokako frontoia dela eta, alkateak esan du partehartze prozesu bat abian jarriko dela.
Zein ondare utziko du hiriburutzak?
Utziko diguna izango da zer lantzen jarraitu behar dugun; bizikidetza, giza eskubideen babesa, eta indarkeriaren aurkako jarrera. Horretarako tresna paregabea izango dugu Aieten, giza eskubideen defentsarako material pedagogikoak sortzeko gunea. Nazioarteratzea ere helburu izan dugu, eta Tabakalera du muin muinean; beraz, ikusiko dugu zein jarduerarekin jarraitu eta zein berri sortu beharko ditugun. Gure kultur eragileen lana sustatu beharko dugu nazioarteratze horretan, ibilbide oparo bat eskainiz.
Ondarea sekula ez nuke lotuko aurtengo 2.000 jarduerak errepikatzearekin. Jarduerek itsasargien filosofiari erantzun diote, eta hori da lotu behar duguna, bakoitzaren lidergoa nork hartuko duen.