Donostia astindu du olatuak
Zortzi urte inguru pasa dira orduko alkate Odon Elorzak kultur hiriburu izateko hautagaitza proiektua aurkeztu zuela; 2008ko martxoan hain zuzen ere. Bide “luze eta zirraragarri” bezala aurkeztu zuten proiektua; eta ez da gutxiagorako izan. Hiru alkateren eskuetatik igaro da egitasmoa: Odon Elorza (PSE-EE) lehenengo, Juan Karlos Izagirre (EH Bildu) ondoren, eta Eneko Goia (EAJ), azkenik. Hori gutxi balitz, behin baino gehiagotan izan ziren albiste zuzendaritzako kideen kargu uzteak eta dimisioak.
Odon Elorza alkate zela hasi ziren proiektua eraikitzen hautagaitzaren aurkezpenarekin eta kultura proiektuaren zimenduak jartzeko balio izan zuen herritarren laborategi batzuekin. Urte horietan egindako lanari esker 2011ko ekainaren 28an Kultur Hiriburutza lortu zuten Donostiak, Madrilen; eta ez zen oharkabean pasa.
Izendatze polemikoa
Donostiarekin batera kultur hiriburu izateko hautagai izan ziren Segovia, Burgos, Zaragoza, Kordoba eta Kanariar Uharteak. Hiriburu gipuzkoarrak hautagaitza lortzea desilusioa izan zen guztientzat; gehienbat Zaragozako eta Kordobako hautagaientzat. Juan Alberto Belloch Zaragozako alkateak adierazi zuen “akats bat eta izugarrikeria bat” izan zela kultur hiriburutza Donostiari ematea; eta begi txarrez ikusi zuen Juan Karlos Izagirre garaiko alkateak hautagaitza euskaraz ospatu izana. Ildo berean hitz egin zuen Rosa Aguilar Kordobako alkateak, esanez akats bat izan zela “arrazoi politikoengatik” kultur hiriburutza Donostiari eman izana. Hala ere, hilabete batzuetara Europako Kultur Hiriburu izendatu zuen ofizialki Bruselak.
2011ko urtarrilean osatu zuten Donostia 2016 Fundazioa, Eva Salaberriak gidatuta. Fundazio hori Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak osatu zuten: Donostiako Udaleko hiru ordezkari, Gipuzkoako Foru Aldundiko bi ordezkari eta Eusko Jaurlaritzako beste bi ordezkari. Ondoren, Espainiako Kultura Ministerioak bere eskubidea baliatuz, patronatuan kide bat sartzea erabaki zuen.
Fundazioa sortu eta bi hilabete ingurura dimisioa eman zuen Ainara Martin Donostia 2016ko zuzendari artistikoak, “arrazoi pertsonalengatik”. Urte bereko uztailean Fernando Bernues izendatu zuten proiektuko zuzendari artistiko.
Bestalde, Santiago Eraso Donostia 2016ko zuzendari kulturalak ere kargua utzi zuen urte bereko uztailean, “arrazoi pertsonalengatik”; nahiz eta Bake Ituna egitasmoan lanean jarraitu zuen.
Une horretan hasi ziren kultur proiektu irabazlean islatu ziren proposamenak lur hartzen, eta, aldi berean, egitasmo batzuk aurrez abian jarri zituzten; esaterako, Olatu Talka. Egitasmo honek hasieratik arrakasta izugarria izan zuen herritarren partaidetzari zegokionez.
Donostia 2016ko beste proiektu garrantzitsu batek 2013an izan zuen lehen kapitulua, Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzearen bigarren mendeurreneko ospakizunetan.
Aurrekontuak
Hasierako proiektuak 89 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa jasotzen zuen. Aurrekontuen %75 erakunde publikoek jartzea aurreikusten zuten; %20 enpresa pribatuek eta beste 1,5 milioi euro Europako Batasunak. Dena den, azken urteetan asko aldatu da testuinguru ekonomikoa; hori dela eta, 2011ko maiatzean aurrekontua murriztu zuten 72 milioi eurora.
Kontu ekonomikoez gain, beste zenbait ezusteko ere eman zituen 2013ak. Ekainean, Eva Salaberriak Donostia 2016ko zuzendaritza utzi zuen.
Handik hilabetera sortu zen polemika ABC egunkariaren filtrazio bat zela eta. Itziar Nogeras Elhuyar fundazioko zuzendariak lankideei helarazitako mezu bat publiko egin zuen. Donostia 2016ko zuzendari izango zela azaltzen zien lankideei Nogerasek; eta artean lehiaketa publikoa egin gabe zegoen. Uztailaren 5ean polemika sortu eta uztailaren 24an izendatu zuten Nogeras Donostia 2016ko zuzendari. Lehiaketa publikoa egin zuen LKS enpresak, eta 18 pertsonen artean, Nogeras proposatu zuten posturako. Fundazioak gehiengoz onartu zuen proposamena. Izendapenaren hurrengo egunean zuzendari izendatzeko prozesua “garbia” izan zela azaldu zuen Juan Karlos Izagirre orduko alkateak.
Giro gorabeheratsua zegoen fundazioan, eta oraindik gehiago nahaspilatu zen El Diario Vasco egunkariak Europako Kultur Hiriburutzako epaimahaiak oso kezkatuta zeudela argitaratu zuenean. El Diario Vascoren arabera, epaimahaia kezkatua zegoen proiektuak aurrekontuak betetzen ez zituelako, atzerapenak pilatzen zitzaizkiolako, lan talde txikia zelako eta esku hartze politikoak zeudelako. Handik egun gutxira Donostia 2016ko kultur arduradunek babesa azaldu zioten proiektuari, esku hartze politikorik egon ez zela esanez.
Kontuak horrela, 2013ko irailean Itziar Nogeras zuzendariaren aurkezpen ofiziala egin zuten; eta handik gutxira zuzendari artistiko kargua utzi zuen Fernando Bernuesek.
2014an pasa zuen hiriburutzak bere estualdi handienetako bat. Izan ere, dimisioekin jarraituz, Igor Otxoak Donostia 2016ko proiektuen zuzendaritza artistikoaren kargua utzi zuen. Bernuesekin batera, “aurreko egituraren” parte zelako normaltzat jo zuen Otxoaren agurra Donostia 2016ko fundazioko taldeak.
Pablo Berastegi gidari
2014ko apirilean, berriz, kargua utzi zuen Itziar Nogerasek, zazpi hilabeteetan zuzendari nagusi izan zenak. Nogerasen dimisioaz gain, proiektuaren komunikazio arduradun Itziar Elizondok ere kargua utzi zuen. Zuzendari kargura iristeko hautaketa prozesuak hainbat polemika sortu zituen email batzuk tarteko; eta iritsiera bezain polemikoa izan zen Nogerasen kargu uztea ere.
Egoera horretan, Donostia 2016 bulegoetako langile talde batek urrats bat aurrera egin, eta proiektuaren gidaritza hartu zuen, sei hilabetetarako.
Ondoren, urte bereko irailean, iritsi zen Pablo Berastegiren izendapena. Izendapen hark ere hautsak harrotu zituen euskaraz ez zekiela eta. Izan ere, Kultur Hiriburutzako zuzendari izateko Bruselak ezinbestekotzat jo zuen ingelesa jakitea, ez aldiz euskara. Hainbat eragile eta alderdik salatu zuten euskaraz ez jakitea, horien artean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.
Gai hori hizpide, ohar bat kaleratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, garaiko Zigor Etxeburua euskara zuzendariak sinatuta. Ohar horretan eskerrak eman zizkien euskaltzaleei “marra gorria ezartzeagatik”, eta Berastegik euskara ikasteko erakutsitako konpromisoa eskertu zuen.
2014. urtean hainbat gora behera egon baziren ere, proiektuak bere bidea egiten jarraitu zuen. Esaterako, suhiltzaileen eraikina zena hiriburutza proiektuaren eraikin bihurtu zuten; Jabier Lekuona arkitektoa arduratu zen erakina berrerabilitako materialekin txukuntzeaz. Batzuentzat lantoki izan dena, beste zenbait artistentzat eta herritarrentzat kultur jarduerak garatzeko espazio bihurtu da.
Hiriburutzaren biharamunetan berriro aldatu zen hiriaren gidaritza, eta 2015eko ekainean Eneko Goia (EAJ) izendatu zuten alkate. Horrela, patronatuko kideak aldatu ziren, Goia patronatuko buru izendatu zuten, Miren Azkarate EAJko eta Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziekin batera. Erronketako bat izan zen, 2016 urteari aurre egiteko aurrekontua handitzea. Arlo horretan, 2014ko urrian Kutxa Fundazioak 500.000 euroko ekarpena egin zion Donostia 2016ri, hiriburutzaren “babesle global” bihurtuz.
Azkenik, 2015a agurtzeko programazioaren aurkezpen ofiziala egin zuten Tabakaleran: 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu aurkeztu zituzten.
2016. urtea
Eta azkenean iritsi zen 2016. urtea. Urtarrilaren 20an hasi eta bost egunez ekitaldi andana antolatu zuten urteari hasiera emateko. Donostia egunean hasita 70 jarduera inguru egin zituzten hirian. Garrantzitsuena Elkarbizitzarako zubia ikuskizuna izan zen, urtarrilaren 23an egin zutena.
Urumea ibaiaren bi ertzetara Maria Kristina zubiaren bueltan egin zuten inaugurazio ekitaldia. Hansel Cereza prestatu zuen Elkarbizitzarako zubia deitu zioten ikuskizuna. Sentipen gazi gozoak sortu zituen inaugurazio ekitaldiak herritarrengan eta antolatzaileengan eta hasiera hura ez zen espero bezain ikusgarria izan. Hasierako ekitaldia “sinbolismoz betetako ikuskizuna izateaz gain”, ikusgarria izatea nahi zuten; dena den, ikuskizunaren bezperan Goiak aitortu zuen ez zela espero zutena izan. Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziak ere barkamena eskatu zuen bere Twitter kontuan.
Itsasargiak eta kaiak
Hiru itsasargitan banatu dituzte Kultur Hiriburutzaren inguruko jarduerak: Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia eta Ahotsak Itsasargia. Ildo jakin bat du horietako bakoitzak, eta ildo bakoitzaren barruan hogei jarduera inguru egin dituzte. Bestalde, bost Kaiak ere banatu dituzte proiektuaren helburuak zeharka finkatzeko: Hizkuntza aniztasuna, teknologia, pentsamendu kritikoa, arte garaikidea, parte-hartzea, artistak eta kultur espazioak.
Kaiei eta Itsasargiei, Elkarrizketak ildoa gehitu behar zaie. Honen helburua hiriburutzaren eta herritarren arteko harremana eta komunikazioa hobetzea da. Horrela, beste urteetan ere presentzia izan duten zenbait jarduera lagundu ditu Donostia 2016k, horien artean, besteak beste; Zinemaldia, Hamabostaldia, Feministaldia eta Heineken Jazzaldia. Azkenik, Energia Olatuak egitasmoarekin, norbanakoek eta eragileek proposatutako kultur ekitaldiak bultzatu dituzte.
Elkarbizitza
2016. urtean guztira 3.193 jarduera ekarri ditu, egunero bataz beste 8,02 jarduera antolatuz. Horietako batzuk Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren egitasmoak izan dira; beste batzuk aldiz, Energia Olatuak edo Elkarrizketak egitasmoen barruan antolatuak. Bestalde, antolatzaileek azaldu dute ekitaldi handietatik urrundu, eta ikastaroetan eta foroetan jarri dutela arreta.
Halaber, egitasmo batzuk ikusgarriagoak edo proiekzio handiagokoak izan dira, esaterako, Bake Itunak egitasmoa.
Nazioarteko egitasmo honen barruan arte garaikideko adierazpideak, argitalpenak, jardunaldiak, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera bildu dira.
Lau urteko ikerketa lanaren ondoren idatzi dute egitasmoaren lehenengo kapitulua: 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea.
Bake Itunak izan da elkarbizitza ardatz izan izan duen hiriburutza urte honetan gehien nabarmendu duten egitasmoetako bat; eta ez 2016an soilik, izan ere 2013an sortu eta aurrerantzean ere jarraitzeko bokazioa duen proiektu bat da.Elkarbizitzarekin batera, parte hartzea izan da Kultur Hiriburutzaren bandera edo leloa. Parte hartzea modu ikusgarrian landu du Donostiapedia egitasmoak. Auzolanean hiriaren inguruan idatzitako liburua da Donostiapedia; baina liburu bat idaztetik harago, Wikipedian Donostiaren inguruko informazioa osatu nahi zuten.
Donostiapedia
Ohartu ziren, gaur egun, Wikipediak ez duela islatzen Donostiaren eta donostiarren errealitatea. 492 donostiar ageri dira wikipedian, eta horietatik soilik 100 dira emakumezkoak. Lanbideetan ere ageri da desoreka: 102 idazle, 56 futbolari, 53 politikari, 43 aktore, bost zientzialari eta lau bertsolari. Errealitate hori iraultzeko asmoz, hainbat hiritarrek Donostiaren inguruan duten ezagutza zabaldu dute Interneten; ondoren, guztiak batu eta Donostiapedia izeneko liburuan kaleratzeko.
Pozik daude lortu duten erantzunarekin. Izan ere, hasierako helburu guztiak betetzen ari direla azaldu du Xabier Cañas proiektuko zuzendariak. Jendea ari da hiritarrekin lotura duten artikuluak sortzen eta hobetzen, Wikipedia donostiarrengana hurbiltzen, herritarren parte hartzearen bidez ezagutza soziala bultzatzen, eta euskarazko sorkuntza digitala sustatzen eta hobetzen. Abenduaren 15ean aurkeztu zuten liburua, eta egitasmo honek utzitako legatuaren parte izango da sareko informazioa eta hiriaren errealitatea elkarrengana pixka bat gehiago gerturatzea.
Hizkuntza gutxituak
Abendua aldapan gora joan da. Azkenerako egitasmo mamitsuak utzi ditu Donostia 2016ak eta gorakada horretan tontorra marraztu duenetako bat izan da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.
Abenduaren 17an aurkeztu zuten Kursaalean. Liburuak 185 neurri zehatz jasotzen ditu, eta hizkuntza aniztasuna babestea du helburu. Donostia 2016 eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua izan dira protokoloaren bultzatzaileak, eta oinarri izan du Bartzelonan 1996an onartutako Adierazpena. Protokoloak balioa izan dezan, guztion konpromisoa beharrezkoa izango dela azaldu dute; helburua ez baitzen eskubide zerrenda soil bat sortzea, horiek horrela bete daitezen lan egitea baizik.
Dena den, egitasmo hau ere ez zen polemikatik kanpo geratu. Izan ere, 2015eko martxoan Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman zuen hizkuntza gutxituen inguruko goi bilera bat antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena, patronatuari aurretik abisatu gabe. Garaiko fundazioko patronatuko presidente Juan Karlos Izagirrek helegiteari aurre egitea erabaki zuen eta, azkenean, Espainiako Ministerioak atzera bota zuen helegitea.
Amaiera
Bukatu da, edo gutxienez bukatzen ari da Donostia 2016 Kultur Hiriburutza, eta 80 jarduera baino gehiago antolatu dituzte urteari amaiera emateko. Bi jarduera nagusi egon dira bukaerako egun hauetan: batetik, abenduaren 19an, Kursaalek Frantziako Tolosako Orkestraren eta Donostiako Orfeoiaren kontzertua; eta bestetik, DSS2016EU. Bitakora kaierak erakusketa. Erakusketa horretan Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren errepasoa egingo dute; eta 2016. urteko ibilbidea aztertzen duen dokumentala proiektatuko dute.
Bukatu da 2016 donostiarrentzat, baina Kultur Hiriburutzak olatuz olatu jarraituko du. Izan ere, Itsasoak berebiziko garrantzia izan du Donostia 2016an. Itsasoaren iruditeria baliatuta antolatu zuen bere programa, Itsasargiak eta Kaiak moduko hitzak erabiliz ildo eta sail nagusiak izendatzeko, eta olatuen energiaren metaforarekin islatu zuen herritarren parte hartzea.
Danimarkako Aarhus eta Zipreko Pafos hiriei lekukoa pasatzeko orduan ere itsasoaren kolore urdina ikur gisa berreskuratu dute; horrela, urdinez tindatutako beren hirietako banderak eman zizkieten Aarhus eta Pafosko ordezkariei, haien txanda iritsi dela irudikatzeko.
Urtearen balorazio ona egin du Donostia 2016k. Hasierako aurrekontuaren erdiarekin programa betetzea lortu dutela azaldu dute. 89 milioikoa zen hasierako aurrekontua, eta 46,8 euro izan dituzte azkenean.
Balorazio zehatzagoak egiteko oraindik goiz dela uste du Berastegi Kultur Hiriburutzako zuzendariak; eta azaldu du ez dela balorazio kualitatibo eta kuantitatiborik egongo, gutxienez, hurrengo ureteko maiatzera arte.
Egitasmo batzuk jarraituko dute, beste batzuk, hemen bukatuko dute euren ibilbidea. Baina ziur olatuaren ostean barealdia iritsiko dela Donostiara.