Kultur Hiriburutzak zuzenean edo zeharka 3.000 kultur jardueratik gora antolatu ditu. Horietako batzuek parte hartze altua izan dute, beste batzuek ez hainbeste. Zortzi hauek azpimarratu dituzte.
Uda Gau Bateko Ametsa ikuskizunaren 30 emanaldi eskaini dituzte. (Argazkia: DSS2016.EU)
Milaka izan dira kultu hiriburutzaren itzalean sortu, garatu eta eskaini diren jarduerak. Horien guztien arrakasta edo harrera neurtzeko ez dute neurgailu bakarra erabili.
Dena dela, datuak eta jasotako iritziak oinarri hartuta, hauek dira
DSS2016 Fundazioak nabarmendu dituen zortzi proiektuak.
Time Machine Soup ikuskizunak zopa ezberdinen bitartez gizateriaren historian barrena eginiko ibilbide bat irudikatu zuen. 12 emanaldi eskaini zituzten Tabakaleran otsailean eta, orotara, 1.549 pertsona joan ziren. Parte hartzaile guztiei galdeketa elektroniko bat bidali zitzaien, eta batez beste, 8,78ko nota jaso zuen ikuskizunak.
Aktore amateur talde batek arrakastaz antzeztu du Gabon, Txirrita. (Argazkia: Urnieta.eus)
Stop War Festibala hainbat diziplina artistiko biltzen zituen gerraren aurkako jaialdia izan zen. Martxoa bukaera eta apirila hasieran egin zuten. 26.801 pertsona erakarri zituen jaialdiak antolaturiko 52 jardueren artean. Kanpoko enpresa batek egin zuen ebaluazioa eta parte hartu zutenen %63,3k iritzi positiboa edo oso positiboa adierazi zuen.
Zubideak jaialdiaren bidez Irlanda, Frantziako Lyon, Eslovenia eta Poloniako Wrocaweko edukiak eskaini zituzten 53 jardueren bitartez. Lau aldiz egin zuten jaialdia maiatza, ekaina eta uztailean, eta guztira 30.636 pertsonak hartu zuten parte. Kasu honetan ere kanpoko enpresa batek egin zuen ebaluazioa, eta parte hartu zutenen %66,9k positiboki edo oso positiboki erantzun zuen.
Munduko ikuskizunak erakutsi ditu Zubideak jaialdiak. (Argazkia: DSS2016.EU)
Uda Gau Bateko Ametsa, William Shakespeareren izen bereko obraren antzezpena izan zen. 30 emanaldi egin zituzten Egiako parkean, eta bakar bat utzi zuten bertan behera eguraldiagatik. 7.250 pertsonak hartu zuten parte, eta batez beste, 9,28ko nota jaso zuen ikuskizunak.
Kalebegiak hamabi film laburren bidez Donostiari buruzko ikuspegi ezberdinak batzen dituen ikus-entzunezkoa da. Zinemaldian estreinatu zuten belodromoan, eta 3.500 pertsona joan ziren ikustera. Inkesta bat egin zitzaien handik ateratzean, eta %64a asebeteta geratu zen.
Jendartea eta historia eltze berean sartu ditu Time Machine Soup-ek. (Argazkia: DSS2016.EU)
Tratos, Cervantesen Los Tratos de Argel lanaren antzezpen bat izan zen irailean eta urrian eskaini zutena. Madrilen eta Donostian eskaini zuten; 13 emanaldi, eta horietako lau, Tabakaleran. Guztiak kontuan izanik, 1.382 pertsonak hartu zuten parte. Galdeketa elekroniko bidez jasotako iritziaren arabera, 8,36ko nota jaso zuen antzezlanak.
Gabon, Txirrita Urnietako aktore amateur talde batek eginiko Xabier Leteren lan baten antzezlana da. Trinitate plazan estreinatu zuten irailean eta beste hainbat herritan eskaini dute. Gainera jarraipena izan du Bernardo Atxagaren Lu eta Le lanaren antzezpenarekin. 2.305 pertsonak ikusi dute antzezlana, eta inkesten arabera, 7,71eko balorazioa jaso du.
2016 bidea martxoa eta urria bitartean astez aste Euskal Herriko hainbat herri lotu dituen bidea izan da. 32 etapa osatu dituzte eta 25.591 pertsonak hartu dute parte.
DSS2016k jasotako datuen arabera, jardueretan parte hartu duen erdia baino gehiago emakumea, 40-65 urte artekoa eta donostiarra izan da.