Fundazioak prozesu bat jarriko du abian hiriko eta lurraldeko legatudunen eskuetara informazioa zuzen iritsi dadin. Jarraipena izan dezaketen ekitaldiak aztertzen eta baloratzen ari dira.
Olatu Talkako ekitaldi bateko partaideen argazki erraldoia, Donostia 2016 gunearen kanpoaldean. (Argazkia: Donostia 2016)
Donostia 2016k Hiriburutza urteari amaiera emango dio bihar, Europako Kultur Hiriburu hautatu zutenetik bost urte igaro ostean. Hain zuzen ere, hurrengo kultur hiriburuei –Danimarkako Aarhus eta Zipreko Pafos hiriei– lekukoa pasa dio jada Donostiak.
Duela egun batzuk, datorren ekitaldirako aurrekontua onartu zuen Fundazioak: 1.865.802 euro. Kultur programa burutzeko, proiektuaren ebaluazioa betetzeko, eta, bereziki, Hiriburutzaren legatua etorkizunean garatuko duten hiriko eta lurraldeko kultur erakundeei programak eta ezagutzak transferitzeko erabiliko dute.
Hala, Fundazioak prozesu bat jarriko du abian hiriko eta lurraldeko legatudunen eskuetara informazioa eta dokumentazioa zuzen irits dadin. Gainera, Fundazioak kultur programaren barruan sortutako materialen dokumentazioari ekingo dio urtarrilean, txosten eta memoria forman, Europako Kultur Hiriburutzaren jarraibide eta arauen arabera Europako Batzordeari aurkeztu behar baitiote.
Bestalde, Donostia 2016 Fundazioak Hiriburutza prozesu osoaren inpaktua eta ebaluazioa egingo du, Donostiako Sustapenarekin elkarlanean, eta udaberrian emango du ezagutzera.
2017ko lehen asteetan zehar, kultur programak jarraipena izango du, eta hainbat jarduera aurreikusi dituzte: esaterako, Bake-itunak erakusketaren barruan Jose Maria Serti buruzko monografiko bat estreinatuko dute San Telmo Museoan.
Lan kargari dagokionez, argi dago datorren urtekoa ez dela 2016koaren tamaina berekoa izango. Horregatik, langile batzuek bakarrik jarraituko dute bertan lanean.
Patronatuaren erabakia
Halere, erabaki horietako asko patronatuaren zain daude. Izan ere, oraindik ez dute zehaztu zer egingo den, non, nola, zein baliabideekin… Hortaz, zein jarduera edo ekitaldik izango duten jarraipena ez dute erabaki. Hain zuzen ere, legatua ekitaldiak eskualdatzetik harago doala diote. «Legatua gauza asko dira. Zenbait proposamen badaude, hemendik aurrera legatudunak izan daitezkeen zenbait erakundek hartu ditzakete gure programak, kontaktuak edo dena delakoak», azaldu dute Donostia 2016tik. Beraz, orain arteko lan guztiaren informazio transferentzia moduko bat da.
«Erabaki txiki asko hartu behar dira ekitaldi batek jarraipena izango duen edo ez jakiteko: zeini ematen zaion, legadun horrek onartu nahi duen ala ez… Horretan ari da orain patronatua», adierazi dute Donostia 2016koek.
Nahiz eta ezer zehatzik ez izan, nabarmendu dute aurreko urteetan zenbait jarduerak ere egin izan direla; beraz, nolabaiteko legatu hori mantendu dela. Horregatik, Olatu Talkak, adibidez, jarraipena izango duela aurreratu dute. Donostia Kulturak hartu du ardura, eta dagoeneko aurrekontua du ekitaldia aurrera eramateko. «Baina proiektu eta programa ugari daudenez, prozesua konplexua da. Argi dagoena da bakoitzak bere bizitza izango duela», amaitu dute Donostia 2016koek.