"Kulturgintzan aurrera jarraitzeko tresnak mahai gainean daude"
Noiz hasi zinen lanean kultur hiriburutzan?
Europako kultur hiriburuen hautaketa batzordeak Donostia bisitatu zuen egunean ezagutu nuen proiektua, 2011eko ekainean edo. Bost hiri ziren hautagaitza lortzeko geratzen zirenak, eta defentsa horretarako deitu zidaten. Ni orduan Birminghameko unibertsitatean irakasle nintzen eta udaletik deitu zidaten laguntzera etortzeko. Ingelesez ongi moldatzen zen jendea, gure kultura ezagutzen zuen jendea behar zuten.
Zer iruditu zitzaizun proiektua?
Proiektuaren filosofiak ikaragarri erakarri ninduen. Elkarrekin bizitzeko kultura lelopean programa bat garatzea zen helburua. Konexio bat sentitu nuen ordurarte sortzaile gisa egindakoaren eta proiektuak proposatzen zuenaren artean. Ni naiz beste hizkuntzatan kantatu duen bertsolari hori, mundura ateratzen saiatu dena, itzulpenetan aritu dena. Zubigile lanetarako joera izan dut beti. Eta bat-batean norabide horretan erakundeen babesarekin halako ahalegin formal bat egitea, erakargarri egin zitzaidan.
Baina hor ez zen hasi zure lana?
Ez. 2012-2013 ikasturtean Pauen irakasle nintzela, teknikari postu bat ikusi nuen, Ahotsen itsasargiko arduradun gisa aritzeko. Pertsona horrek proiektu jakin batzuk eramango zituen. Orduan heldu nion nik lehenengoz kultur hiriburutzaren programari. 2013ko abuztu bukaeran lortu nuen postua.
Eva Salaberria izan zen proiektuaren filosofia trasmititu zidan pertsona. Ni hasi baino pare bat hilabete lehenago utzi zuen. Itziar Nogueras eta Guada Etxeberria izan ziren gure zuzendariak, eta beraien hegalpean hasi ginen.
Lidergo falta leporatu izan zaio proiektuari, zer diozu?
Bai, Patronatuak argiago zehaztu behar zuen organigrama, baina beraien artean antolatu behar izan zuten langileek. Fundazioa bera ez zen sortu 2012ko abendura arte. Nik neuk ez dakit urte eta erdi horretan zer egin zuten.
Nire ustez, hautagaitzarako ahalegin berezi bat egin zen bai komunikazioan, bai inplikazioan, baina gero ez zen mantendu.
Dena den, kultur hiriburuen sistemak badu akats handi bat. Bost urte lehenago kontatzen baduzu zer egingo duzun, nola mantentzen duzu pultsu komunikatiboa? Eta gai baldin bazara esateko zer izango den berritzailea kultur sektorean bost urtera, bi aukera daude: edo proiektua ez zen hain aintzindaria, edo lurraldeak ez du aurrera egiten egin behar lukeen beste.
Hasierako antolaketa falta hori normaltzat jo daiteke?
Zailtasunak egotea normala da, bai. Beste kultur hiriburuekin alderatuta, Donostiak oso ospe ona du, hortik atera kontuak.
Hau ez da kapital inbertsio bat izan. Helburua bada hiriko kultur jarduera eta jaialdietan diru gehiago jartzea, horretarako ez da kultur hiriburu izatea behar, horretarako kapitala behar da.
Europako batzordeak ez du bere batasuna osatzen kulturan, eratzen du ekonomian, ingurumenean edo justizian. Hiru gai horiek dira europar egiten gaituztenak, baina kulturak ez. Horregatik abiatzen da proiektu hau. Hiri bakoitzak egokitu du nolabait proiektua berak nahi izan duenera. Marsellak, esaterako bere portua aldatu nahi zuen, bigarren sektoretik hirugarren sektorera aldatu.
Kultur hiriburutza zertan nabarituko den galdetzen denean, agian donostiar batek nahiko luke, halako aldaketaren bat ikustea. Baina hiriak, udalak gidaturik, erabaki zuen proiektu jakin bat aurkeztea, azpiegituratan inolako inbertsiorik gabe.
Nola uztartu dira kultura eta elkarbizitza?
Kultura sexua da, ez da ginekologia; ginekologia publizitatea da. Horrek arazo handiak eragiten ditu: zuk kultura sustatu nahi duzunean sortzaileek, eragileek etabarrek libre jardun behar dute. Muga jakin batzuen barruan, baina libre. Eta elkarbizitzari buruz, non bizi garen erkidegoan ez dagoen adostasunik alderdien artean iraganari buruzko ikerketa bat egiteko batzorde bat egiteko ere.
Niri ezinezkoa egiten zitzaidan 2011ko programa hartan zeuden ideia batzuk 2016an irudikatzea. Eta kasu batzuetan, teknikariekin beharrezko kontraste guztiak egin, eta ezinezkoa zela egiaztatu genuen.
Hasierako programatik zer mantendu da?
Programaren %30a bere horretan egin da, kontuan izanik hasierako aurrekontua 89 milioi eurokoa zela, eta 46 milioi izan ditugula. Europako musikari gazteen jaialdia, Altzoko Haundia, Hondar artean, Uda gau bateko ametsa, Bake ituna proiektuak esaterako, hala zeuden eta hala izan dira.
Beste %45 bat programako proiektuen garapenak dira. Adibidez, Bertsojazza egin zen 2013an, beraz 2016ko programan ezin genuen berriro sartu bertsolaritzaren inguruko jarduera berritzaile bezala. Berriro eseri ginen, kultur hiriburutzaren irizpideak kontuan hartu, hau da, partaidetza, europar dimentsioa izatea, iraunkortasuna eta elkarbizitzaren ingurukoa izatea, eta Europa bat batean jaialdia antolatu genuen, mugarri izango dena etorkizunerako lanketan. 2016an egin zitekeena 2013an egitea beti da pozgarria. Kultur hiriburutza ez da balazta, izatekotan azeleragailu izan behar du.
Bruselak kritika asko egin dizkizue aldaketa hauengatik?
Dei garrantzitsuenak egituren ingurukoak izan dira programaren gainekoak baino. Hau da, fundazioa eratu gabe zegoelako, produkzio taldea 2015eko azaroan osatu baitzen guztiz. Edo azken unerarte ez zegoelako babeslerik. Bruselak 2012. urteaz geroztik proposatu zuen patronatua despolitizatzea, adibidez.
Zuk uste proiektua politizatua egon dela?
Politizatua baino gehiago, proiektua politikoa izan da hasieratik; beti politikoen esku egon da. Bederatzi kide dira gaur egun, baina beste alorretako kideekin handitu izan balitz, 20ko taldea demagun, ikuspegia zabalduko litzateke, baina ez da hala izan.
Antolaketa edo baliabide falta horrek nola eragin dizue?
Patronatuari behin eta berriro adierazi genion gure ezinegona. Nik behin baino gehiagotan izan dut alde egiteko ideia, eta ez badut egin lankideen arteko laguntasun, bokazio eta interes izugarriagatik izan da. Jendea da kultur hiriburutzak utziko duen ondarerik aberatsena.
Sortzaile, artista eta eragileetan giza kalitatea izugarria izan dezakegu, baina ni hemen gelditzeko arrazoi handienetako bat nire lantaldea izan da.
Ahalegin horrek izan du jendartearen erantzunik?
Jardunaldi guztien iritziak jaso ditugu, eta parte hartu dutenen artean, orokorrean balorazioa positiboa izan da. Horrek berebiziko indarra ematen du. Gure lana sortzaileak babestea izan da; libre jarduten uztea.
Iritzi publikoak eta publikatuak irudi bat egin du. DSS2016 markak darama irudi hori. Baina guretzako arrakasta ez dago irudi horretan. Benetako arrakasta hemendik 10 urtera, jaialdi zehatz bat egin ahal izatea da; hizkuntza aniztasuna presenteago egotea; edo parte hartzea nabarmenagoa izatea;?kultur arloan berrikuntza presenteago egongo da;?edo nazioartekotzean erabateko rodajea izango du ingelesez oraindik fundamentuz ikasi behar duen hiri honek.
Hori izango da hiriburutzaren ondarea?
Fundazio honen konpromisoa programa egitea izan da. Patronatuak erabaki behar du zergatik egin den inbertsio hau, kultur hiriburu izateak zer onura ekarri dituen, helburuak bete diren baloratzu, eta herritarrei trasladatu zein den hurrengo pausoa.
Arteak elkarbizitzari mesede egin badio, hori da proiektuak utzi duena. Tresnak jarri ditu inguruan, orain erabaki beharko da tresna horiek nola erabili.
Patronatuarena da hortaz erabakia?
Bai. Gure lana europar dimentsioa duen programa bat osatzea izan da; jasangarria, hau da, legaturako prestatua, jarraipena izateko prestatua, transferiblea. Gu bagoaz, Fundazio hau desegingo da, baina tresna pila bat uzten ditugu etorkizunerako. 46 milioi euroko astinaldi bat izan da proiektu hau arlo ezberdinetan. Diru horrekin museo bat eraiki izan balitz, datorren urtean museoak aurrekontu bat izango luke, langile batzuk, zerbitzu batzuk. Hemen ez dago porlanik, baina izugarri eraiki da. Eta eraikuntza horiek beharko dute beren diru laguntza, beren mantenua. Egia da, proiektu asko kanpoko eragile batzuekin egin direla. Hala, fundazioa desegiten denean, aurrera egiteko makineria martxan geratuko da. Teknologiarekin egindako proiektu guztiak EHUko informatika fakultatearekin egin ditugu. Hizkuntzarekin zerikusia dutenak, Kontseiluarekin; kultur arlokoak Donostia Kulturarekin…Lugorritze lan izugarria egin dugu, kulturgintzan aurrera jarraitzeko tresnak mahai gainean daude. Egin eta aldi berean ingurukoak trebatu egin dugu.
Zeintzuk dira tresna horiek?
Bost hitz gakotan laburbildu daitezke. Lehena elkarbizitza. Aurrera egin dugu, ahal zen beste. Marra gorriak ez ditugu guk jartzen, eta gizarte honen arazoak ez ditugu guk sortu; guk ikusarazi egin ditugu bakarrik. Bigarrena berrikuntza litzateke. Sortzaile berriak sortu ditugu. Lau proiektu ditugu berriak abizena dutenak: ikusmira, itzultzaile, antzerkigintza eta komisario berriak. Prozesuetan ere berrikuntza landu dugu. Baina futbolean bezala, partidak irabazteko galdu egin behar da. Berrikuntza tarteka kale egitea da.
Partaidetza. Herritar inaktibotik herritar profesionala arte 9 eskailera daude. Eta proiektu guztietan saiatu gara beti maila bat igotzen. Lu eta Le, Gabon Txirrita, Uda gau bateko ametsa, Tratos, hasi baino lehen agortu ziren sarrerak. Nazioartekotzeari dagokionez, Europako proiektuetara aurkezteko sare ugari ditu orain prest hiri honek.
Azken gakoa ebaluazioa da. Kultur sektorearen ebaluazioa egin behar da. Arrakasta ez dugu ebaluatu parte hartu duen jende kopuruaren arabera, edo utzi duen diru kopuruaren arabera. Ni alkatea banintz, 2017a kultur plan bat lantzeko erabiliko nuke.
Ebaluazio lan hori da orain geratzen dena?
Horretan ari gara. Gure ebaluazioak hiru atal dauzka. Lehena Europako batzordearena, hiriburutza guztientzako berdina dena. Bigarrena, Fundazioaren ebaluazio orokorra, eta azkenik, proiektukako ebaluazioa. Lehen biak egiteko 2017an oraindik datuak bildu beharko ditugu.
Zer diozu ahots kritiko horiez?
Elkarbizitzak esku ireki bat eskaintzen du, eta esku horretan zartakoa eman dezakezu edo bostekoa. Gustura ikusi ditut gure eraginez edo gure itzalean sortu diren ahots ezberdinak, hiria bizirik dagoela adierazten dutelako. Hiri hau ohituta dago 9ak, bikainak atera dituela esaten, baina askotan gehiago ikasten da 6 edo 7 on batekin, 9rako estudiatuta baino.