Autogestioa eta gaztetxeen eredua babesteko protesta, 2015ko azaroan, Kortxoenea bota ondoren. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Interes jakin batzuen erdiesteko pentsatuak direlako dituzte hain berezkoak kontrakotasunak halako egitasmoek, eta Donostiakoa ez da aparteko gertakaria izan. 2009an hautagaitza aurkeztearekin biztu ziren lehen kezka eta kritikak. Itsatsi ziren pegatinak,
Donostia Torturaren Hiriburua edo
Kapitalaren kultura, eta antolatu elkarretaratzeak; 2010eko apirilean
Zenbat mezu… hainbat (2016) iruzur! leloarekin zenbait jai-batzordek, auzo elkartek eta euskararen aldeko erakundek antolatutakoa, esaterako.
Deialdi hartan, hain zuzen, Europako Kultura Hiriburutzarako hautagaitza apaintzeko asmoz udalak zerabilen marketing kanpainaren tamainaz arduraturik agertzen ziren herri mugimendu haiek:
“( ) besteak beste herritarren parte hartze aktiboa bultzatzen dutela, bi hizkuntza (euskara eta gaztelania) gizarte eta kultur esparruetan elkarren ondoan bizi diren hiria dela, herritarren sormena sustatzen dutela… eta hainbat mezu bakea, itsasoa edota eurohiri kulturala aintzat hartuta mezuak zabaltzen baitabiltza”. Eta
“iruzurrez beteriko propaganda honi bakoitzak bere aldarrikapen kultural, sozial zein ekonomikoak ozenki zabalduz erantzuteko” dei egiten zuten,
“bakoitzak bere esparru eta esperientziatik”.
Ondorengo galderekin amaitzen zen idatzia:
“Zein da kanpaina garesti honen benetako helburua? Mezu herrikoi eta aurrerakoiak erabiliz aurpegi zuritze izugarri bat patrozinatzea? 2016an Donostiak turismoaren igoera izugarria izatea? “Estrategiko” deritzoten hainbat azpiegituraren eraikuntza justifikatzea? Zein?”.
2011an Bilduk Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak irabazi ondotik kexuek apaltzera egin zuten, aharik eta 2014eko urtarrilean
Mugitu! mugimenduak Igeldon zegoen Donostia 2016ren irudia
AHT TAV EZ leloarekin estali zuen arte. Ekintzak eragin eztabaidaren ondotik
Azpiegiturak, AHT eta 2016 Kultur Hiriburutza: Kultur eraldaketa ala hiriaren merkantilizazioa? mahaingurua antolatu zuten
Kortxoenea Gaztetxean, otsailak 25ean. Solasaldiko gogoeta eta giroa akuilu hartuta ondu zuen AHTaren Aurkako Donostiako taldeak
2016ko Europako Kultura Hiriburutza auzitan txostena eta soka berari tiraka eratuko zen
2016Desokupatu mugimendua.
Gure ustez, 2016ko Europako Hiriburutza lehenik eta behin hiriaren komertzializaziorako tresna bat da, Donostia salgai bihurtzeko “marka”, sustapen turistikoari begira narbarmenki. “Kultura” amua da, espazio urbanoa eta hiria salgarri bihurtzeko. Horrenbestez, Donostia 2016 hirigunearen erabateko merkantilizazioa bizkortzeko baliatzen duten irudi komertzial bat da, eta gertakari honek, hiri-ereduari dagokionean, kapitalismoak markatzen duen norabidean sakontzea eta desberdinkeriak areagotzea dakar berekin. Bestalde, modu finago batean, Kultur Hiriburutza hiriko mugimendu sozialak neutralizatzera daraman benetako harrapagailu bat da: izan ere, Donostia 2016 inguruan “pizgarri” ekonomiko mordo baten bitartez eragiten duen sare klientelar bat sortzen ari da, ekimen hiritarrak eta talde sozialak enpresekiko eta instituzioekiko kolaborazio-kultura batean murgilduz. Ondorioz, kulturaren erretorikaren azpian, oinarrizko herri-mugimenduen espazioa usurpatu eta beren gaitasunak merkatu-gizartearen moldeetara ekartzeko asmoa nabaria da.
(DONOSTIA EZ DAGO SALGAI! 2016 DESOKUPATU jardunaldiak iragartzeko irakurketaren atala, 2014ko urriaren 18a).
Kultur Hiriburutzaren ingurumarian, kontrara eta ertzetan, batzuetan parean baina inoiz ez egitarau berean. Kontrakotasun hauek eta gehiagok irekitako arrakaletatik iragazi, asmatu eta sortu dira kronika honetan zerrendatzen diren ekimenak.
Kultura ofiziala eta kultura alternatiboak
Aipatu arrakalak areago zabaldu zituen lurrikarak 2015eko irailaren 4ean,
Kortxoenea eraisteko lehen ahaleginean izan zuen epizentroa. Hondeamakinek baino hautsa gehiago harrotu zituen udal gobernari zenbaitek orduan agerturiko ezaxolak. Testuingurua ere ez zen hala nolakoa. Irailaren 11n
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ateak ireki zituen eta urriaren 30ean, berriz,
Donostia 2016ren egitaraua aurkeztu zen Tabakaleran bertan.
Ez ziren gutxi Donostia 2016arekiko eszeptiko agertzen ziren herritarrak, eta askoren harridura biderkatu egin zen gaztetxearen kontrako operazioa
“kulturala eta nazioartekoa izango omen den 2016. urtearen bezperatan
” jazo zenean. Kultura egitasmo autoeratuen garrantzia azpimarratu eta espektakuluaren kultura kritikatu zituen irailak 12an kultur arlo ezberdinetako laurogeitik gora lagunek sinatutako
Kortxoeneak elkartu gaitu manifestuak.
“Zinez harritzen gaitu nola den posible bizi ditugun garaiotan, ahoa partaidetza eta erabakitzeko eskubidea bezalako hitzez betetzen zaigularik, Kortxoenearen eta auzoaren inolako iritzi eta hartu-emanik gabe egitea halako zerbait. Zinez harritzen gaitu, halaber, nola den posible bizi ditugun garaiotan, eraikuntza sektoreak egin triskantzekin, Kortxoenea bezalako proiektu kultural landu, autogestionatu eta zabal bat enpresa eraikitzaile baten interes hutsengatik suntsitua izatea. Ezagun denez, boluntario lanean oinarriturik, guztion ongia baino ez du sustatu Kortxoeneak, urte luzez erabat abandonatua egon den leku bat biziberrituz. Zinez bizi nahi dugu hori guztia gauetik egunera interes ekonomiko partikular batzuen kariaz pikutara bota daitekeen hiri batean, gizarte batean?”
“Donostiak 2016an –eta aurrerantzean– espektakuluaren kulturaren hiriburu baino zerbait taxuzkoagoa izan nahi badu, konbentzituta gaude ezinbestekoak izango zaizkiola Kortxoenea bezalako proiektuak; horiek sustatu eta babestea”.
(Kortxoeneak elkartu gaitu, 2016-09-12)
2015eko azaroaren 3an hondeamakinek ez zuten eraikin bat soilik eraitsi, jendarte antolaketa-molde bat, kultura sortu eta partekatzeko eredu bat, harremanak eratzeko modu bat baizik. Kulturaren eremua sozietateko gatazka-gunea da eta Kortxoeneako erresistentziak kultura eredu ezberdinen arteko talka irudikatu zuen. Gatazka honen oinarrian garatu dira
Donostia 2016arekiko kontrakotasunak.
Urtea hasi eta amaitzearekin Intxaurrondon ospatu
Kapitalaren urtean…ongi etorri autogestioa! Urtezahar gauean ospatu herri kulturak Letaman gaztetxean festa dugu adibide behinena. Kortxoenea ez ezik Aldapetako Itsas Gain Zentro Soziala ere hustu zuten 2015ean. Gertakariok salatu eta Letaman nahiz
Ttan Ttakun Donostiako Irrati Euskaldun Libre
aren hogeina urteak ospatzeko “sartu gaitezen kultura popularrek zabaldutako arrakaletatik Europaren eta Kapitalaren urtean!
” aldarrikatu zuten.
“Eta amaitzear den urte honek (ere), ahantzi ezineko efemerideak uzten ditu arrasto. Arrasto bilakatu dute Kortxoenea Gaztetxea (Gros), eta, horma hotzeko eraikin huts ItsasGain Zentru Sozial Okupatua (Aldapeta). Gupidagabe egin dute autogestioa proiektu duten esperientzien aurka. Hala, Aste Nagusi Piratari ere ebatsi nahi izan diote jai eremua; Nautikoko DJ Gunea, alegia. Txantxarreka Gaztetxea (Antigua), berriz, mehatxupean da. Kortxoeneari elkartasuna adieraztearekin batera, ez baitu agintari politiko berrien kontrol-baldintza gehigarririk onartu”.
“Esperientziak eta etxeak hustu eta eraisten ditu autoritateak, ez baitu autogestioa atsegin. Autogestioak edozein talde soziali ezartzen zaion autoritate oro ezabatzea bait dakar. Eta arrastoak, errautsak, berriro eraikitzen ditu; aberasten jarraitzeko eraiki ere. Autoritateak helburu bakarra du, pentsamendu bakarrean ontzen dena, kultura bakarraren baitan: kapitalaren kulturan irabazia da lehentasuna ( ).”
“( ) Arrasto hauek eta gehiago utzi ditu azkenetan den urteak. Eta esperientzia eta bizipenok balioan jartzeko, aldarrikatzeko, oroimenean lekutzeko aukera(k) zabaldu nahi d(it)ugu. Oroimena, memoria, eraldaketaren osagai behinena baitugu. Halaber, autogestioa, proiektua eta praktika ez ezik, mugimendua dugu; inolaz ere eredu amaitua. Jauzika eta oldarka, gainera datorkigun urtean zehar galderak zorroztu beharko ditugu, erantzun berriak asmatu. Asmatu, baita ere, dagoeneko idatzia eta ondo idatzia dirudien kontakizunaren hasera berriak; irekiak eta irekitzear ditugun arrakaletan ihesaldiak, sartu-irtenak.”
(
Kapitalaren urtean…ongi etorri autogestioa! 2015-12-31)
Eta
“Europa honen ereserkiari txistu eta zalaparta egin!” aldarriarekin gorpuztu zenurteko bigarren protesta. Txistualdi ozena jaso zuen Europako ereserkiak Plaza Berrian aditu zenean, San Sebastian eguneko festaren hasieran.Danborradak eman zion hasiera
Donostia 2016aren inaugurazio-programari; ekitaldi nagusia, ordea, urtarrilaren 23rako zegoen iragarria. Viktoria Eugenia Antzokian inaugurazio ofiziala egiten zen ordu berean, Donostiako Piratek
Herri Kulturen aldeko brindisa ospatu zuten Alderdi Ederren,“kultura eta kulturen, zein hauen arteko (botere) harremanen inguruko gogoeta
” egin beharra aldarrikatzeko.
“Gure eguneroko hizkeran, kultura kontzeptua, musika, antzerkia, jakintza… gisako jarduera artistiko eta intelektualei erreferentzia egiteko erabiltzen da. Hala ere, ez da hori soilik. Berria egunkarian egin zioten elkarrizketan hori azaltzen saiatu zen Xabier Paya bera, DSS2016.EUko Kultur Programako zuzendaria: “Natura berez gertatzen dena da, eta kultura, gizakiak egin duen gainerako guztia”. Askotariko definizio zabal eta abstraktuak ditu kulturak, eta Payaren elkarrizketa berriro gurera ekarriz, kultura litzateke: “gizatalde bat osatzeko, antolatzeko, elkar ulertzeko egon litezkeen balio, sinesmen, portaera, eta abar guztiek osatzen dutena”.
“Mundua ulertzeko moduaz ari daberaz, mundu-ikuskerez; are, mundua bizitzeko moduaz. Edo moduez, pluralean. Ingurunera moldatzeko eta honekin harremanetan jartzeko sistemak dira kulturak.Alegia, gure ekintzek zentzua hartzen duten testuingurua da kultura.
Elkarrekin bizitzeko Kultura. Hauxe da Kultur Hiriburuak zabaldu duen leloa. Kultura terminoak diferentziarekin, edota “bestearekin” harreman estua du. Besteengandik aldentzen nauen horrek egiten nau ni, besteengandik aldentzen gaituen horrek egiten gaitu gu. Halere, denak gara/dira errealitatearen parte. Berdintzen eta ezberdintzen gaituzten elementuak aurkitu ditzakegu kultura ezberdinen artean; baita kultura baten barnean ere.
Gauzak honela, ezin dugu kulturaz edo kulturez hitz egin Boterearen aldagaia kontutan izan gabe. Azken hilabeteotan Donostian jasotako hainbat gertakariek, Kortxoenea Gaztetxearen eraisketak kasu, kulturaren gaineko diskurtso bertutetsu eta neutroak ezkutatzen zuen azpijokoa agerian utzi dituzte. Kulturaren eremua sozietateko gatazka-gune da, eta gatazka horretan, klase menderatzaileek beren kultura hedatzen dute menderakuntza finkatu asmoz. Hondeamakinekin batzuetan; arautuz jarduera oro bestetan; kontrol mekanismo sotilekin gehienetan.Sozietateetan, antolaketa ereduak, balioak, sinesmenak edo portaerak, kasu, etengabeko gatazkan ageri dira. Feminismoa eta patriarkatua, bi mundu ulerkera eta biziera kontrajarri direla ez du inork ukatzen, eta gatazka bizian daude. Ez da elkar bizitzeko aukerarik. Libreki eratu eta koordinaturiko taldeen baitan jerarkia oro ezabatzearen praktika, autogestioa alegia, eta kapitalismoa sostengatzen duten diziplina instituzioak bateraezinak diren era berean.
Hau da, nagusia den kulturaz bestelako kulturak ere badira. Izan ere, klase menderatuek, kulturaren bitartez egiten diote aurre menderakuntzari. Kulturaren bitartez, kulturak sortuz, kultura herritarrak. Eta hala, sozietateko harremanetan mendekotasunean daudenen kulturak dira kultura herritarrak ( )”
(Donostiako Piratak,
2016an ere DONO$TIA ETA KULTURA ABORDATU! 2016-01-23)
Topak, topaketak eta gonbiteak
Donostiako kultura herrikoia orohar, eta herri kultura ezberdinak nahiz hauen adierazpenak ikusarazi eta sustatzeko hartutako konpromisoa,
DSS2116. EUS inauteriak edo ekainean ospatu
Kantauri beltza topaketetan gauzatu du jai herrikoien aldeko mugimenduak.
“Paul Gilroy idazle eta ikerlariak 1993an argitaratu zuen The Black Atlantic liburua. Afrikar, amerikar, karibear edo britainiar berariazko kulturez baino, guzti horien nahasketa den kultura berri bat du mintzagai. Atlantiko beltzeko kultura. XVII. mendean komertzio triangeluarra (Europa-Afrika-Amerika) hastearekin, Atlantikoa pertsonen xehatzaile bilakatu zen. Aldi berean, ordea, elkartasun korronteak eratu ziren, korronte errebeldeak, kultura trukerako sareak ( )”.
“2016ko ekainak 11 Kantauriko hegian. Europako Kultur Hiriburu izendatu Donostiatik kulturari so egin nahi diogu. Edo kulturei, pluralean. Globalizazio erabatekoaren garaiotan kulturaz ari garela, zertaz ari gara? Gurea “Atlantiko Beltzeko portu bat bada… zer sartzen da? Zer atera? Zer gertatu da eta zer gerta daiteke musikaren eta bizitzaren, sorkuntzaren eta kontraboterearen, kultura ekoizpenaren eta askapen mugimenduen artean? Esklabutzaren kantak izango ditugu ala erresistentziarenak?” Kultura(k), jaiak, musika(k), herritarrak, identitateak… Gogoetak. Topaketak.“
(Donostiako Piratak,
Kantauri Beltza Topaketak 2016-06-11)
Urtarrilaren 23an “eraldaketa soziala eguneroko jardunean ardatz eta helburu, auzolana, autogestioa, eta ahalduntze pertsonal nahiz kolektiboa oinarri dituen kultur ereduan
” sakontzeko deia ere egin zuen, baita hiriko herri mugimenduei norabide berean urratsak ematen jarraitzeko gonbitea egin ere.
Gonbitea abiapuntu eratu zen
Donostia Saldu eta Suntsitu elkargunea. Maiatzaren Lehenean eta
Kapitalaren kulturak itsasoa ere pribatizatu du aldarri, kaiko Arrantzaleen Kofradiako lonja izandako eraikina okupatzeko deia egin zuen.
“Donostiako kaia, hirian ematen ari diren aldaketa guztien ispilua daitekeen guda-zelaia bilakatu dute. Kapitala eta biziaren arteko guda, komunitatea eta jabego/interes pribatua aurrez aurre jartzen dituen gatazkaren adierazle argia. Ordea, gatazka oro estaltzen eta itsura-aldatzen duen Europako Kultur Hiriburutzaren leloak alderik alde zeharkaturik gara: elkarrekin bizitzeko kultura. Itsasoari begira bizi izan da Donostia, eta itsasoari egiten dio keinua DSS.2016.EU-ak darabilen hizkerak. Itsasoarekin harremanean ehundutako hitzak kontsumitzen ditugu, aurrerabidearen izenean itsas munduko tradizio/ohiturak zein itsas mundu horretako lan-paisaiak ezabatzen dizkiguten bitartean. Guren egin izan den arrantza ez da sektore ekonomiko soila, errotutako kultura balioa ere bada. Inguruarekin eta ingurukoekin harmonian garatu den kultura, eta ondorioz, komunitateak espazioaz egin duen erabilera ere halakoa izan da.“
Eta gaur, 2016ko maiatzaren lehenean eta Europako Kapitalaren Hiriburutik, herri-langileak, langabetuok, lan egin nahi ez dugunok, herritartzat ez gaituzten jatorri eta egoera ezberdinetako pertsonok… Donostiaren eraldaketaren erdigunean behar dugula aldarrikatzen dugu. Eta praktika komunitarioaren bidez aldarria gauzatu. Gaur, 2016ko maiatzaren lehenean, pribatizazio prozesu lotsagarri baten kalteak pairatzen ari den eremuan, hiri-eredua eta kapitalismoaren askotariko zanpaketei buruzko gogoeta-kolektiboan beste urrats bat egiten dugu. Hauxe da ekimenera batu garen eragile eta norbanakoen asmoa. Hauxe egunean zehar antolatu dugun egitarauak bete asmo duen helburua.
(Donostia Saldu eta Suntsitu,
Kapitalaren kulturak itsasoa ere pribatizatu du 2016-05-1)
Kolektibo berak sinatu zuen Donostia 2016ak Felipe VI Espainiako erregea gonbidatu izana eztabaidagai jarri eta gonbita salatzeko
ongi etorri kartel aski sonatuaren ekintza. Kortxoenea eraitsi arte bertan antolatutako
Zinemaldi Alternatiboa ere elkargunearen eskutik ospatuko zen.
“Hiriak erronka handiustekoa aitortu dio Donostiari 2016 honetan: elkarrekin bizitzea. Eta “elkarrekin bizitzea zuk eta nik bat egitean sortzen dugun espazioa” omen da, ezberdin bizi, pentsatu, ezberdin izanagatik “proiektu komunetan murgiltzea”. Eta elkarrekin bizitzeko tresnatzat aurkeztu digute Kultura deitu duten zera hori.
Hiriak “leku zoragarriak” dira, dudarik ez dugu. Hirian interesak nahastu egiten dira, topikoak hausten dira maiz. Baserritarrek, esaterako, hirian ospatzen dute beren festa nagusia. Hirian ospatzen dira abuztuko udatiarren festak eta “euskaldun kutxukoak” irailean, eta bi ospakizun hauek antolatzen dute uda sasoian festa-egutegia. Irailean ospatzen ditugu Euskal Jaiak, eta baita Zinemaldia. Eta elkar bizitza litzateke festa hauek nork bere erara ospatu ahal izatea; askotariko herritarrak biltzen dituelako baita hiria zoragarria.
Hain da “polita hiria”, bertako “kultura zoragarria” eta gaitz guztiak osatuko dituen miraria…ahaztu egin dugu hiria guda-leku ere badela. Gatazkak sortzen diren eta sortzen dituen eremua. Nahastu bezala, hirian interesak bata besteari gailendu ere egiten zaizkiolako. Elkarrekin bizi ahal izateko lehenengo baldintzaren arabera, bakoitzaren libertatea bestearen libertatea hasten den lekuan amaitzen da. Praktikan, ordea, ahulen libertatea murriztuz zabaldu da boteretsuaren libertatea. Hiriak azalean ditu antagonismoak, ikusi nahi duenarentzat ikusgai zapaldu eta zapaltzaileak. Goikoa eta behekoa. Betiko kontuak…”
(Donostia Saldu eta Suntsitu,
ZINEMALDI ALTERNATIBOA 6(+2) 2016-09-19)
Bizikidetza eta
elkarrekin bizitzeko kultura izan dira proiektuaren “esentzia eta arima”. Irekierako ekitaldi nagusiak ere
Elkarbizitzaren zubia ikuskizuna zuen izena. Eta hain zuzen mezu honen “hutsala” salatu nahi izan zuten azaroaren 19an
Letaman gaztetxean antolatu
Elkarbizitza gezurra da festibalean.
“Elkarbizitza gezurra da, pertsonaren beharrak aintzat hartu gabe aukera berdintasuna aldarrikatzen duenean. Gezurra da, sozietateko harreman-botereei itsu-mutu-gor egiten dien heinean. Elkarbizitza gezurra da, menderatuen errealitateak ezkutatzeko erabiltzen denean. Eta gezurra delako egiten diogu iseka, irain eta erasoa. Elkarbizitza horretan sinesten ez dugulako. Egiazkoa izango den elkarbizitzaren alde egiteko”.
“Elkarbizitza gezurra da, eta horregatik des-maskaratzen dugu. Mozorroa kendu. Hitza hil. Gezurra hil. Heriotzak galdera berrien aurrean jartzen gaituelako. Eta orduan esanahiak asmatu behar, zaharrak berritu. Hitza aintzat hartzeko. Munduko gauzak oraindik izenda daitezkeela frogatzeko. Mintzaira balioan jarri eta munduko gauzak hobetzeko. Hitza berriro bizi ahal izateko. Eta hitzarekin gu”.
(Donostia Saldu eta Suntsitu,
Elkarbizitza gezurra da 2016-11-19)
Aurrez, urtarrilaren 30ean,
Itsas Aurre elkarteko lagunek sare baten barruan sartuta protesta egin zuten “elkarbizitzaren sinbolo bihurtu den zubian”, igeldotarrak “sare batean harrapaturik” eta euren nahiaren kontra Donostia barruan bizitzera behartu dituztela salatzeko.Kulturak gatazkari irabazi dio, edo kultura baliatu dugu hiriko konfliktoak ezabatzeko? Mezu ezberdin bi dira. Legatuaz ari dira eta legatuaz ariko gara 2016tik landa ere; legatuak kulturak ulertzeko manera hauek aintzat hartuko dituenez…