Katalunia plazako kartela. (Argazkia: Malen Aldalur)
Kultur hiriburutzaren programako hainbat jarduerak eta Donostia 2016k hartutako zenbait erabakik ez dute harrera ona izan, eta aurkako erreakzioak piztu ditu.
Donostia 2016ren programako hainbat ekitaldik hautsak harrotu dituzte, eta talkak agerian utzi. Zentsura ezarri izana ere egotzi diote. Edukiez eta formaz harago, zenbait ekitaldiren aurrekontuen inguruko polemikak ere piztu dira.
Biktimak
Mikel Salegiren sendiak bake eta bizikidetza proiektuetatik baja emateko eskatu dio udalari. «Ez dugu berriro jaso nahi mindu eta umiliatuko gaituen inongo informaziorik. Egin ezazue zuen bakea, baina utz gaitzazue bakean!». Bi gaik bete dute senideen «pazientziaren ontzia». Batetik, Bakea gugandik eraikiz jardunaldien harira Donostiako Udalak izandako jarrera. Senideek antolatu zituzten jardunaldi horiek: «Azpeitiko Udalak besoak zabalik hartu gintuen, San Telmo museoak eta Donostiako Udalak proiektuan kolaboratzeari ezezkoa eman ondoren». Salatu zutenez, Eneko Goia Donostiako alkateak antolatzaileei leporatu zien jardunaldiak Donostian egin ez izana, argudiatuta ez zutela udalaren eta museoaren logoa onartzen. Hori gezurtatu dute Salegi Urbieta familiakoek.
Udalak azaldu du senideek elkarlana eskatu ziotela, «baina uko egin zioten udalak jardunaldien edukietan parte hartu ahal izateari». Edonola ere, udaleko iturriek esan dute ez dutela Mikel Salegi zenaren senideekin eztabaidatu nahi, «biktima guztien oinazea eta senideen erabakiak errespetatu» behar direlako.
Bestetik, azaldu dute Goiak
Adiorik gabe izeneko emankizun batera gonbidatu dituela. «Zein biktimaz ari gara? Hamabi biktima omentzen dira. Horietatik bederatzi ETAren biktimak dira, bat Guardia Zibilarena, bat BVErena, bat GAErena. Indarkeriak eragindutako biktima guztien proportzionaltasun eta inklusibitatearen adibide ederra. Estatuko biolentziaren biktimak aurkitzeko zailtasunak izan al dituzte? Hau al da Donostiako Udalak sustatzen duen bakea?».
1974ko abenduaren 18an hil zuen Guardia Zibilak Mikel Salegi Urbieta, 21 urte zituela, Donostiako Errekalde auzoan ezarritako kontrol batean.
Zentsura
Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketaren aurkezpenean zalaparta sortu zen. Erakusketaren helburua zen molde bateko edo besteko espetxe, zentro psikiatriko, adingabeentzako zentroetan giltzapeko egoeran dauden pertsonen sorkuntza lanak erakustea. Euskal preso batzuen lanak jaso zituzten erakusketan, eta horietako bi zentsuratu egin dizkietela salatu zuten Aitor Izagirre, Marion Cruza eta Pablo Marte komisarioek, Donostia 2016ko zuzendaritzako kideekin batera emandako prentsaurrekoan.
Dario Malventi erakusketako zuzendariak Berria egunkarian salatu zuen esku hartze politikoa agerikoa izan dela: «Proiektu polemikoa izan zitekeela bagenekien, ikuspegi abolizionista batetik abiatzen baita, eta erreklusio erakundeen ezgaitasuna planteatzen baitu osotasunean. Giltzapeko egonlekuak babesten dituzten erakundeen kritika zorrotz bat planteatzen du egitasmoak. Ez genuen uste, ordea, Donostia 2016 Bulegoak utziko zuenik beren buruari zentsura ezar ziezaioten, zentsura ezarri duenak duen boterea izanagatik ere».
Inaugurazioa
La Fura dels Baus antzerki taldeko zuzendari ohiak, Hansel Cerezak, diseinatu zuen Donostia 2016 kultur hiriburutzaren inaugurazio ekitaldiko ikuskizuna, eta herritarrek gogor kritikatu dute ekoizle katalanak Maria Kristina zubian sortutako Elkarbizitzaren zubia argi eta itzal emanaldia. Ikuskizunak 660.000 euroko kostua izan zuela jakinarazi zuten. Ahal Dugu-k inaugurazio ekitaldien gastuak zehazteko eskatu zuen, eta hilabete geroago iritsi zen erantzuna. Inagurazioko katering zerbitzuan –1.478 gonbidatu– 14.740 euro gastatu ziren.
Bakearen Miliak proiektuak ere zeresana eman du. Hainbat fotokazetari kexatu egin ziren, 2016ak ordaindu gabe erabili nahi izan zituelako euren argazkiak. Erakusketaren antolatzaileek fotokazetariei eskatu zieten euren lanak doan erabiltzen uzteko, «irabazi asmorik gabeko» proiektua delako. 226.100 euroko aurrekontua izan du proiektuak eta fotokazetariek, sarean zabaldu duten idatzi baten bidez, galdetu dute ea nora bideratuko duten diru hori.
«Honelako eskaintzen aurrean engainatuta sentitzen gara, irainduta eta iruzurra egin baligute bezala, bai maila pertsonalean, bai kolektibo gisa; horrelako ekitaldi garrantzitsu bat –aurrekontuari erreparatuta behintzat– antolatu nahi izan dute protagonista izan behar zuten argazkiak ordaindu gabe». Polemika zabaltzen hasi ostean, Donostia 2016ko iturriek azaldu zuten K6 enpresaren eta argazkilarien artean «gaizkiulertua» gertatu zela.
Errege-erreginen bisita
Espainiako errege-erreginak Bake Itunak erakusketara egindako bisitak zeresana sortu du hirian, baina zalaparta handiagoa sortu zuten erregeari ongietorria emanez hiriko markesinatan agertu ziren hainbat kartelek.
Mota guztietako teoriak zabaldu ziren, DSS2016k berak ere ukatu zuen kartelak jarri izana, eta sare sozialak sutan egon ziren hainbat ordutan. Donostia $aldu eta Suntsitu kolektiboak hartu zuen bere gain ekintza eta bideo bat plazaratu zuen Pentsatu. Ez sinestu lelopean. Bertan udaletxeko langilez jantzitako bi lagunek markesinako beira nola altxatzen duten ikus daiteke, kartelak jartzeko.
Kortxoenea
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak antolatuta, kaleko artea eta sorkuntzarekin lotutako hainbat ekitaldi egin zituzten StreetARTar jaialdian. Grosen egin zuten egitaraua, Sagues eta Manteo inguruan.
Manteo inguru horretan, hain zuzen, Zemoria kaleko eraikinean ekintza bat egin zuten, Kapital asko, kultura gutxi leloa daraman pankarta zabalduta. Eraikin honek lotura zuzena du Kortxoenea gaztetxearen aferarekin.
Iazko azaroaren 3an Kortxoenea gaztetxea eraitsi zutenean, gune autogestionatuaren aldekoek Zemoriako eraikina begiz jo zuten. Udal gobernuarekin hainbat bilera izan zituzten, eta Zemoriako eraikina hartzeko aukera mahai gainean jarri zuten Kortxoeneako kideek. Hiriko eragile kultural, sozial eta herritarren tokia izateko proposamena aurkeztu zioten. Zemoriako 20. zenbakian dagoen institutuaren eraikina udalarena da, eta honek 2000. urtean Lakuari utzi zion, bertan hezkuntza zentroa ezar zezaten-. Parte hartze prozesu bat abiatu zuen Kortxoeneako asanbladak, bertan autogestioan oinarritutako proiektuen bilgunea osatzeko.