Beherapenak goraka
Iritsi dira beherapenak hirira eta erakusleihoek %50eko ,%60ko, %70eko deskontuak iragartzen dituzte. Mauka izan daiteke batzuentzat, baina saltoki txikiak lehiatik kanpo geratzen ari dira.
Beherapenak iritsi dira hirira. Urtero bezala Errege magoak agurtu eta poltsikoak hustu nahi dituzte zenbaitek ahalik eta mauka handienak topatzeko asmoz. Orain arte, urteko bi garaietan egiten zituzten beherapenak: urtarrilean eta uztailean. Orain aldiz, urte guztian zehar hainbat promozio eta eskaintza egiten dituzte saltoki eta denda kate handiek. Gainera, beherapenen liberazioarekin saltokiek eurek erabaki ahal izango dute noiz hasi beherapenekin. Hori dela eta, saltoki handienek geroz eta askatasun gehiago duten bitartean, saltoki txikiak “itotzen” ari dira. Askatasunaren hiribidea, Getaria kalea, Hondarribia Kalea, Garibai kalea. Donostiako Erdialdetik oinez zoazela alderik alde ageri dira Stradivarius, Zara, Mango, Bershka, Pull&Bear eta H&M bezalako saltoki handiak. Baina oraindik badaude kate eta saltoki gune horiek irentsi ez dituzten zenbait denda txiki. 19 urte bete ditu Sirta arropa dendak Hondarribia kalean. Asko aldatu da ordutik Donostiako zentroa, eta baita hiria bera ere. “Gu lanean hasi ginenean oraindik Garbera ere ez zen existitzen, eta begiratu orain, Garbera bera ere handitu egin nahi dute”, azaldu du Julian Bengoetxea Sirta arropa dendako nagusietako batek. Gainerako denden gisara erakusleihoan beherapenak iragartzen dituzte, baina ez %50ekoak, %60koak edo %70ekoak. “Guk ezin dugu saltoki gune handiekin lehiatu, dena beraien alde dago”, azaldu du Bengoetxeak. Hala ere, egiten dituzte beherapenak eta hori nabari da dendan dabilen jende kopuruan:?”Beherapenekin beti egoten da jende gehiago, pintxo-potearekin gertatzen den gauza bera gertatzen da; prezioak jaisten badituzu edo zerbait oparitzen baduzu erraza da jendea erakartzea”. Bat datoz horretan gainerako guztiak ere. Aurten beherapenen hasiera asteburuan egokitu da, eta azaldu dute larunbatean jende asko ibili zela erosketak egiten, baita saltoki txikienetan ere. Hala azaldu du Miss Manuki dendako Brenda Moneok: “Jendea beherapenen zain zegoen eta ederki hasi dira; asteburua gogorra izan da, baina orain lasaitu da pixka bat”. Normalean baino jende gehiago ibili da Marigo zapata dendan ere: “Jendea beherapenen zain egoten da. Askok aurrez dakite zer erosi nahi duten; zapatak probatzera ere aurrez etortzen dira asko, eta gero, beherapenak hastean erosi egiten dute”. San Martin, Urbil eta Garbera merkataritza zentroentzat izan direla salatu dute, “eta hori gutxi balitz, Garbera handitu eta Illunben ere saltoki handiak jarriko dituzte”. Saltoki handiek dena alde dutela uste dute, eta txikiek zailtasunak besterik ez: “Saltoki handiek ez dituzte zergak hemen ordaintzen, guk bai. Saltoki handiek boterea dute; politikariak ere alde dituztelako”. Politikariei ez ezik, telebistari botatzen dio errua Sara Moya Marigo zapata dendako nagusiak: “Telebistan etengabe iragartzen dituzte %50eko %60ko eta %70eko deskontuak, eta guk ezin dugu halakorik egin. Noski, gero jendea dendara etorri eta desilusioa hartzen du guk ezin ditugulako halako eskaintzak egin”. Marigo zapata dendak ere baditu beherapenak baina bere neurrira egindakoak: %20 eta %30. Bat dator Bengoetxearekin: “Ezin dugu zentroan dauden gainerako saltoki handiekin lehiatu”. Uste du ez dela batere onuragarria zentroan, edo orokorrean hirian, saltoki gune handi gehiago irekitzea: “Egia da jendea erakartzen dutela, baina Zaran edo Primarken erostera doan jendea ez dator nire dendara”. Fernando Roman Look saltokiko dendaria ez da iritzi berekoa: “Uste dut azkenean batak besteari laguntzen diola;?jendea jendea doan lekura joaten da eta, beraz, onuragarria izan daiteke zentroan jendea ibiltzea”. Antzeko iritzia du Miss Manuki dendako Brenda Morenok ere: “Kalean jendea egoteak eta erosketak egiteko giroa sortzeak beti laguntzen du”. Batzuentzat saltoki handiak ondoan izatea erakargarria den bitartean; kexu dira besteak, jendea erakartzeko baino, jendea beraien dendetatik urruntzeko balio dutela uste dute. Salmentak gora Dena den, saltoki txikiek ere, gehiago saltzen dute beherapenekin. Gabonetan eta beherapen garaian saldutakoekin, ia urteko irabazien %50a ateratzen dutela azaldu du Merkatarien Gipuzkoako Federazioak. Horregatik, saltoki erraldoien beherapen handiek kale egiten diete saltoki txikienei. Kalte handienetako bat kontsumitzailearen profila aldatu izana dela uste dute. Gehienek kontsumitzaile eredua pixkanaka aldatu egin dela uste dute. “Jendeak ez du lehen beste baloratzen berarekin egotea, aholkatzea. Jendea gauza berrien bila doa”, azaldu du Bengoetxeak. Moneok ere uste du gehienak lasai ikusi nahi izaten dutela dendan dagoena eta eurek bakarrik aukeratu: “Hala ere, oraindik badaude betiko kontsumitzaileak, aholkua eskatzen dizutenak, erosten dutenak eta gero arropa zeinen gustura erabili duten esatera gerturatzen direnak”. Moyak ere antzera pentsatzen du: “Jendeak zapata guztiak batera ikusi nahi ditu, Zara eta horrelako saltoki handietan bezala”. Lehen egiten zen moduan jendeak dendara sartu eta zeren bila zebilen esateko ohitura galdu duela uste du: “Askotan gauzak ez ditugu begi bistan edukitzen, baina jendeak ez dizu zeren bila dabilen esaten, eta beraz, begi bistan ez badago ez dute erosten”. Look saltokira doan jendea, oraindik, zerbitzu pertsonalizatuaren bila joaten dela uste du Romanek: “Guk eskaintzen duguna ez dute kate handiek eskaintzen. Kalitatezko arropa da, jendeari bertaratzea gustatzen zaio; eta gainera konponketak ere egiten ditugu”. Erosketak Interneten Geroz eta gehiago dira internet bidez erostera animatzen direnak. Erosteko ohiturak aldatzen doaz, eta ohartu dira horretaz saltoki txikiak ere. “Dena aldatu da”, dio Bengoetxeak. Beraiek saltzen duten arropa jende helduagoarentzako izaterakoan eragina ez dela hainbesterako uste du: “Hala ere, egia da guk saltzen ditugun arropa marka berak saltzen dituztela, esaterako, Amazonen ere”. Dena den, ez dira Internet bidez saltzera ausartu:?”Guri ez zaigu ekonomikoa ateratzen”. Izan ere, kate handiek ez dituzte bidaltze kostuak ordaintzen, eta saltoki txikiek ezin dituzte horrelako gastuak euren gain hartu. Hala uste du Marigo zapata dendako nagusiak ere:?”Geroz eta marka gehiago saltzen dira Internetetik eta hori ere konpetentzia da guretzat”. Beraz, oraindik, ez du Internet bidez saltzen: “Sartu zaitezke mundu horretan, baina ezin duzu lehiatu”. Miss Manuki eta Look dendek ez dute hainbeste nabaritu Interneten uholdea. “Gure bezeroei gehiago gustatzen zaie dendara etorri eta arropak ikusi eta ukitzea, azaldu du Romanek. Moneok, uste du Internetetik erosteko joera handitu izanak ez diola zuzenean eragiten, baina bai zeharka: “Nabaritzen da jendeak gero eta gehiago galdetzen duela dendan saltzen ditudan marken inguruan, gero etxean internetetik begiratu edo erosi ahal izateko”. Berezitasunaren bila kate eta saltoki gune handien uholdeari aurre egiteko, berrasmatzen ari dira saltoki txikiak. Bereizi nahi dute, nolabait, hiri erdialdea irentsi duten denda handietatik. Horretarako, zerbitzu pertsonalizatua, aholkularitza eta arreta eskaintzen dituztela diote. Turismoari begira ere berezitasun horrek hiriari hainbat abantaila eskainiko lizkiokeela uste du Bengoetxeak: “Orain hiri erdian dauden denda guztiak berdinak dira. Kanpotik datorren jendeak saltoki handiak baditu bere etxe ondoan; hemen beste zerbait topatzea espero du”. Saltoki handiek, saltoki txikiei ez ezik hiriko nortasunaren sinbolo ziren gauzei ere eragin dietela uste du Bengoetxeak: “San Martin merkataritza zentroa ikustea besterik ez dago; lehen turistak arrainak ikustera eta erostera joaten ziren merkatu zaharrera, eta orain mundu guztian dauden denda berdinak jarri dituzte hor ere”. Hirietako saltoki txikiek herrietakoek baino arazo handiagoak dituztela uste du, Erdialdekoak behintzat: “Probintziako jendea Donostiara saltoki handietan erostera etortzen da, txikietan erosi nahi duenean herrian geratzen da. Merkeago ateratzen zaio Donostiara mugitzea baino”, azaldu du Bengoetxeak. Badakite handien ondoan bizirautea ez dela batere erraza. Ezin dute saltoki handiek urte guztian zehar egiten dituzten beherapen, promozio eta eskaintzekin lehiatu; Internet handi geratzen zaie; eta geroz eta gehiago kostatzen zaie berezitasuna mantentzea. “Etorkizuna oso beltza ikusten dugu, politikari guztiak handien alde daude, beraiei erraztasun guztiak ematen dizkiete eta gu gero eta itoago gaude”, azaldu dute Sirta dendakoek. Moyak ere ez du erraza ikusten saltoki txikiek hobera egitea: “Jendearen ohiturak aldatu behar dira horretarako, kontzientziazio lana beharrezkoa da, eta ez dut uste gizartea horretarako prest dagoenik. Handiegia da publizitatearen bitartez bidaltzen dizkiguten mezuen pisua”. Moneo ere kezkatuta dago, eta zerbitzu pertsonalizatuari eta kalitateari eutsi nahi dio kate handietatik bereizi eta bezero propio eta fidelak lortu ahal izaateko. Goraka doaz beherapenak, eta beldur dira gorakada horrek saltoki txikien beherakada ekarri dezakeelako.