Zubiberri, Loiolako Erriberako lehen gastronomia elkartea
Zubiberri.
Bost dira zuzendaritzako kideak, eta haien ekimenez izango du auzoak lehen gastronomia elkartea: Iñigo Pons, Eduardo Iñigez, Javier Jimenez, Mikel Korta eta Juanjo Mujika. Mujika izan zen lehen saiakera egin zuena, ondoren Iñiguezek hartu zuen lekukoa, baina azkenean Ponsek eman zion «benetako bultzada». Lanean urtebeteko baimena eskatu zuen hainbat proiektutan murgiltzeko, eta horietako bat izan zen elkartea abian jartzearena.
Lokalak begiratzen hasi zen, harremanetan jarri zen bi arkitektura estudiorekin, bankuekin hitz egiten hasi zen… Elkarteko zuzendaritzan egon nahi zuten auzokideak bilatzen hasi zen. Eta pixkanaka bostak elkartu ziren.
Proiektuaren kontzeptua landu zuten. Zenbakiak egin zituzten eta 100 pertsonentzako proiektu bat egin zuten. Beste elkarte batzuk ezagutzera ere joan ziren. Familientzako elkarte bat sortu nahi zuten, umeek ere sartzeko aukera izatea: «Auzoan dauden bizilagunen beharrei egokitutako elkarte bat genuen buruan. Batzuek esan digute hau ez dela ohiko elkarte bat, baina, guk kontzeptu bat landu dugu. Gustuko ez dutenek aukera dute beste bat sortzeko».
Ez da bide erraza izan. Esfortzu ekonomiko handia da elkarte bat abian jartzea eta askok atzera egin behar izan dute. Eta horren arabera, proiektua egokitu behar izan dute. Azkenean 62 bazkiderekin egin dute aurrera: «Jende asko bizi da auzoan, baina asko etxea ordaintzen ari dira. Eta oraindik ere badaude etxe asko hutsik. Denborarekin ziur gaude jende asko gerturatuko dela, baina oraingoz 62 bazkiderentzako lekua dugu. Itxaron zerrendan daude jada pertsona batzuk», azaldu du Ponsek.
Leku bizia izatea espero dute, eta auzokideek elkar ezagutzea izango du helburu gisa. «Nik hiruzpalau urte eman ditut auzoan, eta ez dut bizitza asko egiten hemen. Auzotar batzuk ezagutzen ditut, baina ez hainbeste. Eta garrantzitsua iruditzen zaigu, jendeak elkar ezagutzea. Eta hori izango da gure helburuetako bat. Harremanak estutzea, elkartzeko leku bat sortzea. Mahai baten bueltan elkartzea».
Paloma Miranda plaza eta Nemesio Etxaniz kalean egingo dute elkartea. Lokala erosi zuten udan, eta Pura Arquitectura estudiokoMarta Badiola kontratatu zuten diseinua egiteko. Proiektuan izugarri inplikatu dela dio Ponsek, eta esker ona adierazi diote elkarteko kideek.
Udalak jada baimena eman die elkartea egiteko lanak hasteko, eta orain eraikuntza enpresa bati adjudikatuko diote elkartea egiteko lana. Otsailean espero dute lanak hastea. Hiruzlapau hilabeteren ondoren, elkartea inauguratzea esperatu dute, udaberrian.
Izena nola aukeratu duten azaldu du Ponsek: «Bazkide bakoitzak bere proposamena egiteko aukera izan zuen, eta botoa eman ondoren, Zubiberri aukeratu genuen. Loiolako Erriberarekin lotura handia du ibaiak, eta auzoan zubi asko daude. Bizilagunen arteko zubiak eraikitzeko nahiaren metafora dela esango nuke. Askok ez dugu elkar ezagutzen, eta bertan topatuko dugu auzoko jendea, elkartean».
Ilusio handia dute lokala irekitzeko: «Esfortzu kolektibo handia izan da. Bakoitzak diru asko jarri du, eta gogotsu gaude denok. Zuzendaritzako kideok ere denbora asko eman diogu proiektu honi eta hau guztia aurrera doala ikustea oso polita da. Gainera, bazkide guztiak saiatu dira elkartea egiteko prozesuan laguntzen. Abokatua denak kontratuekin lagundu digu, eraikuntzan eskarmentua duenak ere berdin. Konfiantza jarri dute elkartean, eta horrek ilusio handia egiten digu».
Auzoaren historia ezaguna da. Indartsu hasi zen, baina krisia kolpe latza izan zen. Azken urteotan, ordea, berriz ere abiada hartzen ari dela uste du Ponsek: «Auzo elkartea ere bizi bizi dabil, eta elkarrekin lan polita egin dezakegula uste dut. Gustatuko litzaiguke ikastaroak egitea, hitzaldiak ematea, tailerrak egin… Edo mendi talde bat sortzea elkartean».
Auzotar askoren ametsa egia bihurtuko da laster: Loiolako Erriberan lehen gastronomia elkartea irekiko dute udaberrian. 62 bazkiderekin hasiko du bidea, Nemesio Etxaniz kalean.
Duela zazpi urte ere saiatu ziren gastronomia elkarte bat sortzen, baina azkenean proiektua ezerezean geratu zen. Azken urteotan, ordea, egitasmoak bultzada handia izan du, eta azkenean auzotar askoren ametsa egia bihurtuko da: Loiolako Erriberak gastronomia elkartea izango du: