Hotza bai, baina ateri joango da San Sebastian eguna
Sansebastianetan hozgiroa izango da nagusi. Euskalmet-ek eguraldi iragarpen berezia egin du Donostiako jaietarako, eta egunotako fronte hotzak bete-betean harrapatuko du festa. San Sebastian bezpera, hilaren 19a, hodeitsu hasiko da, baina orduak igaro ahala, hodeiak gutxitu egingo dira eta eguzki giroaz gozatu ahal izango da. Poliki-poliki epelera egingo du. Halere, eguna amaitu aurretik, tenperatura izotz mugatik jaitsiko da. Tenperatura minimoa 3 gradu zero azpikoa izango da, eta maximoa, bost gradukoa.
Ostiralean ere, hilaren 20an, tenperatura baxuak izango dira nagusi. Tarteka goi-hodei fin batzuk sartuko diren arren, eguzkiari ez diote traba handirik egingo eta giroa argia izango da. Eguneko tenperaturak beste koska bat egingo du gora, baina goizean goiz, berriro ere, izotza nonahi egingo du. Tenperatura minimoa berriz ere hiru grado zero azpikoa izango da, eta maximoa, zazpi gradukoa. Hotza egingo du, baina Euskalmeten arabera ateri joango da San Sebastian eguna.