115 gaztek parte hartu dute informazio eta hezkuntza programan
Menpekotasunak saihesteko formakuntza landu du Udalak Donostiako 10 gazte lokaletan
Donostiako Udalak aisialdirako lokalak erabiltzen dituzten gazteei zuzenduriko informazio eta hezkuntza programaren iazko datuen berri eman du. Guztira, 115 gaztek parte hartu dute -103 mutil eta 13 neska-, 20 urtekoak bataz beste. Menpekotasunari buruzko informazio, prestakuntza eta aholkularitza topaketak egin dituzte gazteekin. Menpekotasuna ez ezik, beste gai batzuk ere landu dituzte gazteek horrela eskatuta. Hala nola, teknologia berriak, segurtasuna, zarata, jokoa eta generoa.
Hiriko 10 lokaletan landu dute programa: bat Altzan, bi Amara Berrin, bi Antiguan, hiru Egian, bat Grosen eta bat Ibaetan. Bakoitzean gutxienez bi topaketa egin dira gazteekin, 178 ekintza eta parte hartu duten %55a bi topaketera joan dira. Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak azpimarratu duenez, “parte hartu duten gehiengoa mutilak dira, nesken gehiengoak aisialdirako beste gune batzuk erabiltzen dituztelako”. Bide horretan ezarri du programaren erronketako bat, neskak dauden guneetara iristea. Horrekin batera, adin txikikoengana iristea, arrisku taldeekin lanean jarraitzea eta lokalen legalizazioa bultzatea dute helburu.
Udalak 2014an jarri zuen martxan programa, gazteen artean prebentzioa areagotu eta kontsumo zein erabilera txarrek dakartzaten arazoak murrizteko.