Inude eta Artzainak lau auzotan aterako dira
Kresalaren konpartsa igande honetan ibiliko da Parte Zaharreko kaleetan barrena.
Kresala Elkarteak antolatzen du urtero Inude eta Artzainen Konpartsa, Parte Zaharrean. Aurten, otsailaren 5ean, igandean, aterako dira kalera, 12:00etan. Euskal Herria kalean hasi eta bukatuko dute desfilea, eta kale hauek igaroko dituzte: Aldamar, Bulebarra, Nagusia, Abuztuaren 31, Narrika, Iñigo, Konstituzio plaza, Arraindegia, San Juan, Bretxa, eta Aldamar. Tartean, geldialdia egingo dute Kostituzio plazan, bertan antzezpena eskaintzeko.
Guztira, 150 lagunek osatzen dute konpartsa. Horietatik 60 dantzariak dira, eta, beste 60, danborrariak; gainontzekoak, pertsonaiak dira: alkatea eta emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, meza laguntzaileak, mikeleteak, barkilleroak, bota gabiltzailea, lorazaina… The Joselontxos txarangaren laguntzarekin ibiliko dira guztiak ere.
Artzain eta Inudeen errepertorio ia osoa Raimundo Sarriegi maisuak konposatutakoa da: Inudeen konpartsa, Sarrera eta inudeen eszena, Festarik behar bada… kantu horiek danborrekin laguntzeko oso aproposak direnez, Kresala elkarteak danborrari talde bat prestatu zuen konpartsari laguntzeko.