"Zirrikitu bat irekita geratzen dela esan daiteke"
Eneko Goia alkateak Loiolako kuarteleko lur sailak hiriaren esku uzteko eskatu du gaur Madrilen. Aspaldiko eskaera da, baina Madrilgo Defentsa Ministerioak ezezkoa eman du beti. Bileraren ondoren adierazpenak egin ditu Donostiako alkateak. Hitz egiten eta proposamenak aztertzen jarraituko dutela nabarmendu du: “Bagenekien zaila dela gaia. Lan asko egin beharko dugu, eta dauden aukerak baliatu beharko ditugu. Aurkitu dugun talantea ez da txarra izan, baina zailtasunak jarri dizkigute mahai gainean”.
Gaurko bileran aukera gutxi ikusten zituen alkateak: “Donostiako hiriak urteak daramatza hau lortzeko. Hau ez da posible izan, ezta baldintza politikoak teorian hobeak izan diren garaietan ere”.
Afera honen atakak non zeuden jakin nahi zuen Goiak, eurek ere euren erabakiak eta alternatibak aztertzeko: “Zirrikitu bat irekita geratzen dela esan daiteke. Arazo nagusia da ejerzitoak erabakia hartuta duela; bere instalakuntzak mantendu nahi ditu bere horretan, gainera gaur egun dituen ezaugarriekin”.
Halere, aukera onak ikusten ditu Goiak: “Nik ez dut zalantzarik. Donostian hainbat lekutan gertatu da. Hiria hazten joan da, eta Urumeako garapena ikusita, ez du zentzurik izango han sartuta geratzea horrelako instalakuntza bat. Ez da izango ez garelako saiatuko. Esfortzu guztia jarriko dugu horretan”.