Arroka kaleko frontoia babesteko, talde argazkia egin zuten azaroan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Bizilagunek
Arrokako frontoiaren inguruan duten iritzia jakin nahi du udalak. Horretarako, hiru proposamen aintzat hartzen dituen esku orri bat banatuko du 1.600-1.900 bizilagunen artean. Hiru proposamenak honakoak dira: frontoia mantendu aldaketa gutxi batzuekin; irisgarritasuna hobetu; edo pareten altuera jaitsi.
Lehenengo proposamena da Amara Bai auzo elkarteak egin duena. Ez dute frontoia eraisterik nahi eta hainbat aldaketa proposatzen dituzte udalak ikusten dituen arazoei konponbide bat emateko. Bigarren proposamena Eneko Goia alkateak aurkeztu zuen. Kasu honetan frontoia bertan geratuko da, baina irisgarritasuna hobetuko lukete larrialdietako ibilgailua sartu ahal izateko. Azkenik, hirugarren proposamenak frontoia plaza antzeko zerbait bilakatu nahi du hormen altuera gutxituta.
Oraindik prozesuaren datak zehaztu ez badituzte ere, udalak azaldu du ahalik eta azkarren abiarazi nahi duela prozesua, auzotarrek iritzia eman ahal izateko.
Amara Berriko lur azpiko pasabidearekin zer egin erabakitzeko egin zuen parte hartze prozesu bera abiaraziko dute. Udalak azaldu du erabakia hartzeko unean kontuan hartuko dituztela prozesu honetan jasotako iritziak.