Aintzane Revuelta, Guardetxeko kidea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Aro berri baten aurrean aurkitzen da Guardetxea. Berrinauguratu zutenetik zazpi urte igaro diren honetan, atzera eta aurrera begira jarri gara bertan ordu asko pasa dituen Aintzane Revueltarekin.
Urgull mendian, Parte Zaharraren gainean eta hiriari sorbalda gainetik begira dago Guardetxea. Kultur sorkuntza andana igaro dira eraikinaren oholtza gainetik; antzerkia, dantza, zirkua, kontzertuak, bazkariak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak. Su hartu zuen orain dela 10 urte. Hiru urte itxita egon ostean berrinauguratu zuten 2009an, eta ordutik Guardetxearen bueltan ibili da beti Aintzane Revuelta.
Donostian jaio arren, zortzi hilabete zituela Mexiko hegoaldera joan zen bizitzera. Hogei urterekin egin zuen berriro buelta Donostiara, Unibertsitatera joateko asmoz. Pedagogia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina aurretik Guardetxea ezagutu zuen:?«Donostiara etorri eta gutxira lagun batek ekarri ninduen Guardetxera. Asko gustatu zitzaidan», azaldu du.
Aktorea eta dantzaria da Revuelta eta Guardetxeko oholtza ikusi eta batera sartu zitzaion antzerki bat antolatzeko gogoa. Horrela, garai horretan Guardetxean ibiltzen zen jendearengana gerturatu eta antzerki bat egiten uzteko eskatu zien; trukean Guardetxean laguntzeko prest azaldu zen. Horrela, orain dela zazpi urte igo zen lehenengoz Guardetxeko oholtzara Frida Kahloren bizitza antzeztera: «Gero dantza ikastaroak eskaintzen hasi nintzen, eta ordutik beti ibili naiz Guardetxearen bueltan».
Revueltak uste du hiru garaitan zatitu daitekeela Guardetxearen historia: lehenengoa, su hartu aurretik; bigarrena, Guardetxea berrinauguratu arteko zatia; eta hirugarrena, berrinaugurazioaren ondorena. «Gaur egun bizitzen ari garen aldaketa laugarren fase moduko bat izan daiteke», azaldu du.
«Guardetxea hasiera batean eraikin okupatu bat zen, auzotar batzuek erabiltzen zuten. Gehienbat Banda bat taldeak; baina baita batukada taldeak edo auzoko kirol elkarteak ere», azaldu du. Revuelta ez zen garai horietan egon, baina gauza asko kontatu dizkiote: «Eraikina oso ezberdin zegoen orduan, eta entzunda dudanez kristoren parranda egoten zen».
Sutearen ondoren Banda Bat taldeak Guardetxea lortzearen aldeko borroka hasi zuen. Hiru urteren ondoren, udalak eraikina uztea lortu zuten; baina trukean Guardetxea udalarena izatera pasatu zen: «Orain udalak kontuak eskatzen dizkigu; baina kudeaketa guztia guk egiten dugu».
Errautsetatik berpiztua
Abuztuan iritsi zen Donostiara, eta urrian berrinauguratu zuten Guardetxea: «Orduan Banda bat elkartea arduratzen zen gestio lanekin, ez genuen asanbladarik egiten, elkartearen bilerak egiten genituen». Pertsona bat liberatu zuten eta bera arduratzen zen gestioarekin eta elkarteen arteko koordinazioarekin. «Guardetxea edozein elkarte edo taldek erabili dezake; beraz, beharrezkoa da koordinazio lan on bat egitea», azaldu du Revueltak.
Dena den, uste du eredu hori sostengaezina zela, eta horregatik hautsi zela. «Guk, Banda bat elkartetik gestio lan guztia egiten genuen. Hau da, elkarte batek Guardetxean egitasmo bat egin nahi zuenean guk lotzen genuen teknikoa, guk eskatzen genituen baimenak, gu egoten ginen barran eta guk garbitzen genuen ondoren». Hilean lau asteburutan Guardetxean lan egin behar izaten zuela azaldu du. Gainera, pertsona baten soldatak ere kostu bat zekarren, eta eraikina berritzen gastatutako diruaren zorrek ere ez zuten asko lagundu. Hori dela eta, jendea elkartea uzten hasi zela dio Revueltak.
«Gauza oso politak egin ditu Banda bat elkarteak: munduko arrosak, Nocodek jaialdi esperimentala, Guardetxeko birziklatutako produktuz osatutako merkatua, Kulturarte eta beste zenbait». Kulturarte kudeatzen du Revueltak. Bere bi pasioak batzen ditu bertan: pedagogia eta artea. Haurrekin egiten ditu ikastaroak, eta txikienek egindako zenbait lan ikus daitezke Guardetxean.
Guardetxeak gauza ederrak egin dituela dioen arren, gaineratu du atzean geratu dela orain arteko gestio eredua; eta Revueltak autogestiorantz eta modu asanblearioago baterantz egin nahi du: «Uste dut ardurak banatu egin behar direla. Guardetxea leku neutro bat izan behar da jendeak bertan bere proiektuak gauza ditzan».
Denentzako gunea
Orain aldaketa prozesu baten aurrean dago, berriro ere, Guardetxea. Espazioa ireki nahi dute hiriko kolektibo eta taldeek euren proiektuak bertan gauzatu ahal izateko. Banda Bat elkarteak Guardetxearen gestio lana egiteari utziko dio;?eta hemendik aurrera erabiltzen duen taldearen ardura izango da, besteak beste, barrako txandak bete, eskariak egin eta jardueraren ondoren gunea txukuntzea.
Hori dela eta, bilera irekiak egiten dituzte hilabeteko hirugarren igandean arratsaldeko seiretan. Eraikina erabili nahi duenak bilera horietara joan behar du eta baita eraikina ibili osteko bilerara ere, balorazio bat egiteko: «Uste dut horrela ondo funtzionatu dezakegula, edonorentzat irekita dagoen espazio bat izango da;?orain denek beraiena izango balitz bezala zaintzea lortu behar dugu».
Revueltak uste du Banda Bat elkarteak lan handia egin duela Guardetxean, eta batez ere, maitasun handia jarri dutela egin duten gauza bakoitzean. Dena den, garai berriak ere indartsu datozela uste du: «Gazteak gauzak egiteko gogoekin datoz». Azaldu du gehienek kontzertuak antolatzeko erabiltzen dutela, momentuz, espazioa, baina gero eta gauza anitzagoak ikusten ari dela aitortu du:?«Hasieran kontzertuak antolatu nahi dituzte denek, baina espero dut pixkanaka antzerkiak, ikastaroak, hitzaldiak eta horrelakoak ere antolatuko dituztela».
Eraikin bat baino gehiago
Kultur ekitaldietarako gune bat izatea, Guardetxeari erabilera ematea, eta elkarte eta kolektiboek euren proiektuak gauzatu ahal izatea da helburua.
Revueltak hunkituta hitz egiten du Guardetxeaz: «Niretzat hazteko eta hezteko gune bat izan da. Lagunei askotan galdetu izan diet: ez daukat burua kupula formakoa, Guardetxearen itxurakoa?». Azaldu du beretzat etxe bat izan dela eta izango dela beste denbora batez behintzat. «Guardetxea da nire bizitza hiri honetan; Guardetxerik egongo ez balitz, akaso ez nintzateke hainbeste denboran Donostian geratuko», azaldu du. Badaki ez dela horrela pentsatzen duen bakarra: «Ziur nirekin Guardetxean egon diren lagunek bizipen berdinak dituztela, eta gustatuko litzaidake hemendik aurrera gune honen parte izango diren horiek ere hala izatea».
Udalarekin tratua egin zuten 2019ra arte: «Beldur pixka bat ematen dit hemendik aurrera gertatu daitekeenak; baina hemen jarraituko dugu».