Urte asko daramatza Ricardo Callesek Egiako kaldereroetako erregina gisa, eta izugarri bizi du jaia; orain arte ondoan izan duen Joxepo Kortadi zenaren falta izango du aurtengoan, eta hunkitu egiten da lagunaz galdetu ezkero.
Ricardo Calles, Egiako kaldereroen erregina
Ricardo Calles, Plaza Haundin, Joxepo Kortadiren omenezko hormairudiaren ondoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aspaldiko ohitura da Egian kaldereroak ospatzearena, 1995ean hasi baitziren. Ia lehen urtetik dabil konpartsan Ricardo Calles, eta aurtengorako ere gogoz dago, eguraldiaren beldur den arren.
Noiz hasi zinen Egiako kaldereroetan parte hartzen?
Nire kuadrillakoak hasieratik irteten ziren, eta beraien bidez hasi nintzen ni ere, hortik urtetara. Konpartsako partaide bezala atera nintzen lehen urteetan, eta antolakuntzan sartu nintzen, lagunartean. Hortik urte batzuetara, erreginetako batek utzi egin zuen, eta ni hasi nintzen, gaur egun arte. Egia esan, ez dakit noiztik nabilen erregina gisa, baina hamar urte baino gehiago izango direla pentsatzen dut.
Agus, Joxepo eta hiruak atera izan zarete erreginez urte askoan, ezta?
Hori da, urte asko egin genituen hiruek elkarrekin. Gero, Agusek utzi egin behar izan zuen, arrazoi pertsonalengatik; eta Joxepo eta biok elkarrekin jarraitu genuen, aldatzen zijoan hirugarren batekin. Aurten, Urzaleak elkarteko Ota eta bere lagun bat animatuko dira nirekin, Joxepo zenaren ordez.
Nola bizi izan duzue kaldereroen eguna?
Joxepo zuzendaritzan ibiltzen zen, eta erregina papera betetzeaz gain, egun osoa antolatu behar izaten genuen, beste sei kiderekin. Baimenak eskatzeaz arduratzen ginen, beste batzuek konpartsa antolatzen zuten, idazkaria…
Eguna nola antolatzen duzue?
Lau elkarteren laguntza ekonomikoa izaten dugu: Urzaleak, Arrano, Donosti Gain eta Egia Eskubaloia. Horrela, urte bakoitzean, elkarte horietako batean egiten dugu kaldereroen ondorengo afaria. Guk egiten ditugu erosketak, eta afaria zerbitzateaz arduratzen gara.
Egiako mendi taldeak egoitza du Plaza Haundin, eta han elkartzen gara denak, mozorrotzeko eta margotzeko.
Bukatzean, Arrano elkartea arduratzen da urtero txorizo egosia prestatzeaz, partaide guztientzako, eta doan banatzen dute.
Hortik afaltzera joaten gara, dagokion elkartera. Batzuetan, afalosterako zerbait ematen dugu, eta txorakeriatan aritzen gara, ordu txikiak arte.
Erreginek abesten al duzue?
Lehen bai, gerturatu eta abesten genuen, orain eskua altxatzearekin nahikoa izaten dut. Normalean kantatzen duen jendeari adarra jotzen aritzen gara, inguruan dabiltzanekin barre egiten dugu, eta festan parte hartzera bultzatzen ditugu pixka bat.
Egia esan, danborradarekin bezala gertatzen dela uste dut. Ikusten dutenean, denek esaten dute datorren urtean parte hartuko dutela, eta hurrengo urterako ahaztu egiten zaie! [barreak] Guk oso ondo pasatzen dugu.
Zer du zuentzako berezi egun horrek?
Kaldereroen jaia txikitatik ezagutzen dut. Antiguan bizi nintzen, eta lagunak askotan joaten ginen Parte Zaharreko kaldereroak ikustera. Ohituragatik, urtero joaten ginen ikustera, eta gustukoak nituen. Gero, Egiara joan nintzenean bizitzera, kuadrillako asko kaldererotan zabiltzanez, ni ere sartu nintzen.
Zenbat lagun irteten zarete?
Zaila egiten zait esatea, eguraldiak asko baldintzatzen baitu jaia. Guztira, 120 elkartzen garela esango nuke, haur eta guzti, baina ez badu euririk egiten. Eguraldi onarekin izugarria izaten da, jende asko elkartzen gara, eta sekulako giroa izaten dugu.
Aurten, Joxepo zena gogoan izango duzue, eta haren omenez abesti bat joko duzue bere etxe azpian.
Beti geratzen gara kale horretan, baina, aurten, gure omenaldi txikia egingo diogu. Gaixoak, egia esan… sekulako lana egiten zuen… hunkitu egiten naiz… Izugarri mugitzen zen auzoko kontu askotarako. Ez ginen kuadrilla berekoak, baina harreman nahiko estua genuen, eta edozertarako prest egoten zen beti. Bihotz onekoa zen, eta asko botako dugu faltan.