Auzo batzuetan egun berean hartuko dituzte Santa Agedako makilak eta zartaginak. Artzain eta Inudeak lau gunetan aterako dira kalera.
Amarako kaldereroen konpartsa, iaz.
Ospakizunez beteta datoz datozen asteburuak: kaldereroak, Santa Agedako koplak eta Inude eta Artzainak. Auzoz auzo egongo diren ospakizunak jaso ditu IRUTXULOKO HITZAk.
AIETE
Santa eskearen ohiturari helduko diote, larunbatean, 18:30ean, eta Jolastokitik irtengo dira.
AMARA-MORLANS
Aurten, lehen aldiz, Morlansko eta Amarako kaldereroak elkarrekin aterako dira. Morlanstik, Leire plazatik, aterako da desfilea larunbatean, 18:00etan. Aurretik, Morlansko auzo elkarteak merienda goxoa prestatuko du. Ondoren, Amarara joango dira. Auzoko Esnaola tabernara joango dira, eta omenaldi txiki bat egingo diete jabeei. Plaka bat jarriko dute tabernan, auzoaren alde egiten duten lana aitortzeko. Easo plazan ezarriko dute kanpamendua, salda eta txorizo egosia hartzeko. Santa Agedako koplak ere elkartuko dituzte zartagin hotsen artean.
AMARA BERRI
Amara Berriko kaldereroak larunbat arratsaldean aterako dira, ehun kide ingururekin. Armeria plazatik irtengo dira, 17:30ean, eta desfilean jardungo dute, Loiolako Erriberara iritsi arte. Bertan atseden hartuko dute, 18:00etan. Ondoren, berriz Amara Berrira joango dira, eta Ferrerias plazan kanpamendua ezarriko dute, 20:00etan. Bertan, Amara Berriko kaldereroen tribuaren erreginak hartuko du hitza. Bukaeran, txokolate jatea egingo dute.
Inude eta Artzainak ere azalduko dira Amaran, Ikasbide Guraso Elkartearen eskutik, otsailaren 12an, 11:30etik 14:00etara. Loiolako Erriberako Ikasbide ikastolan hasiko dute ibilbidea, eta Amara Berriko Probestu plazan bukatu.
ANTIGUA
Otsailaren 10ean hartuko dituzte zartaginak Antiguan. Benta Berriko kiroldegitik abiatuko dira, 20:30ean. 200 kalderero artean, Mikel Iriarte izango da erregina. Benta Berrin hasi eta Antiguan zehar ibiliko dira; Errotatxon bukatuko dute.
Inude eta Artzainak, Antiguotarrak dantza taldeari esker, otsailaren 25ean aterako dira. Antiguako merkatu zaharrean izango dute irteera, eta Arantzazuko Ama auzunean bukatu.
AÑORGA
Santa eskean ibiliko dira, 15:00etatik 18:00etara, larunbatean. Ikastolatik irtengo dira, eta auzoa eta inguruko baserriak bisitatuko dituzte.
EGIA
Plaza Haundin hasi eta bukatuko dute ibilbidea kaldereroek, larunbatean, 17:30etik 20:30era. Gogoan izango dute Joxepo Kortadi. Urteak zeramatzan kaldereroen antolakuntzan, eta erregina ere izan zen. Haren omenez, bere etxe azpian geldialdia egingo dute.
GROS
Saguesetik aterako dira kaldereroak, larunbatean, 18:00etan. Artetxe jeneralaren kalean bukatuko dute, 21:00etan, eta Santa Agedako abestiak ere abestuko dituzte. Erritmoa jarriko duena Jaione Benavente izango da, Josu Aizpururen erreleboa hartuz. Iazko otsailean hildako Aizpuru oroituko dute. Artaiñu Konpartsaren eskutik, Inude eta Artzainen txanda izango da, igandean, 11:15etik 14:30era. Txofre plazan hasiko dute ibilbidea, eta Artetxe Jeneralean bukatuko dute.
HERRERA
Larunbatean, eguerdi aldera, 12:00etan, santa eskean irtengo dira, makilak eskuan hartuta; eta, 18:00etan, berriz, kaldereroen txanda izango da. Herrerako plazatik irtengo dira denak. Herrera Kirol Elkarteak du kaldereroen ardura, eta, 50 lagunetik gora elkartzea espero dute.
INTXAURRONDO
Zulo Zahar elkartetik aterako dira santa eskean Intxaurrondoko bizilagunak, bihar, larunbata, 19:00etan.
LOIOLA
Santa Ageda ospatuko dute, larunbat honetan, jai batzordearen eta Sustrai aisialdi taldearen eskutik. Loiolako Elizako atarian txokolate jana egingo dute lehenengo, 17:30ean, eta, ondoren, 18:00etan, kantatuko dute.
Otsailaren 11n hartuko dituzte zartaginak. Lehenik, 18:00etan, txokolate jatea egingo dute Loiolatarra elkartean, eta, 18:30ean, auzoa alaintzeari ekingo diote, pare bat orduz.
LOIOLAKO ERRIBERA
Goiztiar egingo dute Santa Ageda bezperako ohitura Loiolako Erriberan. Izan ere, gaur bertan, ostirala, aterako dira kantatzera, 19:00etan, Santiago plazatik
MARTUTENE
Martutenen, gaur, ostirala, irtengo dira kaldereroak, bigarren urtez jarraian. Haurtxokoak eta Gaztelekuak bultzatu dute kaldereroen jaia auzoan, Sorgintzulo, El Pilar eta Txapel Haundi elkarteekin elkarlanean. Ikastolaren jolastokian hasiko da burrunba, 18:00etan.
PARTE ZAHARRA
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala larunbatean irtengo da, 21:45ean, Fermin Kalbeton kaletik. Kresala elkartea da antolatzailea, eta Jose Mari Agirretxe Porrotx izango da erregina. Hungariako Kaldereroen lehen konpartsako kideak, berriz, 22:00etan abiatuko dira, Santa Maria elizatik. Santa eskean ere irtengo dira, larunbatean, 11:00etan, Arrano Beltza Euskaltokiaren eskutik. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak izango dituzte lagun.
Inude eta Artzainen Konpartsa, Kresala Elkarteak antolatzen du urtero. Igandean aterako dira, 12:00etan, Euskal Herria kaletik.