Ohitura zaharra berritzeko asmoz
Igandean du bere eguna Santa Agedak; larunbatean, ordea, bezpera, eta usadioari jarraituz, hamaika lagun irtengo dira hiriko auzotan kopla zaharrak kantatzera. Beste behin, neguko kale hotzak gozatuko dituzte abestien doinuekin.
Arbasoekin sinatutako ituna berresteko eguna iritsi da, urtero legez. Hala, bihar, otsailak 4, hamaika bizilagun irtengo dira Donostiako hainbat auzotan, aterik ate, ohitura zaharra berritzeko asmoz. Aurten, ordea, Kaldederoen zartaginak izango dituzte bidaide, baina eztarriz sano dabiltzanez, gogoz abestuko dute, Donostiako karrikak kantuz pozteko helburuarekin.
Belaunladi batetik bestera pasatu da ospakizunaren makila. Egun, Euskal Herrian ongi errotua dagoen tradizioa da, baina ezezaguna da ohituraren jatorria. Ekitaldiaren itzala da humiltasuna. Halaxe islatzen dute Santa Agedaren omenez abesten diren bertsoek: ez gaude oso aberats diruz; ezta ere oinetakoz. Koplak eta makilak dira usadioren ikur, besterik ez.
Zenbait adituk neguaren bihotzean kokatzen dituzte ospakizunaren sustraiak, antza, erritual paganetan izan dezake jatorria. Makilarekin kolpeak emanez, Lurra esnatzea zuten helburu, neguko solstizioaren ondoren.
Garai batean indar handia zuen ohiturak, batez ere landa eremuan. Mutil gazteak edo soldaduska egin behar zuten kintoak ateratzen ziren oles egitera, baserriz baserri. Antxon Agirre Sorondo etnografoak Negua ospatuz (Euskomedia) liburuan bildu zuenez, neguan ohikoa izaten ziren esken ibiltzea, izan ere, tenore hartan, udazkeneko uztan bildutako frutituak eta baserrian hil berria zen txerria gordetzen zuten ganbaran edo kutxatan. Horregatik, une egokia zen zenbait elikagai biltzeko: gaztainak, sagarrak edo txerrikia.
Santa Ageda oso maitatua da Euskal Herrian. Halere, nahiko bitxia da maitasun hori, ez baita, oraindik, santaren eta euskaldunen herriaren arteko loturaren arrazoi zehatza ezagutu. Agata, izatez, Siziliakoa zen. 230. urtean jaio zen. Kondairak dionez, oso fededuna zen, eta maite ez zuen gizon batekin ezkondu baino, nahiago zuen martiri hil. Mendekuaren gosez, berarekin maiteminduta zegoen gizonak titiak moztu eta torturapean hil zuen.
Emakumeentzako ikur bilakatu zuten santua. Adituen arabera, landa eremuan haurrak mundura ekarri berri zuten emakumeen zaindaria zen, edo bularreko esnea galdu zuten amek babesa eskatzen zioten. Beste zenbait kasutan berriz, migrainak eta buruko minak sendatzeko otoi egiten zioten santari.
Urteek aurrera egin dute, eta ospakizunean ere emakumeek eta haurrek parte hartzen dute. Garrantzitsua da ohitura zaharra txikienen artean sustatzea, urtero berritu dadin, hots, etorkizunean usadioaren makila jaso eta kaleak kantuz pozten jarrai dezaten.