PIZTU! programa, gizarte aktiboagoa lortzeko
Donostia Kirolak eta Osakidetzak martxan jarriko dute Intxaurrondon
PIZTU! programa jarriko dute martxan Donostia Kirolak eta Osakidetzako Donostialdeko ESI-k. Pertsona ez aktiboei zuzenduriko jarduera fisikoko preskripzioa, orientazioa eta aholkularitza zerbitzua da. Pertsona sedentarioengan kirol ohiturak sortzea du helburu, osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko.
Intxaurrondoko udal kiroldegian garatuko dute esperimentu bezala, eta doanekoa izango da. Horrela, Intxaurrondoko Osasun Zentroko medikuek emandako jarduera fisikoa egiteko preskripzioa jasotzen duten pertsonak monitore aditu batek orientatuko ditu. Monitoreak lau asterako plan bat egingo die, bere nahiak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Lau asteak pasata, zalantzak argitu eta hamabi hilabeterako plana ezarriko die.
Patologia jakin batzuk dituzten pertsonei ikastaro bereziak ere eskainiko dizkie programak. Lehenengoa otsailaren 6an jarriko dute martxan, kirol aholkularitza zerbitzuarekin batera.