Uliako ur biltegiak. (Argazkia: Hitza)
Uliako auzo elkarteko kideak haserre eta kezkatuta daude. Joan den urtarrilaren 29an
Uliako ur biltegiak ikusteko bisita gidatua bertan behera utzi behar izan zuten. Bezperan udal teknikari baten mezua jaso zuten, bisita egiteko baimenik ez zutela ohartaraziz. Segurtasun neurriak bermatzeko neurri gehiago eskatzen zizkieten: «autobabes plana egiteko eskatu digute».
Orain arte udalak eskatu dizkien segurtasun neurri guztiak bete dituztela adierazi du auzo elkarteak, eta jokoz kanpo harrapatu ditu udalaren erabakiak. Bilera egin dute elkartean, eta udaleko ordezkariekin biltzeko asmoa dute, arazo honi lehenbailehen konponbide bat aurkitzeko.
Otsaileko azken igandean aurreikusita dituzten bisita gidatuekin aurrera egin nahi du elkarteak. Ur biltegiak ezagutzeko bisitek harrera bikaina izan ohi dute, eta joan den astean jende asko geratu zen bisita egiteko aukera gabe. Uliako auzo elkarteak bezperan izan zuen bisita egiteko debekuaren berri, eta ezin izan zuen alternatibarik bilatu.
Auzo elkarteko kideak lau urte daramate bisitak antolatzen udalaren baimenarekin: «Lau urtean ez da ezer gertatu. 2014an egin genuen autobabes plan bat. Gauza larriena eskaileretan pertsona bat erortzea litzateke. Baina talde txikietan jaisten gara, poliki eta argiarekin».