Aterkiak eta beroki lodiak bihurtu dira egunotan donostiarren lagunik onenak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Segurtasun arloko udal langileek lan handia izan dute asteburuan, denboralea dela-eta. Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziaren arabera, guztira, ehun gertakari baino gehiagotan parte hartu dute langileek, baina, zorionez, ez da zauriturik egon. “Zuhaitz handiak erori dira oinezkoen bideen gainera, aldamio ugari eutsi behar izan ditugu, teilatu askok kalteak izan dituzte…”. Kaltetutako teilatu horien artean, Martuteneko etxebizitza batean bereziki kalteak jaso dituen eraikin bat dago, baina dagoeneko konpondu dute. Haize boladak nabarmendu ditu Ibabek, eta espero du datozen egunetan dena kontrolpean izatea udaltzain eta suhiltzaileek.
Ezustekoen artean, Kaian etxebizitza bat hustu behar izan zuten asteburuan, Urgullerako igoeran; eraikin baten fatxada egoera larrian zegoela-eta. “Madrildik eta Asturiasetik garabi bana ekarri behar izan ditugu arazoa konpontzeko, lanak oso bereizituak direlako. Espero dugu ahalik eta azkarren fatxadari beharrezko segurtasuna itzultzea, zortzi familiak ahalik eta azkarren itzul daitezen euren etxebizitzetara”. Horrela, hiruzpalau egunetan dena konpontzea espero dute.