Mikel Santamaria, Udaltzaingoaren zuzendaria; eta, Eneko Goia, Donostiako alkatea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gaur duela 168 urte zabaldu zuten Donostiako Udaltzaingoaren lehen araudia. Efemeridearekin bat eginez, Donostiako Udalak erabakia hartu du otsailaren 6an urtero Udaltzaingoaren Eguna ospatzeko. Udalaren Morlansko egoitzan elkartu dira, gaur eguerdian, udaleko eta Udaltzaingoko arduradunak, eta plaka bat jarri dute, egoitzaren barnean, hiriko lehen hiru udaltzainen omenez: Ramon Agirrebarrena, Manuel Goikoetxea eta Agustin Iriarte. “Donostiarren beharrei erantzutea izan dute beti helburu udaltzainek, eta omenaldi xume bat egin nahi diegu, urtero egun hau oroituz”, aipatu du ekitaldian Eneko Goia alkateak.
1849ko Donostiak 7.000 biztanle zituen, Lorenzo Alzate zen orduko alkatea, eta aipatu bezala, hiru ziren orduko udaltzainak. Gaur egun, berriz, 186.000 biztanle ditu hiriak, eta 345 udaltzain arduratzen dira herritarren segurtasunaz.
Morlans gune nagusia izatea nahi dute
Datorren urteko udarako helburua argi dute: udaltzain taldearen muina Morlansko egoitzan egotea, hori izatea egoitza nagusia. “Gaur egun, Easoko gunean badaude udaltzaingoaren zenbait departamendu, eta Morlansera igaro nahi ditugu. Hala ere, eztabaidan ari gara ea Altzan eta Erdialdean ere beste egoitza batzuk mantentzea komeni zaigun, herritarren erosotasunerako”, aipatu du Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak.